Latsarien lana ezagutarazten
Conciencia y Arte elkarteko Esti Gutierrez bermeotarrak "Latsariak" izeneko dokumentala zuzendu du; hala ere, talde lana izan dela nabarmendu du, beste hiru kidegaz ibili baita buru-belarri.
Ohikoa zen emakumeak latsarrietan arropak, izarak eta bestelakoak garbitzen ikustea 70eko hamarkadan. Latsariak ziren. Conciencia y Arte elkarteko kideek emakume horiek egiten zuten lana balioan jarri gura izan dute, eta ezagutara eman. Hala, Latsariak izeneko dokumentala egin dute. Emakume langileei lapurtutako memoria itzultzea dute helburu.
Conciencia y Arte elkarteko kide da Estibaliz Gutierrez bermeotarra, eta berak zuzendu du dokumentala. Bermeotarrak zuzendu badu ere, talde lana dela nabarmendu gura izan du. Argenis Mesa, Marta Brancas eta Irune Lauzirika aritu dira beragazburu-belarri lanean.
Gutierrezek gogorarazi gura izan du latsariek egin zuten lana «ezinbestekoa» izan zela “herritarren eta familien osasuna eta bizi kalitatea mantentzeko”. Hamahiru emakumek parte hartu dute dokumentalean; euren esperientziak kontatu dituzte. Era berean, garbitokiak zelakoak ziren eta non zeuden ere azaldu dute. Dokumentalak, batez ere, Bilboko auzoetako errealitatea du ardatz, baina Euskal Herriko beste toki batzuetako kontakizunak ere biltzen ditu.
Latsariek batzuetan beraien etxeko arropak garbitzen zituzten, beste batzuetan, berriz, besteenak, betiere, soldata baten trukean; «lanbide modura» zeukaten.
Gutxika egin duten lana.
Proiektua martxan jartzea erabaki zuten konturatu zirelako Bilbon ez zegoela latsarrien aztarna fisikorik, eta interesa sortu zitzaien. Bilboko hiru zutabeen plazan antzina latsarri bat egoten zela bazekiten, gaur egun, baina, ez dago ezer. «Emakume askok gogoan daukate bertan zegoen latsarria. Agian, plaza horren izena aldatu beharko litzateke, eta hiru zutabeen plaza izan barik, latsarrien plaza izan. Taldetik performance batzuk ere egin izan ditugu plazan bertan», dio Gutierrezek.
“Gutxika” egin duten lana dela aitortu du, hasierako ideia ez baitzen dokumentala egitea. Performancea egiteko elkarrizketa laburrak egiten hasi ziren, eta materialak gordeta edukitzearen beharra ikusi zuen Gutierrezek. Hala, amateur moduan egin zituzten grabaketak hasiera batean, baina zeukaten lana azaleratzearen beharra ikusi zuten, “modu profesionalago” batean. Hala, Bilboko Udalean eskatu zuten diru laguntza bat, eta eman egin zieten. “Emakumeek garai hartan egiten zuten lana azalerazi gura genuen. Gainera, espazio publiko horiek emakumeek baino ez zituzten erabiltzen, eta hori ere azaldu gura izan dugu”, dio.
Hamahiru emakumek parte hartu dute 35 minutuko dokumentalean: “Eurekin erraz jarri ginen harremanetan, baina kamara aurrean berba egitea kostatu egin zitzaien batzuei. Bilboko leku desberdinetako emakumeak dira, testigantzak ere zabalagoak izateko. Asko errepikatzen diren gaiak daude orduko latsarrietan, esaterako, ura hotz zegoela, eskuetako mina, taldean lan egiten zutela sarritan…”.
“Asebeteta”
Gutierrez “oso gustura” sentitu da proiektua egiten; “mota horretako proiektu bat zuzentzen nuen lehen aldia zen. Prozesu luzea da, eta nire barrutik atera dudan proiektu modura daukat, lantaldean eginda dagoen arren. Asebeteta geratu naiz”. Jendeari, gainera, asko gustatu zaiola dio: “Interesa sumatu dugu, eta batez ere, emakume nagusien interesa handia izan da”.
Dokumentala zine jaialdietan aurkeztea zen taldearen asmoa, baina «ez denez ez film laburra ez luzea», zaila izaten dela aipatu du. Hala, herri desberdinetan jartzen ari dira dokumentala, udal desberdinetan ate joka dabiltza, “herri askotan latsarriak egon baitira”.
Busturialdean, badakite Gernika aldean latsarriak egon zirela, Nabarnizko batzuekin berba egiten egon baitziren; “nahikoa egon zirela esan zigun”. Latsarriak ez, eta beste leku batzuetan erreketan arropak garbitzen zituztela dio Gutierrezek.
Ikerketa prozesua luzea eta sakona izan denez, gai horregaz jarraitzeko gogoa “beti” edukiko dutela uste du Gutierrezek: “Ez zen bakarrik arropak garbitzeko prozesua, ondoren, zikatu egin behar zuten eta lisatu ere egiten zuten. Beti hurbil sentituko dugun gai bat da”.
Conciencia y Arte elkartetik herri guztietako ateak jotzen jarraituko dute, eta udalak animatu dituzte dokumentala herrietan jartzera.
Elkarteko kideek proiektu deberdinak lantzeko asmoa daukate, betiere, gizartean aurkitu daitezkeen gai desberdinak azaleratuz, eta begirada, batez ere, emakumeetan jarriz.