Egunero euskaraz bustitzeko aldarrikapena
Euskararen Eguna da gaur, eta Busturialdeko udalerrietan hamaika ekitaldi egiten ari dira. Han eta hemen, ondo pasatzeko eta aldarrikatzeko aukerarik ez dute galdu herritarrek.
Busti hasi da eguna, eta egunero euskaraz bustitzeko deia egin dute Euskararen Egunean. Goizean goizetik hamaika ekitaldi egin dituzte Busturialdean, eta urteko 365 egunetan euskaraz bizitzeko aldarrikapena zabaldu dute hamaika txokotan.
Euriak ez ditu ekiteko gogoak zapuztu, eta, aurreikusitako egitarauak moldatuta, aterpean egin dituzte ekitaldiak. Frontoia, elizpea, arkupeak… herritarrak ondo babestu dira, eta euskara ere babestu, zaindu, maitatu, eta, batez ere, erabili egin behar dela argi utzi dute.
Goizean nahiz eguerdian, batik bat ume eta familientzako jarduerak egin dituzte. Esate baterako, Gautegiz Arteagan askotariko jolasetan murgildu dira frontoian; aurpegiak margotu eta herri kiroletan trebatzeko aukera ere eduki dute. Bermeon Goiko Plazako elizpean elkartu dira, eta, bertara, kalejiran heldu dira Erraldoi Txikiak. Margotzen eta txapak egiten aritu dira umeak, eta 13:30ak aldera hasi dute bertso saioa Iker Uriarte bermeotarrak eta Ibai Amillategi gernikarrak; bertsotan zabaldu dituzte aldarrikapenak.
Egun osoko egitarauak. Euskararen Eguneko ekitaldiak iluntzera arte luzatuko dira eskualdeko herrietan. Bermeon, Busturian, Gautegiz Arteagan, Gernika-Lumon, Mundakan eta Nabarnizen askotariko egitarauak prestatu dituzte (ikusi egitarauak).
Ospatzeko zein aldarrikatzeko ez ezik, gogoetarako edo hausnarketarako eguna ere bada gaurkoa, eta, adibidez, Uemak (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) euskararen egoerari buruz egin duen azken azterketaren datuak herriko plazako hainbat lekutan eta frontoian ipini dituzte Gautegiz Arteagan. Datu horien arabera, biztanleriaren %81,1 euskalduna bada ere, euskararen erabilera %47,5 da Gautegiz Arteagan.
Hori dela eta, udalerriko gazteek arnasguneak sortzea eta erreferente izatea dagokiela diote. “Gautegiz Arteagako gazteok badaramatzagu zenbait hilabete asanblada gisa antolatzen, herriari bizia bueltatzeko ekintzak pentsatzen. Abenduaren 3a abiapuntutzat hartuta, herriko hainbat talde deitu genituen eta elkartu egin gara Euskararen Eguna batera antolatzeko”, azaldu dute. Eta, elkarlanean prestatutako egitarauaren asmoa “euskal kultura indartzea” eta datozen belaunaldiei “hizkuntza ohiturak transmititzea” dela azpimarratu dute.
Gaztealdia. Bestalde, Gazte Euskaltzaleen Sarearen eta Gaztealdiaren berri zabaldu dute Bermeoko Kabidxen. Sare horretako kide den Beñat Bilbao Landa gernikarrak hitzaldia eman du bertan. Euskaraldiaren aurretik sareak egin duen “apustua” izan da Gaztealdia.
Orain dela bi urte egin zuten lehenengo Gaztealdia. Euskaraldira batu arren, “bere mugak azaleratzeko”. Izan ere, muga nabarmenak ikusten dituzte: “Ezin zaio jendeari eskatu egoera diglosiko batean, zapalkuntza egoera batean, hormaren kontra jotzen egongo den egoera batean egon dadila denbora guztian. Momentu honetan Euskal Herria ezin da euskaraz bizi, eta egoera hori aldatu ezean, norbanako modura jendearen aktibazio hutsa ez da nahikoa”. Zerbait gehiago behar dela diote, “babes bat, eremu batzuen euskalduntzea eta jendearen aktibazioa” behar direla, alegia.
Aurtengo Gaztealdian guztiz euskaldunduta ez dauden hiru eremu nagusi izan dira jopuntuak: hezkuntza, legedia edo justizia eta komunikabideak. “Euskarari oztopoak ipintzen dizkioten hiru eremu dira”.
Hezkuntzari dagokionez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan “D eredua da nagusi”, eta euskaraz ikasi daiteke batxillergora arte: “Baina zalantza da zenbaterarte euskalduntzen duen D ereduak, eta Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa hegoaldean hezkuntzak ez du ezta euskalduntzen ere”. Hezkuntzan gainditu beharreko hainbat muga ikusten dituzte.
“Legediari dagokionez, EAEn euskara ofiziala da, baina berba egin genezake administrazioan zenbaiterainoko ofiziala den, eta Euskal Herriko beste puntu batzuetan ez da ofiziala, ingelesa baino beherago, eta, adibidez, portugesaren pare dago, inongo errekonozimendu legalik barik. Gainera, azkenaldian, nahikoa ohikoak izan dira euskaren kontrako zuzeneko erasoak; ezagunak izan dira zenbait epaileren joera batzuk”, azaldu du Bilbaok.
Komunikabideekaz eta aisialdiagaz lotutakoa izan da aztergai izan duten beste eremua; euskarazko produktu eta zerbitzuetan inbertsio falta nabaria antzeman dute: “Instituzioek zein diru partida bideratzen dute euskarara eta zein erdarara? ETB 1en eta 2ren arteko konparaketa egin genezake, edo El Correo eta HITZAri edo Berriari zenbat diru ematen dieten euskara bultzatzeko aitzakian, bakoitzak euskarari egiten dion ekarpena kontutan edukita, edo bikoizketara zenbat diru bideratzen den gaur egun eta orain dela 20 urte”. Gauza batzuetan “atzera egin” dela salatu dute.
“Aipatutako hori guzti hori salatzeko, eta horren aurrean gazte-aktibazioa eta gogo bat azaleratzeko Gaztealdia eroan dugu aurrera. Salatzearen helburuaz gain, Euskal Herriko euskara talde askoren artean harremanak egitea ere izan da helburua”, zehaztu du Gazte Euskaltzaleen Sareko kideak. Horretarako, aurkezpenak egin dituzte hainbat herritan eta unibertsitatetan.