Gernika-Lumo, 'Bricks of Peace' proiektuaren topagune
Erasmus + programak batu ditu San Fidel Ikastola eta Poloniako, Txekiako, Alemaniako eta Portugalgo lau hezkuntza zentro. Gernika-Lumon daude egunotan, eta Jose Maria Gorroño alkateak ongietorria eman die gaur.
Gernika-Lumoko San Fidel Ikastola Erasmus + programaren barruko Bricks of Peace nazioarteko proiektuan parte hartzen ari da, Poloniako, Txekiako, Alemaniako eta Portugalgo zenbait hezkuntza zentrorekin batera, eta horietako ikasleek udalerrian pasatuko dute aste hau.
Bi urteko proiektua da honakoa, eta gaztetxoekin hainbat balio lantzen dituzte. Alkartu, ezagutu, ingelesa praktikatu eta alkarregaz lan egiten dute. San Fidel Ikastolako irakasleek azaldu bezala, ikasturtean zehar hainbat lanketa egiten dituzte: “Diskriminazioaren nahiz biolentziaren kontrako jarrerak bultzatu, tolerantzia eta antzeko balioak landu, ingurukoak zaintzearen garrantziaz jabetu, bakeagaz erlazionatutako ekintzak egin, euren ikuspuntuak azaldu, beste kultura batzuk ezagutu…”
Egunotan 35 ikasle eta hamar irakasleko taldea ariko da beharrean, eta eskualdeko eta inguruko txokoak bisitatzen. Esate baterako, udalerriko Bakearen Museoa eta Batzar-Etxea bisitatuko dituzte bihar. Herrialde bakoitzetik 13-15 urte bitarteko lauzpabost ikasle etorri dira (atzo heldu ziren, eta zapatura arte egongo dira), eta hemengo familien etxeetan daude. San Fideleko DBHko 4. mailako ikasleak ari dira parte hartzen, eta iazko urrian Alemanian izan ziren, eta, maiatzean, Portugalen. 2023 martxoan, berriz, Txekiara bidaiatuko dute, eta, maiatzean, Poloniara.
Udaletxean. Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak harrera egin die gaur goizean (irailak 26), udaletxean. Ongietorria eman, eta bertako egonaldiaz gozatzeko gonbidatu die: “Niretzako poztasun handia da hemen zuekaz egotea”.
Orain dela 85 urte, 1927ko apirilaren 26an gertatutakoa ere hizpide izan du Gorroñok: “Gernikako %85 baino gehiago guztiz suntsituta geratu zen, eta beste eraikin gehienak ere kaltetu ziren, eta datuen arabera, 1.654 pertsonatik gora hil ziren Gernikan”. Halaber, gaur egungo Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerraz ere aritu da; aurreko astean Ukrainako Irpin hiriagaz sinatutako adiskidetasun akordioaren berri eman die: “Suntsituta geratu da, eta 3.000 hildakotik gora egon dira. Horregatik, zuek lantzen ari zareten moduko proiektuak oso garrantzitsuak dira”.
Izan ere, tolerantzia, errespetua, biolentzia eta diskriminazio motak… lantzen dituzte programan, eta proiektuaren garrantzia azpimarratu du Gernika-Lumoko alkateak: “Pertsona moduan eta gizarte moduan toleranteak izan behar gara, eta sekula ere ez ditugu onartu behar diskriminazioa eta biolentzia. Denaren gainetik pertsonak daude. Zuen neba-arrebak, gurasoak, aiton-amonak… errespetu osoz eta maitasunez tratatu itzazue, eta, modu horretara, askoz ere zoriontsuagoak izango zarete. Beste herrialdeetako ikasleekin harremana egitea benetan ederra da, gauza asko ezagutzen eta ikasten dira”. Era berean, formakuntza “funtsezkoa” dela nabarmendu du: “Mundua oso lehiakorra da, eta ikasi egin behar da”.