SOS Gaztelugatxe: "Gaztelugatxe kudeatzeko batzordea sortzea, eta hartzen diren erabakiak aldebakarrekoak ez izatea gura dugu"
SOS Gaztelugatxe herri plataformakoek egin duten bideoa proiektatuko dute bihar (azaroak 17), eta Herri Babesako kide batek eta turismo alorreko behargin batek parte hartuko dute solasaldian. Gaztelugatxe kudeatzeko batzordea sortzearen aldeko 2.000 sinaduratik gora batu dituzte, eta sinadurak batzen segitzen dutela gogoratu dute.
SOS Gaztelugatxe herri plataformako kideek Gaztelugatxeri buruz egin duten bideoa proiektatuko dute bihar (azaroak 17), 19:00etan, Nestor Basterretxea aretoan.
“San Juanen gertatzen ari denari buruzko” solasaldia egingo dute: “Guretzat garrantzitsuena da bermeotarrek begiak zabaltzea, eta ikustea benetan Gaztelugatxen agintzen duena nor den. Momentu honetan, Bermeoko Udalak garbiketa bat egiteko baimena eskatu behar dio aldundiari. Hori erakusten duen dokumentu ofiziala erakutsiko dugu. Gura dugu herriak ikustea momentu honetan Gaztelugatxe zein egoeratan dagoen”. Egoera hori aldatzea gura dute, eta, horretarako, Gaztelugatxe kudeatzeko batzordea sortzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute: “Bermeok udal modura zeresana eduki dezan Gaztelugatxe kudeatzeko batzordea sortzea eta hartzen diren erabakiak aldebakarrekoak ez izatea gura dugu”. Gaztelugatxeri dagozkion erabakiak eragile desberdinen artean hartutakoak izan beharko liratekeela argi daukate: “Administrazioen aldetik, adituen aldetik… hartutakoak eta ganoraz hartutako erabakiak izan behar dira, eta ez bat-batekoak, eguraldia begiratu eta zarratzea, adibidez. Protokolo batzuk martxan eduki, eta gauzak neurtuta eta aurretiaz pentsatuta eduki behar direla uste dugu”.
Elkarrizketak. Biharko saioan Herri Babesako kide batek eta turismo alorreko behargin batek parte hartuko dute, euren ikuspuntua emateko, eta ikus-entzunezkoak lau atal dauzkala aurreratu dute: lehenengo zatian, Pergolako aparkalekuari buruz egin dituzten elkarrizketak agertzen dira; bigarren zatian, San Juaneko sarreran, aldundiak ipinitako etxola dagoen lekuan egin dituzten elkarrizketak ageri dira, batez ere, kanpotik datozen bisitariei egindakoak, hain zuzen ere; hirugarrenean, berriz, San Juan egunez bermeotarrei egindako itaunak jaso dituzte; laugarren zatia, ostera, udan martxan ipinitako sinadura bilketari buruzkoa da.
Esate baterako, atzerritarrei askotariko galderak egin zizkieten: “Zelan heldu diren Gaztelugatxera, garraio publikoan edo norbanakoen ibilgailuetan galdetu genien, baita ere ea Pergolako aparkalekuaren eta autobus zerbitzuaren berri zeukaten eta tiketagaz edo tiket barik joan ziren. Bestalde, bermeotarrei, besteak beste, aurretiaz hitzordua hartuta San Juanera joan behar dugulako zer sentitzen duten galdetu genien.”
Bestalde, abuztuan antolatutako bisita gidatuei eta urriaren 1ean egindako Gaztelugatxeko kostaldea garbitzeko auzolanari buruz ere berba egingo dute. “Donostiko Zinemaldian Eusko Jaurlaritzak eta zinemaldiko antolakuntzak atera zuten publizitate-eskuorria ere komentatuko dugu, Gaztelugatxe eta dragoi batzuk azaltzen ziren”.
Sinadurak batzen. Herri plataformak kanpaina berri bat hasi, eta sinadurak batzeari ekin zion ekainean. 2.000 sinaduratik gora bildu dituzte, eta sinadurak jasotzen segitzen dutela gogora ekarri dute. Hain zuzen ere, bihar Nestor Basterretxea aretoan ere horretarako aukera izango dute bertaratzen direnek.
Gaztelugatxe “bizirik dagoela”, eta erabakiak hartuta eta “protokoloak martxan” egon beharko liratekeela adierazi dute: “Gaztelugatxe kudeatzeko beste era bat eskatzen zuen adierazpena aho batez, denen baiezko botoekin onartu zen, eta aldundiari horren berri emateko, hori kudeatzeko ardura udalak hartu zuen. Urtebete pasatu da, eta oraindino horren zain gaude. Osoko bilkuretan entzun dugu lanean dabiltzala, baina, bitartean, aldundiaren aginduz zarratzen da eta irekitzen da Gaztelugatxe”.