Urdaibai Gurie, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren esentzia plazaratzeko
Biosfera Naiz mugimenduak antolatuta, Urdaibai Gurie egitasmoa hartu du gaur, Ekoetxea Urdaibaik. 10:30etik 15:00ak bitartean, tailerrak, tokiko produktu eta zerbitzuen azoka, hitzaldiak, dantza bertikaleko ikuskizuna, poesia errezitaldiak, erakusketak, bisita gidatua, ginkana... ikusten edo egiten aritu dira bertaratutakoak.
Iaz sortutako Biosfera Naiz mugimenduak bere lehenengo ospakizuna egin du gaur (azaroak 6). Urdaibai Guriek jende asko batu du Busturiko Ekoetxea Urdaibain.
Nagusientzako zein umeentzako tailerrak (kosmetika, makillaje, gozogintza, eskulangintza eta zirku tailerrak) tokiko produktu eta zerbitzuen azoka, hitzaldiak, Janire Etxabe Dimegaz Kultur Elkarteko kidearen dantza bertikalaren ikuskizuna, poesia errezitaldiak, erakusketak, bisita gidatua, ginkana.. 10:30etik aurrera, ikusteko eta egiteko aukera zabala egon da.
Urdaibaiko Biosfera Erreserbak eta UNESCO Etxeak Ekoetxea Urdaibairen laguntzagaz sortutako Urdaibai Gurie egitasmoa Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren “esentzia aditzera emateko espresuki sortutakoa da”, eskualdeko aisialdia, kultura, artea, artisautza eta gastronomia eskaintza “irudikatzen duen esparrua”, alegia.
Balorazio oso ona egin dute antolatzaileek. “Harrera oso ona eduki du, ez genuen horrenbeste jende espero, pila bat jende etorri da. Tailerretan jende askok parte hartu du. Oso pozik gaude, eta balorazioa oso ona da. Ea jendea animatzen den Urdaibai Gurie aurrera eroaten”, esan du Nerea del Moral Urdailifeko kudeatzaileak.
Nicolas Garcia Borreguero Urdaibaiko Patronatuko zuzendariak elkarlana azpimarratu du: “Sektore askogaz gabiltza lanean, elkarlanean eskualdean, eta garrantzitsuena da gauzak elkarlanean egitea. Hori egiten dugu; denon artean pentsatzen dugu zein den egitura onena edo zer egin behar dugun hurrengo urtean, eta erabakitzen duguna egiten dugu. Beste batzuetan beste sektore batzuk izaten dira, eta gaurkoan, enpresa txikiagoak dira, lokalagoak, laguntza gehiago ematen gabiltzanak. Ideia da eurekaz elkarlanean aritzea eta eurak bultzatzea“.
Azaldu dutenez, azaroaren 3a Biosfera Erreserben Nazioarteko Eguna da, eta, horregatik erabaki zuten Urdaibai Gurie aste honetan egitea: “Horregatik erabaki genuen aste honetan onlinetik offlinera ateratzea parte hartze hau. Horregatik, hau sortu dugu, Urdaibaiko jendeak mugimendua bera eta ekitaldi hau ezagutzeko eta ikusteko”.
Urdaibai Poetry Slam. Esan bezala, askotariko jarduerak burutu dituzte goizean hasi eta 15:00ak arte. Horietako bat izan da Urdaibai Poetry Slamekoek eskainitako poesia errezitaldia. Arduradunen berbetan, “oso aberasgarria” izan da: “Jende gutxi etorri da, baina esperientzia oso aberasgarria izan da; badakigu jende gutxi etortzen dela poesia entzutera, baina euskarari bultzadatxoa eman diogu, eta hori zen helburua”.
Mugimenduaren sorrera eta etorkizuna. Unesco MaB programaren 50. urteurrenaren testuinguruan jaio zen Biosfera Naiz mugimendua: “Iaz sortu genuen Biosfera Naiz Mugimendua, Unesco MaB programaren 50. urteurrena ospatzen zela aitzakia hartuta. Intentzioa zen Urdaibain dauden enpresak eta ekimenak ikustaraztea. Jendeak ezagutzea Urdaibain ere profesionalak daudela, eta Urdaibaiko enpresetara jo ahal dugula edozer egiteko. Googlelen kontra zelan borrokatu genezakeen pentsatu genuen; izan ere, bilatzaileak zeozer topatzen zaudenean, beti Bilbon dagoen enpresa indartsuago bat agertuko zaizu. Mugimendu honen barneko enpresek Urdaibaiko filosofiagaz bat egiten dute, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren filosofiaren barruan lan egiten dute, hau da, garapen jasangarriko helburuak betetzen dituzte edo horietako batzuk jarraitzen dituzte”.
Aurrera begira ere badaude. “Ekimen hau eurekin batera sortu dugu. Uda aurretik batzartu ginen eurekin, eta hau sortu gura genuela komentatu genien. Asmoa da, posible bada, eurek hartzea mugimendu hau, eurena egitea, eta ikustea zein den hau egiteko era hobeena, eta beste urte gehiagotan egotea Urdaibai Gurie”, zehaztu du Urdailifeko kudeatzaileak.