Bermeoko EH Bilduk 80 proposamen baino gehiago jaso ditu herritarrengandik
Aisia, kirola, umeak eta Alde Zaharra dira EH Bilduk batu dituen proposamenen artean gehien errepikatu direnak. Proposamen batzuk 2023ko aurrekontuaren emendakinetan sartu dituzte.

Herritarrek Bermeoko EH Bilduko zinegotziekin iritziak partekatzeko aukera eduki zuten joan den domekan. Kalera atera zirela baliatuta, herritarren proposamenak jaso zituzten, eta mota askotako 80 proposamen baino gehiago jaso zituztela adierazi du EH Bilduko zinegotzi Asier Larraurik.
Sei panel jarri zituzten Lameran. Panel horietan EH Bilduk arlo desberdinetan egindako proposamenetako batzuk agertzen ziren, eta zutabe bat hutsik zegoen herritarren proposamenak jasotzeko. Honako gaiak zeuden Lameran jarritako paneletan: bizi kalitatea hobetu eta pertsonak babestu, euskara eta kultura zaindu eta babestu, kudeaketa eraginkorra eta parte hartzea, ingurumena eta tokiko ekonomia, berdintasuna eta bestelakoak.
Denetariko proposamenak egon badira ere, herritarrek aisia eta kirolagaz lotutako proposamen asko egin dituztela esan du Larraurik: “Mota horretako ekimenak faltan botatzen dituzte”. Bestalde, beste askoren hitzetan jaso dute umeei bideratutako egitarau zabalagoa behar dela. “Umeen jolastokiak berrizteko beharrizana eta beste gune babestu edo estali baten beharra ere adierazi dute herritarrek. Proposamenen artean gehien errepikatzen denen artean dago umeena”.
Herritarrak Alde Zaharragatik ere kezkatuta daudela esan du Larraurik: “Askok uste dute Alde Zaharra biziberritzeko beharra dagoela, arduratuta daude, eta eskaera hori egiten dute”.
Domekako parte hartze prozesutik ateratako proposamenetako batzuk 2023ko aurrekonturako emendakinak jartzeko erabili dituzte: “Kontuan eduki behar dugu diru kontuetan aurrekontu batek ez duela askorako ematen. Hortaz, diru gutxikoak direnak emendakinetan sartu ditugu, eta proiektu handiagoak direnak, datorren urteko udal hauteskundeetarako programan sartuko ditugu”.
Jendeari “apur bat kostatu” egiten bazaio ere, adin guztietako herritarrak bertaratu ziren iritziak ematera edo proposamenak egitera.
Parte hartzea bultzatu. Helburua herritarrek dituzten “arazoak eta nahiak” entzutea izan zela adierazi du, guztien artean “herri hobe eta herri bizi bat” eraiki asmoz. Izan ere, Bermeoko EH Bilduko zinegotzien asmo nagusia da herri proiektu bat garatzea: “Honek Bermeoren norabidea diseinatzeko balioko digu, plan estrategikoak diseinatuz”.
Argi daukate “partaidetza dela proposamenak batzeko oinarria”. Horregatik, parte hartze prozesuak bultzatzea “oso garrantzitsua” dela deritzote: “Azken urteetan udalaren eta herritarren arteko parte hartze prozesuak oso eskasak izan dira. Uste dugu udalaren eta herritarren arteko harremana hobetzeko beharrezkoak direla”. Parte hartze prozesuak, gainera, “era dinamikoan” eta “modu berritzailean” egin behar direla uste dute, “horretarako joan beharra dagoela” nabarmenduta: “Jendea etortzea kostatu egiten da, horregatik teknika desberdinak erabili behar dira, eredu desberdinak daude”.