Luis Iriondo hil da
Soslaia: 'Bonbardaketaren memoria'
Gernikako Bonbardaketaren lekuko ezagunena izan den Luis Iriondo (1922-2022) zendu da gaur. 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketatik bizirik atera zirenen «ahotsa» bihurtu zen, eta bere testigantza zabaldu zuen hamaika ekitaldi eta komunikabidetan, baita elkarrizketaren garrantzia azpimarratu ere.
«Bukatu gabe zegoen babeslekuan sartuta egon nintzen hiru orduz, hurrengo bonbak noiz lurperatuko gintuen esperoan», kontatu zuen. 14 urte zituela, Gernika-Lumotik Bilbora eta handik Santanderrera joan behar izan zuen, eta, gero, beste hainbat lagunekin batera, Frantziara ihes egin zuen.
Batxilergoko hirugarren mailako ikasketak egiten ari zen Iriondo 36ko gerra hasi zenean. Aita sozialista baten eta ama monarkiko baten lau seme-alabetatik bigarrena zen.
«Bonbardaketaren memoria» izateagatik ez eze, bere ibilbideagatik ere pertsona ezaguna eta maitatua izan da Iriondo. Sentsibilitate handiko artista izan zen, eta arlo hori hainbat sormen esparrutan garatu zuen.
Jose Antonio Urigüenegaz batera sortu zuen Gernika-Lumoko Arteskola orain dela 59 urte, gerora, bertako artista asko eta askoren topagune bihurtu dena. Irakasle lanetan bere jakintza eta maisutasuna partekatu zituen bertan.
Alabaina, kultur etxeko pintura eta marrazki eskola zuzentzeaz gain, gizon «oso aktiboa» izan zen. Hainbat ipuin eta antzerki-lan sortzeaz gain, Amatxu zarzuela eta Francisco Escudero maisuaren Gernika euskal operaren gidoiak idazteagatik ezagutzen dute askok. Eta bere bizipenetan oinarritutako El chico de Guernica (2011) eta Gernika y otros escritos (2015) liburuak ere argitaratu zituen.
Hain zuzen ere, Pablo Picassoren Guernica koadroak Gernika-Lumon egon behar duenaren aldarrikapena ere sarritan zabaldu zuen Iriondok. Gainera, berbaz ez ezik, sormenaren begietatik ere islatu zuen aldarria beste hainbat artista eta lagunekin batera; esate baterako, Malagako margolariaren jaiotzaren mendeurrenean, 1981eko urriaren 25ean, Arteskolako ikasle eta irakasleek kultur etxearen aurrean horma-irudia egin zuten, Guernica udalerrira ekartzeko aldarrikapena babesteko. Iriondogaz batera, besteren artean, Edu Gordo, Rikardo Abaunza, Txato Etxaniz eta Julen Munitis elkartu ziren sormen-lanean.
Irailaren 3an 100 urte bete zituen, eta omenaldi beroa egin zioten Gernika-Lumoko udaletxean. Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak «bihotz handiko, kultu eta buru azkartasun harrigarriko» pertsona moduan deskribatu zuen Iriondo.
Iraganeko bizipenek orainaldian zein etorkizunera begira errotua uzten dituzten irakaspenen eredu argia zen Iriondo. Berak esan moduan, gerrak bere «bizitza aldatu» zuen, alde «batetik bestera» joatea eragin zion, eta «gaur egun ere hainbat dira egoera hori bizi dutenak».
Hileta elizkizuna bihar (irailak 27) 19:00etan egingo diote Gernika-Lumoko Andra Mari elizan.