Anne Stokken: "Txapek asko laguntzen dute euskaraz harremantzeko"
Aurton ere Ahobizi edo Belarriprest bezala izena eman behar izan da Euskaraldira. Iker Gonzalez bermeotarra Ahobizi izango da eta Anne Stokken norvegiarra Belarriprest
Gaur hasi eta abenduaren 2ra arte iraungo du euskararen erabilera handitzea helburu daukan Euskaraldia ekimenak. Aurten ere Ahobizi edo Belarriprest rolen artean hautatu behar izan dute parte hartzaileek, eta orain arteko ekitaldi guztietan modura, txapa bidez desberdinduko dira.
Iker Gonzalez gazte bermeotarra Ahobizi izango da. Orain arteko Euskaraldi guztietan parte hartu du, eta oraingoan ere ez du zalantzarik eduki. Parte hartzea erabaki du bere egunerokotasunean euskaraz aritzen delako “gehienbat”; euskaraz bizi da, euskaraz ikasten du… “Lehenengo hitza euskaraz emateko gaitasuna daukat, horregatik erabaki dut Ahobizi izatea”.
Bermeoko euskararen kale erabilerako azkenengo datuen arabera, gazteen artean (15-24 urte) nabarmen jaitsi da euskararen erabilera. Gazteen %8,4k (2016an %14,8) baino ez du kalean euskara erabiltzen. Adin tarte horretakoa da Gonzalez, eta “zintzotasunez” dio herrian joera hori dagoela: “Badaude euskaraz egiten duten kuadrilla batzuk, baina gaztelaniarantz jotzea eragiten duen korronte bat badago. Gero eta nabariagoa da, zoritxarrez”.
Euskaraldian parte hartzea “garrantzitsua” da Gonzalezen ustez, baina garrantzitsuagoa dela uste du jarraipena edukitzea, “ez bakarrik Euskaraldiko egun horietara mugatzea, baizik eta urte osoan euskaraz egitea”.
Jendea animatzen du Euskaraldian parte hartzera, eta batez ere, bermeotarrak animatzen ditu: “Azkenengo datuak ikusita eta errealitatea zein den ikusita, batez ere, gazteei parte hartzeko deia egiten diet”. Inguruko jendea “jo eta ke” animatzen ari dela esan du.
Ispasterren bizi den Anne Stokken novergiarrak Belarriprest txapa eroango Euskaraldian. Aurtengoa, Stokkenek parte hartzen duen hirugarren aldia izango da, eta Belarriprest txapa jartzeko eta jendeagaz euskaraz harremantzeko “gogo handiagaz” dagoela aitortu du norvegiarrak.
Ispasterren bizi da, eta bere inguruan euskara da hizkuntza erabiliena. Horregatik eman du hain zuzen ere izena ekimen honetan, inguruko edonogaz harremanetan jartzeko aukera eduki nahi duelako. “Euskaraz harremantzen laguntzen du Belarriprest txapak”, aitortu du.
Nagusiak eredu.
Euskaraz inguratuta bizi den arren, aitortu du Lekeition, esaterako, gaztelania ere entzuten dela kaleetan. Horren aurrean Stokkenek azaldu du nagusiek euskaraz egiteak “berebiziko garrantzia” daukala, gazteek erreferentetzat dauzkatelako herriko nagusiak eta haiek egiten dutena imitatzen dutelako.
“Lea-Artibaira etorri aurretik Bilbon bizi nintzen, eta ez nuen hemen bezain beste euskara entzuten. Hala ere, Belarriprest eta Ahobizi txapen erabileragaz euskara gehiago entzuten nuen. Asko laguntzen dute euskaraz harremantzeko orduan”, azaldu du Stokkenek.
Norvegiarrak, gainera, jendea animatu du Euskaraldian parte hartzera: “Nik uste dut ingelesa eta gaztelania gure gizartean gailentzen ari direla, eta pena handia ematen dit euskara bezalako hizkuntzak galtzen ikusteak. Ekimen hauek garrantzitsuak dira hizkuntzaren erabilera handitzeko”.