"Gernikan balioan jarri da Euskaraldia"
Gernika-Lumoko Euskaraldiaren batzordeko kidea eta dinamizatzailea da Ekain Monge. Egunerokotasunean euskara bermatzea eta hizkuntza ohiturak aldatzearen garrantzia azpimarratu ditu gernikarrak.
Euskaraldiaren batzordearen funtzioa zein da? Nortzuk osatzen duzue?
Euskaraldia batzordean eragile eta elkarte deberdinetako jendea dago. Gernikan hezkuntza zentroek pisu handia daukate, horien inplikazio maila izugarria da. Busturialdean Euskaraz Bizi, Gernika Rugby Taldea, Hitzargunekoak, udaleko euskara zinegotzia eta euskara teknikariak ere badaude, besteak beste. Funtzioa da prestakuntza, Euskaraldia bera eta ondorioak lantzea.
Amaitu ostean, beraz, ondorioak ateratzen dituzue batzordean?
Bai, Euskaraldiak datu base garrantzitsua dauka, eta behin ariketa pasatuta, batzar batean datuak ikusiko dira. Honakoa hirugarren edizioa da, eta datuak gora edo behera egin duten, zelan joan den, zein tendentzia egon den… aztertuko dugu, udalerriko euskararen espektroa ikusteko.
Euskaraldia antolatzeko tokian tokiko prestaketa lanak noiz hasten dira?
Gernikan balioan jarri da Euskaraldia, behar duen garrantzia eman zaio. Prestaketakaz maiatzean hasi ginen, entitateek izena emateko epea zabaldu zenean. Herrialde foroetan, eta Bizkaia mailan, beste herri batzuk beranduago hasi dira, irailean. Gure ustez, irailetik aurrera hasita ez du denbora nahikoa ematen ariketa txukun irtetzeko, gane-ganean dagoelako. Egia da maiatzean jendeak oso urrun ikusten duela Euskaraldia, eta apur bat gaitza dela pedagogia hori egitea, baina maiatzean hasi ginen entitateekin, eta, irailean, berriz, norbanakoen izen ematea lantzen.
Datuei erreparatuta, zelako parte hartzea espero da?
Lehenengo urtean norbanakoen 3.000 izen ematetik gora egon ziren, entitateena ez zen egin. Bigarrenean 90 bat entitatek izena eman zuten hemen, eta aurten, 195 izan dira. Norbanakoei dagokienez, 1.700 bat herritarrek izena eman dute. Kontuan izan behar dugu lehenengo urtean inguruko herri txikietan ez zela egon batzorderik, eskualdeko herritar horiek Gernikan izena eman zuten. Bigarren edizioan, COVID garaian, parte hartzea nahikoa altua izan zen; 2.500 bat norbanakok izena eman zuten.
Zein irakurketa egin duzue?
Aurtengo norbanakoen datuak eskasagoak dira, baina uste duguna da izen emate datuak direla txarragoak, eta ez parte-hartzaileena. Txapa etxean daukagu, eta ematen du txapa jartzeagaz nahikoa dela. Batzuek izena eman barik txapa hartzen dute, eta beste batzuek txapa etxean daukate eta parte hartzen dute. Uste dugu zifra erreala 1.700 baino askoz ere gehiago izango dela.
Batzuek ez dakite berriro izena eman behar dela?
Hori da, izen emateak nahastea zor dezakeela ikusi da. Jende askok, batez ere nagusienek, sare sozialak eta teknologia berriak ez dituzte ondo kontrolatzen, eta, horrez gain, bost mezu elektroniko jasoz gero, apur bat nekagarria izan ahal da, eta ez diogu behar duen kasua egiten. Izen emateko bidea erraztu ahalko litzateke, aurrez-aurrekoak funtzionatzen du, eta, agian, horra ere bueltatu beharko gara.
Zelako ekitaldiak antolatu dituzue?
Euskaraldi erdian Euskal Lorratzak ekitaldia egingo dute Urdaibai Kantagunekoekin eta Segundo Olaeta Musika Eskolakoekin; Euskaraldiko kanta joko eta kantatuko dute. Eta abenduaren 2an eta 3an izango dira amaierako ekitaldiak. Abenduaren 2an 11 orduko irakurtaldia egingo da, eta 3an, Euskararen Egunean, egun osoko egitaraua egongo da. Hasi aurretik ere ekitaldi pare bat egin genituen. Lehenengoa entitateekin San Juan Ibarran egin genuen, eta Segundo Olaeta Musika Eskolakoek ere parte hartu zuten. Bigarrena Kalapitaka akademiakoekin, bertsolariekin eta Ahobizi eta Belarriprest banaren adierazpenekin egin genuen orain dela pare bat aste, Merkurion, eta datuen sozializazioa ere egin genuen.
Egunotan jendeari parte hartzera animatzeko ze mezu zabaldu gura duzue?
Garrantzitsua dela egunerokotasunean euskara bermatzea, eta hizkuntza ohiturak aldatu behar direla. Oro har, ohiturak aldatzea oso gaitza da. Arnasgune izatera heldu ez arren, herri euskalduna da gurea, euskaldunak gara eta euskaraz dakigu, baina egunerokoan igartzen da, eta kalean entzuten da, askotan erdarara jotzen dugula konturatu barik. Lagun, lankide, familiako horregaz, erosotasunagatik beti erdarara jotzen duzun horregaz euskaraz egiteko, horri buelta emateko, momentu polita da Euskaraldia. Denok egin ahal dugun esfortzu txiki bat da. Agian, hamabost egun hauek eta gero, hizkuntza ohiturak aldatu eta beste batzuekin euskaraz jarraitzeko lehenengo pauso hori da.
‘Hitz bakar batek sua pizten du maiz’ kantak. Zein berba esango zenuke Euskaraldiaren, euskararen sua pizteko?
Konpromiso txiki bat hartzea dela esango nuke, eta buru-gogorra izatea. Eta konpromisoa hartzen duenak hamabost egunetan soka hori ez soltatzea.