Irati Jimenezek Euskadi Literatura Saria jaso du
Euskadi Literatura Sariak banatzen hasi zirenetik, aurten, lehenengoz, emakumezkoak dira zazpi sarituak. Jimenezen 'Begiak zabalduko zaizkizue' lanak saiakerako Euskadi Literatura Saria jaso behar duela erabaki duen epaimahaiak azpimarratu dutenez, liburuak "hipotesi ausartak" proposatzen ditu, eta "testuak badu probokaziotik ere, eta nahi duenean badaki politikoki zuzena ez izaten". Liburuaren tonuak literaturarekiko "pasioa, maitasuna eta grina transmititzen" dituela diote, eta estilo aldetik "landua eta pertsonala" dela.
Irati Jimenez idazle bermeotarrak Begiak zabalduko zaizkizue lanak jaso du saiakerako Euskadi Literatura Saria. Hain zuzen, sari horiek banatzen hasi zirenetik, aurten, lehenengoz, emakumezkoak dira zazpi sarituak, eta Gaztelaniazko Saiakerako saria emakumezko batek jaso duen lehenengo aldia da.
Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada (Euskarazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu).
-
Honako hauek dira 2022ko Euskadi Literatura Saria jaso duten lanak:
- Euskarazko Literatura: Uxue Apaolaza Larrea, Bihurguneko nasa (Susa).
- Gaztelaniazko Literatura: Edurne Portela Camino, Los ojos cerrados (Galaxia Gutenberg)
- Euskarazko Haur eta Gazte Literatura: Leire Bilbao Barruetabeña, Barruko hotsak (Pamiela).
- Euskarazko Literatura Itzulpena: Koro Navarro Etxeberria, Fiesta Eguzkia jaikitzen da (Ernest Hemingway) (Erein&Igela)
- Literatur Lanaren Ilustrazioa: Maite Mutuberria Larrayoz, Irrimola (Ikaselkar).
- Saiakera Euskaraz: Irati Jimenez Uriarte, Begiak zabalduko zaizkizue (Elkar)
- Saiakera Gaztelaniaz: Teresa Maldonado Barahona, Hablemos claro (Catarata)
Jimenezen Begiak zabalduko zaizkizue lanak Euskadi Literatura Saria jaso behar duela erabaki duen epaimahaia Alexander Gurrutxagak, Ane Miren Larrinagak, Aitor Zuberogoitiak, Katixa Agirrek eta Xabier Aierdik osatu dute. Beraien erabakian azpimarratu dutenez, liburuak “hipotesi ausartak” proposatzen ditu, eta “testuak badu probokaziotik ere, eta nahi duenean badaki politikoki zuzena ez izaten”. Euren ustez, aipagarria da irakurleari “etengabe interpelatzeko” egiten duen ariketa, gogoeta sorraraziz. Liburuaren tonuak literaturarekiko “pasioa, maitasuna eta grina transmititzen” dituela iritzi diote, eta estilo aldetik “landua eta pertsonala” dela.
Liburuak euskal literatura sistema eta euskal literatura kanona aztertzen ditu, besteak beste. Horretarako, esperientzia propioa, irakurketa ugari eta pentsamendu kritikoa hartzen ditu oinarritzat. Gainera, erreferentzia literario asko eskaintzen dizkio irakurleari.
Donostiako Tabakalera kultura garaikidearen nazioarteko zentroan egin zutenn 2022ko Euskadi Literatura Sariak emateko ekitaldia, atzo arratsaldean, eta aurtengo saridunak zazpi emakume sortzaile izatea poztekoa dela esan zuen Iñigo Urkullu Lehendakariak: “Poztekoa da, baina ez da harritzekoa. Harritzekoa kontrako egoera zen, oraintsu artekoa, aldatzen jarraitu behar duguna. Emakumeok erakusten diguzue bizi izan dugun normaltasuna ez zela normala, ez zela zuzena. Zuen begiraden, esperientzien premian gaude. Aberasten gaituzte”.
Urkulluk sarituei esan zien Euskadi Literatura Sariak euen lana “bultzatzen laguntzeko” asmoa daukatela, lanen zabalkundea, sustapena eta itzulpena erraztuz, “Gizarteak edizio honetan saritutako zazpi idazle, itzultzaile, ilustratzaile eta saiogileen lanak ezagutu eta aintzat har ditzan. Herri batek, herri izan nahi badu, sortzaileen lana zein garrantzitsua den antzeman eta aitortu behar du, baita kultura erabakigarria dela ere, norberaren bizitzan, eta herri-bizitzan ere bai, eta herri batek, herri izan nahi badu, literatura behar du. Literaturaren bidez, mundua bizi dugun moduari forma ematen diozue, bizitza bizitzeko moduak asmatzen eta kontatzen dituzue”.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak azpimarratu zue kultura, kultur edukien ekoizpena eta horien kontsumoa “gure gizartearen ongizatearen funtsezko hanka” direla: “Kultur ongizate horretan, gure ustez, beren ekarpenaren, orainaldiaren edo etorkizunaren, sorkuntzaren eta ekoizpen literarioaren garrantziagatik nabarmendu behar dira, baita hemen bizi garenon zaletasun eta irakurzaletasunagatik ere”.