Morga harategiak irabazi du Bermeoko odoloste txapelketa
San Martin azokak egon dira gaur Bermeon eta Foruan; eguraldia lagun, jende asko batu da bi herrietan. Bermeon, ohikoa den legez, odolosterik onenaren bila ibili dira.
San Martin eguna barikua izan bazen ere, gaur izan da San Martin azoken eguna Foruan zein Bermeon. Kostaldeko herrian, gainera, azokagaz batera, odoloste txapelketa egiten dute, aurten 19. aldia izan da.
Andeko Tabernak antolatzen duen eta Bermeoko Udalak babesten duen Bermeoko Udalaren 19. Odoloste Txapelketako sari nagusia Mungiako Morga harategiak jaso du. Bigarren saria, Gernika-Lumoko Jesus Mari Martijak egiten dituen odolosteentzat izan da, eta hirugarrena, berriz, Bermeoko Anaiak harategiak jaso du. Aurrekoetan egin modura, erakusmahairik politenak ere saria jaso du, eta aurten, Bermeoko Barturen harategiarentzat izan da, hain zuzen ere.
Txapelketara aurkeztu diren odolosteen artean lehia handia egon dela azaldu dute; herri desberdinetatik etorritako 23 odoloste aurkeztu dituzte lehiaketara.
Morga harategiko Piedad Oruek “oso pozik” hartu du lehenengo saria. Dioenez, urte guztian egiten duten lanarentzako oparia da saria. “Sariek lanean jarraitzeko gogoa ematen dute, poz handia da”, azaldu du. Izan ere, odolosteek “lan handia” ematen dutela aipatu du: “Gure kasuan, baserria daukagu, eta etxetik hartzen ditugu odolosteak egiteko beharrezkoak ditugun lehengai guztiak; porruak, kipula… eta horrek guztiak lana suposatzen du urte osoan”. Sekreturik ez daukatela dio; “gustatzen zaizun gauza bat egiten duzunean, gogo gehiago jartzen duzu. Guk familiako tradizioa jarraitzen dugu, gurasoengandik ikasi dugu odolosteak egiten. Gure sekretua gogoa eta etxeko produktuak erabiltzea da”.
Eguerdirako jendetza. Goizean, lasai ibili dira azokak Bermeon zein Foruan. Eguerdi partera, baina, jendez betetzen hasi dira azoka inguruak, eguraldia ere lagun dute gaurkoan. Taloa jan gura izan dutenek, itxaron ere egin behar izan dute eguerditik aurrera, jende asko pilatu baita eta ilara luzeak egon baitira Busturialdeko bi herrietan.
Azoka batean zein bestean produktu ugari egon dira aukeran, bai erosteko zein dastatzeko. Hala txerrikiaz gain, txakolina, gazta, esnekiak, barazkiak, eztia, keramika, ogia… aurkitu ahal izan dituzte bertaratutakoek. Foruan, gainera, Urdaibai Dantza Taldeko dantzari txikien erakustaldiagaz girotu dute azoka.
Asteburua “oso ondo” joan dela esan du Foruko alkate Mikel Magunazelaiak, eta gaurkoa “disfrutatzeko” eguna zela zioen; bera ere aurten udaletxe ondoan kokatu duten karpan baitzegoen azokaz disfrutatzen. Hiru eguneko egitaraua zeukaten prestatuta Foruan, eta gaur arratsaldean amaitutzat emango dituzte aurtengo San Martin jaiak. Atzo, bertso afarian ibili ziren 40 lagun, Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal eta Ander Elortegi bertsolariekin.