Gure Eskuk Itsasargia eztabaida prozesua abiatu du
Herri dinamikaren tesi eta lan-ildo nagusiak zein antolaketa eredua birpentsatzeko eztabaida prozesua izango da. Martxora arte ekarpenak egin daitezke.
Gure Eskuk proposamen politiko berria aurkeztu du; Itsasargia izeneko eztabaida prozesua, erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak datozen urteetan hartu beharreko norabidea adostu, eta lan-ildo nagusiak zein antolaketa eredua birpentsatzeko. Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramailearen esanetan eztabaida ez da hutsetik abiatzen, mugimendu herritarrak 10 urte beteko baititu. Hortaz, bidean ikasitakoa oinarri hartuta etorkizunari begira jartzea da proposamenaren oinarria.
Itsasargia proposamen politikoa da eztabaidaren oinarri, eta honen gainean egingo dira ekarpenak. Dinamikak 11 puntu proposatuko ditu eztabaidarako; horien artean Gure Esku “eragile subiranista eta nazional” dela nabarmendu dute, herri akordio zabalen alde egingo duela, eta ildo mobilizatzaile eta ahalduntzaileari eutsiko diola.
Eztabaidan Gure Eskuko kideak izango dira abiapuntua, baina herri dinamikatik harago iristeko bokazioarekin jarri da martxan eztabaida: bidelagun izan nahi duen edonori zabalduko zaio atea. “Hamar urte hauetan jende asko egon da gure inguruan, batzuk jarraitu egiten dute, beste batzuk ez. Une batzuetan dinamiketatik hurbilago sumatzen zara beste batzuetan urrunago, hortaz, gure ingurutik haratago joan nahi dugu. Bazkideen artean eztabaida martxan dago, baina kanporagoko ikuspuntuak hausnarketara ekarri nahi ditugu, eta dinamikaren parte izan ez direnen iritzia entzun”. Erabakietan parte hartzeko orduan, ezinbestekoa izango da Gure Eskun bazkidetzea.
Proposamena aurkeztuta, martxoak 5era bitartean bazkide bakoitzak eztabaidagai izango den puntu bakoitzaren inguruan adostasuna edo desadostasuna agertzeko aukera izango du, baita ekarpenak egiteko ere. Horretarako Gure Esku-ren webguneko Plaza plataformaz baliatu beharko dira, baina, aurreratu dutenez, herrietan ere eztabaida saioak antolatuko dituzte: “Abenduaren 15ean Tolosan egingo dena izango da abiapuntua, baina herri bakoitzak bere dinamika propioei jarraituz eztabaidagunean planteatzea erabaki dezake. Herri mailan edota eskualde mailan, tokian tokiko beharretara egokituz”.
Prozesuan zehar lau mahai inguru ere egingo dira eztabaida publikoa elikatzeko asmoz. Martxoaren 25ean, berriz, Bazkideen Ezohiko Batzarra baliatuko dute proposamen politiko eguneratua aurkezteko; bazkideek bertan zein Gure Eskuren online Plaza bidez bozkatu ahalko dute. Ondoren, apirilaren 22an, nazioarteko konferentzia bat egingo dute Itsasargia prozesuaren ondorioak azaleratzeko.