Sporting Gaua ospatuko dute zapatu honetan, Astran
Palos de Ciego eta Supercremalleras taldeetako musikariak eta Dj Ipi & Heitxi igoko dira Astrako agertokira zapatuan. Sarrerak aurretiaz erosi daitezke Astran eta Ospan, eta egunean bertan ere eskuratu ahalko dira.
Sporting Gaua hartuko du zapatu honetan (azaroak 12), Astrak. Herriko musikariak igoko dira agertokira; 19:00etan hasita, Palos de Ciego eta Supercremalleras taldeek joko dute, eta gaua borobiltzeko Dj Ipi & Heitxi bikoteak “ikuskizuna” eskainiko du.
Palos de Ciego 2016an sortu zuten Bilbon sortutako talde bat da, rocka eta punk rocka uztartzen dituena. Bost abestiz osatutako Derrotas maketa kaleratuta daukate. 2019an Gernika-Lumon sortutako Supercremalleras taldeak rocka abiapuntu hartuta, pop estiloa uztartzen du abestietan; Aviones Con Vertigo diskoa kaleratu zuten iaz.
Klubarentzat dirua biltzeko asmoz, iaz bezala, aurten ere jokalariek eurek antolatu dute Sporting Gaua: “Klubari laguntza bat emateko antolatzen dugu. Dirua batzeko da, batik bat jokalarion fitxak ordaintzeko. Giro ona egoten da, ondo pasatuko dugu; jai polita izaten da”.
Sarrerak. Zapaturako sarrerak aldez aurretik eskuratu gura dituztenek, Astran bertan eta Ospa tabernan erosi ahalko dituzte, 5 eurotan. Zapatuan Astran ere hartu ahalko direla jakinarazi dute.
Sarrerak erosten dituztenen artean, Lyon taldeko Damaris Egurrola eta Athleticeko Asier Villalibre eskualdeko futbolarien kamisetak zozkatuko dituzte.
Urteroko hitzordua. Iazkoaren balorazio ona egin dute, sortutako giro ederraz gain, helburu ekonomikoa bete zutelako: “Giro oso polita egon zen, adin desberdinetako jende pila bat batu zen herriko klub baten alde agertzeko. Espero genuena baino arrakasta handiago izan zuen; sarrera denak saldu ziren. Oso pozik geratu ginen, eta, horregatik, errepikatuko dugu aurten”.
Jokalarien asmoa urtero Sporting Gaua ospatzea da: “Urtez urte jarraitzeko esperantza daukagu, eta gauzak berdin segitzen baldin badute, datorren urtean ere egingo dugu. Taldeak gozatu egiten du, dirua batzen dugu, eta uste dugu antolatzen segitu ahalko dugula”. Jaia garai honetan mantentzea aurreikusten dute, “data egokia” delako: “Udako jaiak amaitu ostean, eta Gabonak orduko egitea data ona dela uste dugu. Inguru honetan ez da egoten beste ekintza handirik, eta, uste dugu, Gernikari bizitasun apur bat emateko aproposa dela, izan ere, igartzen da orain zapatuetan ez dagoela gauza handirik”.