Mikel Deunaren jaien ospakizunen txanda
Bermeon, Ereñon eta Mendatan eguenean San Migel Eguna ospatuko dute, eta barikutik domekara bitartean ere ondo pasatzeko ekitaldiz betetako egunak dituzte. Busturian, berriz, joan den asteburuan ospatu zituzten sanmigelak.
San Migel Eguna eguena da (irailak 29), eta Bermeoko San Migel auzoan, Ereñon eta Mendatan eguenetik domekara bitartean ospatuko dituzte. Busturiarrek jaiak aurreratu dituzte, eta asteburuan ospatu zituzten sanmigelak Altamiran.
Ereñon egitarau oparoa izango dute bertara hurreratzen diren denek. Eguenean herritarrak plazan elkartuko dira: meza nagusiagaz eta pintxo dastaketagaz emango diete hasiera jaiei. Barikuan, berriz, herri bazkarian eta makailau dastaketan bilduko dira.
Zapatuan, kazolak aterako dituzte, sukalki txapelketa egongo baita, eta gaua kontzertuekin girotuko dute. Domekan, Ereñozarrera begira ipiniko dira: 36. Ereñozarrera Igoera egingo dute, eta sariak egongo dira lehen emakumezko, gizonezko eta ereñarrentzat.
Mendatarrek egun handiak dituzte aurretik. Eguenean txupinazoaren eta Mikel Deunaren omenezko mezaren ostean, Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldekoek erakustaldia eskainiko dute frontoian; fardoak altxatzen, trontzak mozten, txokorrak batzen, ingudeak altxatzen… ibiliko dira trebetasun itzelagaz.
Bariku iluntzeko Tortilla Txapelketa biharamunerako motorrak berotzeko baliatuko dute, izan ere, zapatukoa “egun mundiala” izaten da Mendatakoentzat. Gai bat aukeratu eta herritarrak mozorrotu eta Elexalde eta Mendaturi auzoko txokoak dotore apaintzen dituzte, eta, aurten, 80ko hamarkada izango da testuingurua. Urtero legez, ezusteko asko prestatu dituztela aurreratu dute. Musika, umore ona, dantza… giro ederra bermatuta edukiko dute zapatu goizetik goizaldeko ordu txikietara arte.
Bestalde, pilota partiduak izango dira domekan, 13:00etatik aurrera, frontoian. Kimu mailan, Gari Motxobe eta Aner Elgezabal Aratz Apraiz eta Lander Ardanzaren kontra ariko dira. Ume mailan, Nikola Gutierrez-Aimar Idoiaga eta Zuhaitz Gonzalez-Ianitz Medrano bikoteak lehiatuko dira, eta, azkenengo partidua kadete mailako pilotariena izango da: Markel Lejardik eta Oier Madariagak Danel Intxaustiren eta Joanes Argarateren kontra jokatuko dute.
Ume, gaztetxo zein nagusiagoentzako eskaintza izaten da Mendatako jaietakoa, eta, esate baterako, briska eta mus txapelketak ez dira faltako. Eguenean 18:00etan hasiko dira briskakoa jokatzen, eta barikuan, 19:30ean hasiko dute mus txapelketa; Bi txapelketetan sari berak egongo dira: bikote irabazleak 170 euro eta txapelak jasoko ditu, bigarren sailkatuentzat 100 euro egongo dira, hirugarrenentzat 70 euro eta laugarrenentzat 50 euro. Barikuko tortilla txapelketan ere sari hauek banatuko dituzte: irabazleek txapela eta txakolina jasoko dute; txapeldunordeek txakolin botila bi eta Maumeko gazta eta hirugarren sailkatzen den taldeari bi botila txakolin oparituko diote.
San Migel auzoko jaiak ospatuko dituzte oraingoan bermeotarrek. Santuaren egunean bertan hasi eta domekara bitartean, askotarikoak izango dituzte aukeran. Ohi legez, txapelketak ez dira faltako, eta mus zein tortilla txapelketak jokatuko dituzte. Barikuan izango da mus txapelketa, eta zapatuan, berriz, tortillarik onenaren bila ariko dira. Umeentzako gunea ere jarriko dute zapatu arratsaldean, eta musikak ere protagonismo berezia izango du zapatu ilentzetik aurrera, hainbat izango baitira bertan joko dituzten taldeak: Beacon, Radio Guerrilla eta Unholy Covers. Gaua luzatzeko DJaren musikagaz dantzan jarraituko dute bertaratutakoek.
