"Arduraz ikusten dugu hirugarren graduetan emandako atzerapausoa"
Baimen eskaeretan Auzitegi Nazionalak daukan jokabideagatik ere kezka agertu dute Gernika-Lumoko Sarekoek.
Abenduan zehar garatuko duen egitasmoa aurkeztu du Gernika-Lumoko Sarek, eta egungo testuinguruari buruzko zenbait hausnarketa plazaratu ditu.
Azken urteetan dispertsioaren mapa “zeharo aldatu” bada ere, asteburuan Lannemezan espetxetik etxerako bidean Xabier Goienetxea preso politiko errenteriarraren bikotea den Ihintza Bidartek izandako kotxe-istripuari erreferentzia eginez, gogoratu dute gaixo dauden presoak “berehala kalean izan behar” duten bezala, salbuespen neurriak bertan behera uztea “ezinbestekoa” dela. “Guztien etxeratzea helburu duen fase berri honek adostasun berriak behar ditu arlo politiko, sozial eta instituzionalean”. Aurrerantzean ere jendartearen aktibazioak “gakoa izaten jarraituko” duela nabarmendu dute, eta jendarte bezala “konponbide klabetan pauso kualitatibo nabariak” eman direnez, bide horretan euskal preso eta iheslarien etxeratze prozesua “amaierara arte garatu behar dela”.
Arduraz ikusten dituzte hirugarren graduetan “emandako atzerapausoa” eta baimen eskaeretan “Auzitegi Nazionalak daukan jokabidea”. Hala, Joseba Arregi preso oñatiarraren krasua aipatu dute; gradu progresioari jarritako errekurtsoaren alde egin du Espainiako Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak, eta aste honetan Martuteneko espetxera itzuli behar izan du, bigarren graduan.
Urte amaierako ekitaldiak. Gernika-Lumoko Sareren kideek abenduko ekitaldien berri eman dute. Beste urte batez, gabonetako postala egingo dute, eta, horretarako, sortzaile desberdinekin berbetan ari dira, euren ekarpena euskarri horren bidez egiteko, eta Sare On irratsaio berria eskainiko dute Biztu Irratian.
Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak liburua aurkeztuko dute Astran
Beste hitzordu berezi bat ere aurreratu dute: iheslarien seme-alaben testigantzetan oinarritutako Miren Azkarate kazetariaren Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak liburua aurkeztuko dute Astran (oraindik ez dute data zehaztu).
Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, abenduaren 10ean, agerraldia egingo dute; izan ere, gabon zaharretako mobilizaziorako deialdiaren kartela egiteko argazkia ateratzeko eguna bera “ekimen bihurtu” dute. Abenduaren 31an, urtero legez, manifestazioa eta ekitaldia egingo dituzte, “aurrera begirako erronkak plazaratuta”.
Urtarrilaren 7ko Bilboko manifestaziora joateko deia luzatu diete eskutaldeko herritarrei. “Pandemiagatik bi urtez batu ezinik ibili eta gero, masiboki aldarrikapen bateratua osatzeko hitzordua da: giza eskubideak, konponbidea eta bakea printzipioetan eraikia”.