Ukraina gogoan Ekoetxea Urdaibain
Jose Angel Lasak egindako 'Ukraina gogoratuz' eskultura jarri dute eraikinaren kanpoko aldean; gatazkak iraun bitartean bertan egongo dela azaldu dute.
Ekoetxea Urdaibaik Jose Angel Lasa eskultorearen Ukraina gogoratuz eskultura jarri berri du eraikinaren kanpoaldeko hormetako batean. Azaldu dutenez, gatazkak iraun bitartean bertan edukiko dute.
Burdin hariz egindako eskultura da, eta Bermeoko bizilagunak azaldu du burdin haria ez dela Ukrainan gertatzen ari denaren “ageriko irudia edo sinboloa”, baina “modu metaforikoan” hartu du, uste duelako egun eskulturak duen itxurak “hedabideei esker Ukrainan gertatzen den suntsiketa, gorrotoa eta mina” adierazten duelako.
Eskultura egiteko erabili duen materiala kryvvi Rihko edo Donbasseko burdin mehategietakoa dela azaldu dute. Handik atera ostean, Azovstaleko Dneprostell Llcko edo Kametstalleko burdindegietara garraiatzen dute bagoietan eta kamioietan. Trefilaketa prozesuaren ostean burdin salda, burdin harian bihurtzen dute, eta bobina handietan gordetzen dituzte biltegietan. Langileek, gero, materiala moztu eta hamar burdin hari inguruko sortak egiten dituzte, eta muturrak lotuta, “orain ikusten dugun itxura hartzen dute”. Sorta horiek zamak altxatzeko, zintzilikatzeko edota garraiorako erabiltzen dituztela aipatu dute; “alterazio handiak jasaten dituzte, eta aipatu sortak luzatu, bihurritu, tolestu, kurbatu…egiten dira”. Hala, kamioietan distantzia luzeak egiten dituztela diote, “itsasontziren bateko bodegaren batean sartu eta Bermeoko porturaino iritsi arte”.
“Orain dela 85 urte, Francok Gernika suntsitu eta bertako herritarrak sarraskitu zituen. Gerora, Picassok pertsonen, animalien eta gauzen irudiak erabili zituen Gernikan gertatutakoa modu metaforikoan kontatzeko. Ikusleek irudien aurrean hasieran agertzen zuten harridura aldatzen joan zen urteekin, eta XX.mendean irudi horiek erresistentziaren sinbolo eta ikur bihurtu dira”, nabarmendu du artistak.
Hala, Lasak kaian “modu kaotikoan” pilatuta zeuden burdin hariak erabili ditu “modu metaforikoa” erabili guran ere: “Burdin hariek, zeuden modura, izugarrizko espresio-ahalmena zeukaten, hala ere, gurago izan dut era antolatuago bat erabili, unitate sintaktiko modura, nolabait faltan botatzen dudan zentzuzko irtenbide bat proposatuz”.