BizkaiaGara Bizkaiko boluntario sarea, abian
BizkaiaGarak herritarren mugimendu bat eraikitzea du helburu. Boluntariotzan oinarrituz, Bizkaiko ekosistema soziala indartzeko egitasmoa dela azaldu dute.
“Dena aldatzen ari den garai honetan, aldatu egin gara gu ere, gehiago izateko: komunitate gehiago. Zure denborak eta konpromisoak gure gizartea eralda dezakete». Hitz horiekin aurkeztu dute Bizkai osora zabaltzea helburu duen eta boluntariotzan oinarrituta dagoen sarea: BizkaiaGara.
Funtsean, Bizkaiko bazter guztietara iritsiko den herritarren mugimendu bat eraikitzea du helburu BizkaiaGarak. «Sare honek eragile publiko, pribatu, enpresa, hirugarren sektoreko erakunde eta pertsona indibidualetatik sortuko diren era guztietako ekimenei egingo die lekua», dio Nora Sarasola BBKren Gizarte Ekintzarako zuzendariak.
Herritarren ekintzarako, boluntariotzarako eta pertsonen, kolektiboen, erakundeen eta erakundeen zerbitzurako gizarte partaidetzarako sare berri bat dela diote, eta proiektuka funtzionatzen du. «Boluntariotza eta parte hartze soziala sustatzeko, garatzeko eta balioesteko helburua dauka egitasmoak. BizkaiaGarak herritarren energia eta herritar konprometituak behar dituzten proiektuak lotuko ditu, arlo guztietan: soziala, hezkuntzakoa, ingurumenekoa, kulturala, kirolekoa, eta abar», diote proiektuaren koordinatzaileek.
«BizkaiaGararen bidez herritarren konpromisoa indartu nahi dugu. Ekintza komunitarioa eta boluntariotza gizarte gisa partekatzen ditugun balioen isla dira. Boluntariotza elkartasunerako tresna boteretsua da, eta aldaketaren eragile bihurtzen gaitu», dio Leire Ortiz de Zarate proiektuaren koordinatzaileak.
Bide horretatik, BizkaiaGara Bizkaiko ekosistema soziala «indartzeko, aukerak eta ekintzak sortzeko eta erronka berriei erantzuteko» dela diote.
BizkaiaGarak alde guztien inplikazioa eskatzen duela diote. Eta elkarlan hori oinarri hartuta, sarea handitzen eta zabaltzen joango dela diote. «Kohesio gehiago, berrikuntza sozial gehiago, pertsona gehiago eta konprometitutako erakunde gehiago amesteko gaitasuna dugu».