Euskararen erabilera atzeraka ari da herri euskaldunetan
Ezagutza tasan igoera nabarmena eduki duen herri bakarra Gernika-Lumo izan da, tasa baxuenetatakoa zuen herrietako bat. Euskara «bidegurutze» batean dagoela ondorioztatu dute. Hemen herriz herriko datuak!
Uemak euskararen egoera aztertu du, eta tokian tokiko datuak eman ditu ezagutzera: euskararen ezagutza, lehen hizkuntza eta etxeko erabilerari buruzko datuak bildu dituzte. Datuak eskuan edukita, Busturialdean beheranzko joera nabaritu dute.
Eskualdean Bizkai, Araba eta Gipuzkoako joera berak eman dira, hau da, herri euskaldunetan ematen da jaitsiera nabarmenena, eta ez hain euskaldunetan, berriz, datuak hobeak dira. Azken 30 urteetan %18 jaitsi da euskara lehen hizkuntza duten norbanakoen kopurua. Etxeko erabilerari dagokionez, %18 jaitsi da hiru lurraldeetan eta %17 eskualdean. 1990ko hamarkadan hamar herri ziren ezagutzan %90 gainditzen zituzten herriak, eta gaur egun bakarra dago: Ajangiz.
Hain zuzen ere, ezagutza tasan igoera nabarmena izan duen herri bakarra Gernika-Lumo izan da, tasa baxuenetatakoa zuen herrietako bat: %70tik behera zuen, Sukarrietagaz batera. %3 igo da, eta Uemako datu orokorrekin bat egin du zuzenean. Bestetik, Mundakaren egoera dago: %19,3 jaitsi da ezagutza tasa bertan.
Hala ere, Uematik adierazi dute ezagutza tasa datu garrantzitsua dela, baina lehen hizkuntza eta etxean hitz egiten dena dela «erabakigarria». Eragin zuzena dute kaleko erabileran, eta Busturialdean galera esanguratsuak gertatu dira. Errigoitin, esaterako, %30 jaitsi dira lehen hizkuntza euskara dutenak eta %35 etxeko erabileran, 1990eko hamarkadagaz alderatuta.
Euskara bidegurutze batean dago, faktore askok eragiten dute, eta neurriak hartu behar dira. Udalerri euskaldunen zaintza ikuspegia landu eta hizkuntza politika bereziak hartu behar dela dio Uemak. Alde horretatik, mugimendu demografikoei aurre egin behar zaie. Maila askotan eragin beharra dago, hezkuntza proiektuan, transmisioan edota kultur eskaintzan.