Pentsiodunek banketxeen aurrera eroan dituzte gaurko protestak
Pentsiodunek emandako datuen arabera, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan "2008tik 305 sukurtsal zarratu dituzte eta 60 udalerritan ez dago banku zerbitzurik".
Banketxeen aurrera eroan dituzte gaurko protestak Bermeoko pentsiodunek. “Kezka” agertu dute, hainbat direlako zarratu dituzten sukurtsalak eta kutxazain automatikoak. Datuak ere eman dituzte: “Bizkai, Araba eta Gipuzkoan 2008tik 305 sukurtsal zarratu dituzte eta 60 udalerritan ez dago banku zerbitzurik“. Hala, “ezinbestean” herritar guztientzako arreta zerbitzua “hondatzea” ekarri duela diote, “pentsiodunengan eta adinekoengan kalteak areagotuz”.
Kaleratzeengatik ere ardura agertu dute. Diotenez, Espainiako Estatuko banketxe handiek 124.000 langile kaleratu dituzte 2008tik, “kaleratze, erretiro aurreratu edo borondatezko bajen bidez”. Baina, gogorarazi gura izan dute 2022ko lehen seihilekoan banketxe handiek 10.297 milioiko irabaziak izan dituztela.
Pentsiodunek komisioak murriztea eskatu dute, eta sukurtsal eta kutzazain gehiago zabaltzea ere, “zerbitzua handitzeko eta langile gehiago egoteko”. Era berean, herritarrentzako “arreta hobea” eskatu dute.
Gernika-Lumon astelehenero batzen diren eskualdeko pentsiodunak ez dira banketxeetara hurbildu, eta astero modura, udaletxe aurrean elkartu dira. Hala ere, banketxeen “jardunbide txarrak ezabatzeari” buruz aritu dira eurak ere.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak kaleratutako oharra irakurri dute. Diotenez, euren salaketak hasi zirenetik zenbait arazo “zuzendu” badira ere, zerbitzuak “ez dira behar bezala ematen oraindik”, bai jardunbide txarrengatik, bai zerbitzua ematean izandako murrizketen iraupenagatik: “Gaia hobetu egin da zenbait alderditan: ordutegiak, aurrez aurreko arreta, etab., baina beste batzuetan berdin jarraitzen dute, eta oraindik ere urruti dabiltza pandemiaren aurreko egoerara itzultzeko: ez zaie erantzun hirietako landa-eremuei eta hiriburuko auzo periferikoei, komisioak kobratzeari, kutxazain automatikoak ixteari edo zerbitzu eskasari, 2022ko martxoaren 15etik aurrera bulegoak ixtea eta oinarrizko kontuak sinatzeko erresistentzia, eta batzuetan ez onartzea”.
Eskaerak erakunde guztiek aintzat hartzeko lanean segituko dute: “Mozioa oraindik onartu ez duten udalerrietara mozioan jasotako eskaerak zabaltzeko ahaleginean jarraituko dugu, eta ezagutzen ditugun zerbitzuetan egiten diren jardunbide txarrei eta murrizketei buruzko erreklamazioak jasoko ditugu, publikoki zabaltzeko, eta erakunde eskudunei helarazteko”. 2021eko azaroaren 5ean Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politiken eta Gazteriaren Batzordean agerraldia egin zenetik gaur arte, MPEH-EHPMk mozioa Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroko 187 udaletan aurkeztu dute: “121 udaletan onartu dira; 23tan ezetza jaso dute; 8tan beste mozio batzuk onartu ziren, udal talde guztien adostasunarekin. Beste 36 herritan (gehienak txikiak), orain arte ez dira osoko bilkurak egin”.
Era berean, kreditua eta aurrezkia “sozializatzeko tresna gisa” banka publiko bat garatzeko beharra azpimarratu dute, EAEko eta Nafarroako finantza-sistemaren erreferente gisa.