Busturiak hartuko du Busturialdeko Txistularien Eguna
Urriaren 9an ospatuko da eta Julian Borda (1871-1953) txistulari busturiarra omenduko dute. Altamirako kultur etxean, gainera, busturiarrari buruzko erakusketa dago ikusgai; urriaren 9ra arte bisitatu daiteke.
Busturiak hartuko du urriaren 9an (domeka) Busturialdeko Txistularien Egunaren hirugarren aldia. Ospakizunen barruan, Julian Borda (1871-1953) txistulari busturiarra omenduko dute. Itsua izanik, txistulari, organista eta Busturiko Musika Bandaren zuzendari gisa musikan bete-betean aritu zen Borda.
Oraingoan, hortaz, Busturian batuko dira eskualdeko txistulariak eta euren musikagaz alaituko dituzte herriko txoko desberdinak, “folklorearekiko daukaten maitasuna partekatuz”. Gogorarazi dutenez, Busturiko hitzordua 2020rako zegoen aurreikusita, baina bertan behera geratu zen pandemiaren ondorioz. Hala, oraingoan, “ilusioz eta gogoz” ekin diote berriro ere hitzordua antolatzeari.
Egunotan Altamirako kultur etxea bisitatzen duten horiek, gainera, Bordaren ibilbidea erakusten duen erakusketa aurkituko dute. “Bere itsutasunak ez zion eragotzi musika pasioz bizitzea”, diote. Beragaz musika maitatzen ikasi zuten busturiar asko daudela gogora ekarri dute, “horiei guztiei musikarekiko pasioa transmitituz”. Erakusketa, urriaren 9ra arte zabalik egongo da, eta azken egun horretan, gainera, ordutegi berezia izango duela azaldu dute, bertaratuek ikusi ahal izateko. Erakusketan, partiturak, musika piezak braillez pasatzeko makina, txistua eta Bordaren irudiagaz zerikusia daukaten hainbat dokumentu ikusi daitezke, beste xehetasun batzuen artean.
Urriaren 9ko hitzorduan Busturialdeko txistulariek Busturiko auzoak zeharkatuko dituzte, eta auzoz auzo ibiltzeko autobus bat izango dute. Topalekua Busturiko udalekuetako aparkalekua izango da, eta handik autobusez abiatuko dira San Kristobal auzora, eta gero Altamirara, bertan hamaiketakoa jateko. Mezaren ostean, txistulariek kontzertu txiki bat eskainiko dute, eta ez dira faltako, besteak beste, Egun da Santimamiñe, Basatxoritxu edo Gorbeako gurutzea bezalako abesti ezagunak. Ibilbideak Axpe auzoraino jarraituko du, eta bertan Julian Bordari egingo diote omenaldi xumea. Axpetik Itsasbegirako bidea hartuko dute, bertan lagunarteko bazkaria egiteko eta ospakizun egunari amaiera emateko.
Busturiko alkate Aitor Aretxagak esan du Busturia “herri musikala” dela: “Gure jai herrikoietan txistuek, akordeoiek eta danbolinek jartzen dute musika. Kultura da eta naturala da, badakigu gure folklorea babestea gure esentzia eta identitatea gordetzeko bermea dela. Horregatik , belaunaldi berriak gure herri musikara animatzen eta hurbiltzen direla eta gozatu egiten dutela ikustea gustatzen zaigu”.
Busturialdeko Txistularien Egunagaz herrian musikarekiko daukaten zaletasuna ospatzen dutela dio. Bordari egingo dioten omenaldiagaz, gainera, bere lana aitortzeko eta eskerrak emateko daukaten “modurik onena” dela uste du, “bere ardura guztiagatik eta txistuarekiko eta gure folklorearekiko maitasuna kutsatzen jakiteagatik”.