Kaleak hartzeko deialdi orokorra
Emakumeek beren egunerokotasunean jasan behar izaten dituzten patriarkatuaren era askotako biolentziak salatuko dituzte Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean. Erakundeek antolatutako aldarrikapenei herriz herri egingo diren ekimenak batuko zaizkie, hala nola, elkarretaratzeak, manifestazioak, irakurketak edota denetariko kultur jarduerak.
Azaroaren 25a aldarrikapen egun bihurtzen da nonahi: emakumeek beren egunerokotasunean jasaten dituzten eraso matxistak nahiz patriarkalak salatzeko eguna. Euskal Herriko Bilgune Feministatik, emakumeenganako bortxa sistematikoak eta behin eta berriro errepikatzen diren “jarrera guztiz erreakzionarioak” salatu dituzte. “Nazkatuta gaudela salatzera gatoz” aldarria plazaratu dute. Heteropatriarkatuaren nolakotasun berriak agertu arren, emakumeek jasaten duten indarkeriak “bere horretan jarraitzen duela” adierazi du Bilgune Feministak, eta biolentzia horren atzean ezkutatzen den “egiturazko sistema” azaleratu gura dute. Sistema horren erakusle modura seinalatu dituzte aurtengo udan jai giroan agertu diren ziztadak.
“Emakumeenganako kontrol mekanismoetako bat” baino ez direla salatu dute, eta beste hainbat eta hainbat zerrendatu dituzte, hala nola, kontrol poliziala, sexuaren araberako lan banaketa, sektore feminizatuen muturreko prekaritatea, oihartzun mediatikorik eza, beldurraren erabilera edota diskurtso morbosoen kapitalizazioa. Horren aurrean, aldarrikatu dute autodefentsa feminista dela “lanerako, erantzuteko, pedagogiarako eta bizitzen defentsa eraikitzeko” lanabes bakarra. Horregaz, feminismoaren botere politizatzailea eta sistema iraultzeko duen ahalmena nabarmendu dituzte, “elkarregaz kaleak hartzeko prest” daudela adieraziz.
Emakundek, bere aldetik, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunerako kanpaina kaleratu du, Zer ez duzu ulertu nahi? Soilik bai da baietz lelopean, eta bideo bi argitaratu dituzte sare sozialetan. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta EUDELek elkarlanean koordinatu dute kanpaina hori. Egitasmo bateratua gizonezkoei zuzenduta dago, eta gogorarazten die “ezetz esateko modu asko daudela, baina bat bakarra ulertzeko”. Kanpaina horretan, gizonak dira, emakumeekin batera, beste gizon batzuei galdera hau egiten dietenak: “Zer ez duzu ulertu nahi? Soilik bai da baietz”.
Tokian tokiko egitarauak.
Erakundeek egindako deialdiekin eta antolatutako ekimenekin bat egin dute Euskal Herri osoko hainbat eta hainbat udalerritako udalek, taldeek nahiz eragileek. Oihartzun orokor horrek isla du Lea-Artibain, Mutrikun zein Busturialdean. Markina-Xemeinen, esate baterako, lehendabizikoz egingo dute emakumeen lasterketa. Ibilbide laburra eta luzea egongo dira.
Muxikan, aldiz, Tabuen kutxatik oholtzara bertso musikatu solidarioa egingo dute, domekan. Sarrerekin bildutako dirua Iñurri elkartearentzat izango da. Ikuspegi feminista eta eraldatzailetik minbiziari buruzko dibulgazioa eta formazioa eskaintzen du elkarte horrek. Bertso musikatu saioan minbiziaz berba egingo dute, “ileordeez eta heriotzaz”. Tabuen kutxan dauden gai horiek azaleratu nahi dituzte, guztiak “normalizatu eta barne korapiloak askatu”. Gernika-Lumoko Astra kultur faktorian Memoria Eraikiz antzerki bizipena egingo dute, bihar; hiru emanaldi egongo dira, gainera. Indarkeria matxistadun egoeretatik bizirik ateratako 28 emakumeren bizitza istorioak bistaratuko dituzte ekimen horretan.
EGITARAUA:
Arratzu
Gaur.
– 19:00: Ludoletako umeen eskutik, ipuin eta eskulanak, Ludotekan.
– 19:30: Emakumezkoen pilota partiduak frontoian: Capellan-Aldai vs Arrizabalaga-Mendizabal.
Bermeo
Gaur.
– 12:30: Ikasleen eta Erroxape Emakumeen Elkarteko kideen elkarretaratzea, Taraskan.
– 17:30: Emakumeak=kontatzen ipuin saioa, Udal Liburutegian.
– 18:30: Itaiaren elkarretaratzea, Lamerako Kioskoan.
– 19:00: Elkarretaratzea, Taraskan.
– 20:00: Manifestazioa, Taraskatik Zubi Ganeko zubi azpiraino.
Busturia
Gaur.
– 19:00: Anarkia relacional antzerkia, Kultur Etxean.
Ea
Gaur.
– 19:00: Elkarretaratzea, herriko plazan.
Bihar, zapatua.
– 19:00: Me too antzezlana Eskolondon.
Gernika-Lumo
Gaur.
– 19:00: Gernika-Lumoko Sare Feminisak eta Busturialdeko Neska Gaztiek taldeak deitutako mobilizazioa, Merkuriotik hasita.
– 20:00: Itaiak deitutako mobilizazioa, Merkuriotik.
Bihar, zapatua.
-18:30-19:15/ 19:45-20:30 / 21:00-21:45: Memoria eraikiz antzezlana, Astran, Hortzmuga antzerki konpainiaren eskutik. Euskaraz edo gaztelaniaz izango dira. Izena ematea beharrezkoa da: berdintasuna@gernika-lumo.eus edo 647 83 40 20.
Azaroak 29, martitzena.
– 11:30: Gernika-Lumoko Beldur Barik lehiaketaren sari banaketa, Lizeo Antzokian, Pantxika Lamurren eskutik.
Abenduak 1, eguena.
– 19:00: Rosa Vendrell Mireten eskutik, ikuskizun musikala eta memoria historikoa, kultur etxeko lehen solairuan:
Memorias liquidas. Voces de las lavanderas.
Mundaka
Gaur.
-17:00: Emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako Mundak-Art murala egingo da.
-19:00: Elkarretaratzea, herriko plazan.
Muxika
Gaur.
– Egun osoan: Zubieta Errotan kartel erraldoia egingo dute Urretxindorra eskolako ume eta udalerriko emakumeen ekarpenekin.
Etzi, azaroak 27.
– 18:30: Tabuen kutxatik oholtzara bertso saio musikatu eta solidarioa. Bertsolariak: Onintza Enbeita, Miren Amuriza, Ane Labaka eta Oihana Bartra. Gai jartzailea: Amaia Agirre. Musikariak: Oihana Rodrigez eta Ixak Arruti. Sarreren irabaziak: Iñurri elkartearentzat.