Nik Gernikan Sariak banatu dituzte
Irazabal Ferreteria, Gorostiza arraindegia, La Elorriana mertzeria eta Zeppelin taberna dira aurtengo sarituak. Hirugarrenez banatu dituzte Nik Gernikan Sariak, eta, aurten aurkeztu diren enpresen “kalitatea” nabarmendu dute epaimahaikideek
Hobekuntzan etengabeko ahalegina egitea aitortzen duten Nik Gernika Sariak banatu zituzten atzo iluntzean (azaroak 24), Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian. Irazabal Ferreteria, Gorostiza Arraindegia, La Elorriana mertzeria eta Zeppelin taberna dira aurtengo sarituak.
Aldaketetara moldatzen jakin dute, baina euren estiloa eta esentzia mantenduz, esentzi horiek egiten dituztelako berezi. “Hori da, hain zuzen ere, Gernika gure Gernika bihurtzen dutena, euren esentzi horrek”. Hirugarrenez banatu dituzte, eta, aurten aurkeztu diren enpresen “kalitatea” nabarmendu dute epaimahaikideek: “Euren onena eta negozioaren beraren onena eskaintzen jarraitzen duten pertsonak direlako; gure mahaira edo etxera mundua hurbiltzen diguten lokalak dira, eta zapore eta esperientzia berriak eskaintzen dizkigutenak”.
Hauek izan dira epaimahaikideak: Iñigo Magunagoikoetxea Gernika-Lumoko Toki Garapeneko, Merkataritzako eta Turismoko zinegotzia, Nicolas Garcia Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuko zuzendaria, Nerea Mintegi Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintzako zuzendaria eta Gaizka Muniategik Gernika-Lumoko Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu Enpresen Elkarteko lehendakaria.
Denda berritzaileen saria jaso du Irazabal Ferreteriak. Familia-enpresa da, “herriko merkataritzan erreferente izan dena, eta oraindik ere badena”. Berrikuntza-komertzialaren adibidea da; izan ere, urteetan zehar berregokitzen eta berrasmatzen jakin izan dute. Burdindegi tradizionala edukita, XXI. mendeko bezeroei egokitzearen eta belaunaldi arteko erreleboaren erronkei heldu diete: “Egokitzeko lan horretan izugarrizko maisutasuna erakutsi du”. Negozioaren arduradunek herriari eskerrak eman zizkieten, baita euren aurretik egon zirenei ere: “Euren indarragaz, egoskorkeriagaz, ahaleginagaz eta esfortzuagaz egin zuten lana, eta guk aurrera jarraitu besterik ez dugu egin”.
Auzoko merkataritzaren saria Iñaki Gorostiza Arraindegiarentzat izan da aurten. “1974an bueltatu zen Miamitik Gorostiza puntista, eta arraindegia zabaldu zuen Maria emazteagaz batera. Lanez, ahaleginez eta ilusioz beteriko urteak izan ziren, eta Iñakiri esker, hegaluzeak ospea hartu zuen Gernika-Lumon. Gaur egun, Aintzane alaba da arduraduna, goizero Bermeoko lonjan erositako arrainak ekartzen dituzte, eta erreferentea da euren auzoan, saltoki modura zein herriko jaietan eta ekitaldietan, babesle izaten direlako”, azaldu zuten atzo. Aintzane Gorostizak gurasoentzat esker oneko berbak izan zituen, eta gauzak ondo egiteko ahalegina egiten dutela esan zuen: “Eta sari honegaz, agian, ilusio gehiagogaz egingo ditugu gauzak”. Batez ere aitagaz gogoratu zen: “Orain dela gutxi joan zaigu, eta saria beretzat da”.
Ostalaritzako saria, ostera, Zeppelin tabernarentzat izan da. 1988ko apirilaren 26ko iluntzetik dago zabalik, “bonbardaketari egindako omenaldi modura”. Ordutik, taberna “desberdin bat” izatea erabaki zuten: “Ez kopak hartzekoa edo jatekoa, kuadrillagaz egotekoa baino, musika ona entzuteko, eta momentuaz gozatzeko leku bat. Bere estilo pertsonala eta giroa dira berezi egiten dutenak, eta hori, jabeari, Asierri esker da”. Tabernako jabeak adierazi zuen saria jasotzea pozgarria dela, eta euren asmoa “herrian giroa” egitea izan dela eta izaten segituko duela. Saria jasotzean bere anaiagaz akordatu zen: “Saria anaia defuntuari eman nahi diot, zabaldu genuenetik bere proiektua zelako, eta, duda barik, beretzat hau da omenaldirik onena“.
La Elorrianari, berriz, ibilbide komertzialaren saria eman diote. “XX. mende hasieran Elorrioko Modesta Larrea Ameriketatik etorritako markiñar batekin ezkondu zen, eta erabaki zuten Gernikara bizitzen etortzea. Urte gutxira, Modesta alargun geratu zen, bi seme-alabagaz, eta 1916an denda bat zabaldu zuen: La Elorriana”. Garai hartan, Saraspe auzoan zegoen establezimendua, eta 09:00etatik 20:00etara lan egiten zuen bertan. Mota guztietako salgaiak eskaintzen zituen: elikagaiak, fabriketan lan egiteko arropak, abarketak, betaurrekoak… Bonbardaketaren ostean inguruko herri batera alde egin behar izan zuen familiak, eta ondasun bakarragaz joan ziren: josteko Alfa makina. Hori zaharberritu egin zuten, eta gaur egungo dendan daukate. Hain zuzen, Modestaren alabak, Maria Felisa Barinagak zabaldu zuen egungo La Elorriana, Artekaleko denda. “Garai berrietara egokitzen jakin du; gizonezkoen arropa, andra zein gizonezkoen barruko arropak, larrugintza eta mertzeria saltzen ditu, besteak beste”.
Felisa Barinagaren Alberto Arejita seme da egungo jabea, 1983an hasi zen amagaz lanean. “Gaur egun egoera ez da ona komertzio txikientzat, baina sari honek ilusioa eman dit. Amonaren ostean, osaba Josek eta nire guraso Marik eta Juanitok jarraitu zuten denda aurrera eroaten. Hirugarren belaunaldia naiz; bizitzak buelta asko ematen ditu, eta ez dakit laugarren belaunaldirik egon ahal izango den”. Arejitak esan zuen bere helburua egunero atetik sartzen diren guztiekin “hurbiltasuna izatea, eta irtetzean poztasunez joatea” dela esan zuen.
Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak gogoratu zuenez, sari horiek “denda bakoitzaren historia jakiteko” balio dute: “Gernikak denda onak ditu, denetarako, eta herriari bizia ematen diete. Pertsianak zabalik egotea bizia da. Gernikarrei eta inguruko herritarrei Gernikara etortzeko esan gura diet, dendek pertsianak zabalik edukitzea gura dut-eta”.