Sanmigelak dagoeneko ospatu dituztenak ere badaude. Busturian, esaterako, joan den asteburuan ospatu zituzten jaiak Altamira auzoan. Zapatu iluntzean kantu kantari ibili ziren eta playback lehiaketa ere eduki zuten. DJ Jaikidek jarritako musikagaz dantzan ibili ziren ondoren busturiarrak. Domekan jarraitu zituzten ospakizunekin; txistulariek girotu zuten meza aurrea, eta ostean Irrintzi Alai Dantza Taldekoek erakustaldia eskaini zuten. Arratsaldean, berriz, zaldi proben txanda izan zen. San Migel jaiak bertsotan amaitu zituzten busturiarrek. Mikel Retolaza, Ibai Amullategi, Aitor Etxebarriazarraga eta Janire Arrizabalaga ibili ziren bertsotan, eta Koldo Gezuraga arduratu zen gaiak jartzeaz.
Egitarauak, herriz herri:
BERMEO
Eguena, San Migel Eguna
- 11:00. Txupinazoa.
- 12:00. Meza nagusia.
- Ostean. Pintxoak eta trikitrixa.
Barikua. San Jeronimo Eguna
- 12:00. Meza nagusia.
- Ostean. Kinitoa eta gailetak.
- 20:00. Mus txapelketarako izen ematea.
- 20:30. Mus txapelketaren hasiera. (Lehenengo saria: 1.000 euro).
Zapatua
- 12:30. Tortilla txapelketarako izen ematea (tortillak auzoan bertan egin behar dira).
- 14:00. Tortillen aurkezpena.
- 16:00. Sari banaketa.
- 18:00. Umeentzako jokoak eta aurpegiak margotzeko tailerra.
20:30. Beacon eta Radio Guerrilla taldeen kontzertuak. - Ostean. Unholy Covers + DJ.
Domeka
Auzotarren eguna. Kanta kanta lorue.
EREÑO
Eguena, San Migel Eguna
- 12:00. Meza nagusia. Ondoren, pintxo dastaketa.
Barikua, San Migel bigarrena
- 12:00. Meza nagusia Ereñozarreko baselizan.
- 14:30. Herri bazkaria Ereñozar tabernan.
- 21:30. Makailau dastaketa.
Zapatua
- 14:30. Sukalki txapelketako kazolen aurkezpena.
- 16:30. Umeentzako puzgarriak.
- 18:00. Ereñoko V. atxur-urkula jaurtiketa.
- 20:00. The Green Buggs.
- 22:30. Kruddö.
Domeka, San Migel errepikapena
- 12:15. Meza elizkizuna Ereñozarreko baselizan.
- 13:00. 36. Ereñozarrera igoera.
- 13:30. Kabelinatxe taldearen dantza ikuskizuna.
- 19:30. Txokolate jana.
MENDATA
Bihar, San Migel Eguna
- 12:00. Meza.
- 13:00. Makailao kopotxue Taberna Barri inguruan.
- Ostean. Herri kirol erakustaldia, Arratzuko Piratak HKTaren eskutik, frontoian. (fardo altxaketa, trontza moztea, txokor batzea eta ingude altxaketa…).
- 18:00. Briska Txapelketa, Aterpe Tabernan (12 euro bikoteko).
Etzi
- 18:00. Patata Tortilla Txapelketarako izen ematea.
- 19:30. Mus Txapelketa (15 euro bikoteko).
- 20:30. Tortilla Txapelketako sari banaketa.
- 22:30. EinGO Kantan eta Dantzan erromeri taldea.
Zapatua
Mendata eta 80.hamarkada
- 11:30. Photocalla Elexalden. Elexaldetik Mendaturira kalejira, VHS+Mazinger Z Street Band animazio musikatugaz.
- 15:00. Herri bazkaria, frontoian.
- 17:00. Komika-Transformismoa, 80. hamarkadago musikaren ikuskizuna.
- 17:30. Zezen mekanikoa.
- 20:00. Su artifizialak eta suzko zezena.
- 21:00. La rumba del norte erromeria, 80.hamarkadara bueltatuz.
- 22:30. Pintxoak, erromeriaren atsedenaldian. Erromeriaren ostean. DJ Alex.
Domeka
- 12:00. Ospakizuna.
- 13:00. Pilota partiduak gaztetxoen eskutik, udal frontoian.
- 17:30. Xaibor Berria ikuskizuna, opari eta guzti. Jaiei amaiera emateko txokolatea txurroekin.