Mota askotako jarduerak egongo dira aukeran 'Urdaibai Gurie' egitasmoan
Biosfera Naiz mugimenduak antolatzen duen lehenengo egitasmoa izango da domekakoa; Ekoetxea Urdaibain izango da, 10:30etik 15.00etara.
Busturiko Ekoetxea Urdaibaik Urdaibai Gurie egitasmoa hartu ko du domekan, 10:30ean hasi eta 15:00ak bitartean. Biosfera Naiz mugimenduak antolatzen duen lehenengo egitasmoa da. Askotariko eskaintza egongo da, ume, gazte zein nagusiei zuzenduta.
Urdaibaiko Biosfera Erreserbak eta UNESCO Etxeak abiarazi dute egitasmoa Ekoetxea Urdaibairen laguntzagaz. Azaldu dutenez Urdaibai Gurie egitasmoa Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren esentzia aditzera emateko “espresuki sortutakoa” da, “eskualdeko aisialdia, kultura, artea, artisautza eta gastronomia eskaintza irudikatzen duen esparrua, alegia”. Diotenez, ingurunearen zaintza, pertsonen ongizatea eta kultura ondarearen transmisioa bermatzeko “ezinbestekoa” da aipatu egitasmoa: “Bertan gauzatuko diren jarduera guztiak Urdaibairekin %100 konprometituta daude, eta Biosfera Naiz proiektuaren parte dira”.
Adin eta gustu guztiei zuzendutako egitaraua prestatu dutela azaldu dute. Eskulangintza tailerrak, txikientzako jarduerak, egitasmo gastronomikoak, dantza bertikaleko ikuskizunak, erakusketak, bisita gidatuak, poesia emanaldiak eta musika saioak egongo dira aukeran. Gainera, bertaratutakoek eskualdeko produktuak erosteko aukera ere izango dute, merkatu txiki bat jarriko baititute zentroaren barruan.
Tailer eta jarduera horietako batzuetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman daiteke Urdaibai Gurie egitasmoaren webgunean. Hala ere, egunean bertan izena emateko aukera ere egongo dela zehaztu dute, leku batzuk gordeko baitituzte. Jarduera guztiak eta orduak egitasmoaren webgunean ikusi daitezke.
Urdaibai Poetry Slam. Urdaibai Gurie egitasmoaren baitan, Urdaibai Poetry Slamekoek poesia errezitaldiak eskainiko dituzte domekan Busturian. Taldearen sortzaileek jakitera eman dutenez, Poetry Slama 80ko hamarkadan Chicagon (AEB) sortutako poesia ulertzeko modu berritzaile bat izan zen, eta poesia eszenikoaren barnean sartzen den disziplina da. “Saio berezi hauetan poesiaren interpretazioari ematen zaio garrantzia, mimikari, gorputz adierazpenari, testu lanketari eta publikoarekin konektatzeko ahalmenari, batez ere”, azaldu dute.
Hala, euskaraz idazten duten poeta bila dabiltza Ekoetxeako saio horretan parte hartzeko; gutxienez zortzi poeta behar dituzte saioa egiteko, eta, gehienez, hamabi. Interesa daukatenek urdaibaipoetryslam@gmail.com helbide elektronikora idatzi dezakete. Gogorarazi dute Poetry Slamak arau propioak dituela: testuak norberak idatzitakoak izan behar dira eta landutatakoak, ez du inprobisazioak balio; testuak ezingo du hiru minutu baino gehiago iraun; eta, poetak ezin du Atrezzorik, ez mozorrorik, ez musikarik jarri errezitatzen ari den bitartean.