"'El Vasco'-ren istorioak zerikusi handia dauka Bermeogaz"
Bermeotarrak diasporari buruzko 'El Vasco' filma aurkeztu zuen joan den barikuan, Zinemiran; urriaren 7tik aurrera ikusi ahal izango da zinema aretoetan.
Joan den barikuan aurkeztu zenuen Zinemiran El Vasco filma. Emanaldi guztiak bete ziren. Zelan joan zen aurkezpena?
Ametsetako emanaldia izan zen. Oso ondo joan zen, aretoa beteta. Jendeak barre zein negar egin zuen, oso hunkigarria izan zen. Filma komedia da, baina une batean komediak beste pisu bat hartzen du, dramatikoagoa. Diaspora, memoria, nortasuna, sustraiak… lantzen dira, eta jendearen barrura heldu zen hori guztia, guk gura izan dugun modura. Ikusleek galderak egiteko aukera eduki zuten; argentinar askok altxatu zuten eskua, barrua mugituta zeukaten, eta jendea malkotan jarri zuten, hunkituta. Oso polita izan zen.
Urduritasun uneak izan ziren zuretzat?
Lan bat egiten denean, zeure buruagaz ziur egon behar zara, eta ni honegaz seguru nago. Alde horretatik eta emanaldien erantzuna ikusita, lasai egon naiz. Kontrolatuta ez neukan gauza bakarra zen filmak jendeari eragin ahal ziona, baina oso polita izan da erantzuna. Egindako lana erakusten duzun momentuan, beti dago urduritasuna, baina gure lana horrelakoa da. Jendeak ikusteko sortzen dugu lana, batzuetan gustatu egiten da eta beste batzuetan ez.
Familia eta lagunak ere bertaratu ziren. Zer iritzi daukate?
Bertan egon ziren bai. Horiek beti babesten dute nire lana, baina, oraingoan, beste batzuetan baino hunkituago eta pozago ikusi ditut. Komedia den heinean, lagundu ere egiten du, tonu desberdina duelako.
Zer kontatzen du El Vasco-k?
Bere egoerarik onenean bizi ez den mutil batek bizimodua aldatu gura du, eta Argentinara doa. Familiarra omen den pertsona batek esaten dio, lana emango diola. Hara doa, hemengo guztia ahaztu guran eta bizimodu berri baten bila. Herri txiki batera doa, ez dago inor kaletik, eta berak daukan helbidea Euskal Etxe bat da. Bertan aurkitzen dituen pertsonak, baina, Euskal Herrikoak baino euskaldunagoak dira. Lehen asterako konturatzen da ez dela bizimodu berri bat hasteko berak gura zuen lekua, eta alde egin gura du. Tarte horretan gertatzen dira beste gauza asko.
Zelan eta noiz etorri zitzaitzun ideia burura?
Gidoilaria den nire bazkidearen eta bion artean sortutako ideia da. Diasporagaz gutariko bakoitzak zeukan esperientziaz berbetan ari ginen halako batean, eta gaia lantzeko aukera bazegoela konturatu ginen, komediatik kontatuta. Lehen gidoia, baina, duela zortzi urtekoa da, eta geldik egon zen; ez nuen bilatzen zelan mugitu. Duela bost edo sei urte, Donostiako Zinemaldiak Argentinako ekoizle batzuekin topaketak antolatu zituen, eta ekoizle batek filma egin gura zuela esan zigun, kontatzen genuen guztia ezagutzen zuela eta. Hala, antolaketa lanekin hasi ginen, eta dena prest zegoen 2020an grabatzeko. Martxoaren 28rako neukan Argentinara joateko hegaldia eta martxoaren 13an pandemiagatik dena gelditu zen. Lo geratu zen orduan, eta, iaz, uztailaren 25ean joan nintzen Argentinara. Hiru hilabetez egin genituen grabaketak Cordoba eta Mendozako probintzietan.
%80 gaztelania da, Argentinan delako, noski. Euskarak, baina, garrantzi handia dauka.
Gustura ibili zineten Argentinatik?
Bai, oso gustura. Diasporako euskaldunek etxeko moduan hartu gintuzten. Asko lagundu ziguten, oso ondo portatu ziren. Eurak diote euskaldunak direla eta gu euskaldun-euskaldunak garela. Buruan neukan filma ekarri gura nuen etxera, eta hori ekartzea lortu nuen.
Bermeon ere grabatu duzue. Argi zeneukan zure herria filman agertu zela?
Argi neukan Bermeo agertu behar zela, istorioak Bermeogaz zerikusi handia ere badaukalako, ikusten duzuenean konturatuko zarete. Argentinan aititaren arreba aurkitzen du protagonistak (Joseba Usabiaga), duela 60 urte Argentinara joandakoa. Alzheimerra dauka, eta une batean esnatu egiten da, memoria berreskuratzen du eta alzheimerra duen emakume batek momentu batean gure protagonistari erakusten dio zer den bizimodua, zelakoa izan zen bere herria, sustraiak, familia… ez dut gehiago kontatuko, baina Bermeok presentzia handia dauka, ez bakarrik filmaren hasieran, baizik eta istorioan ere bai.
Gaztelaniaz grabatuta dago, baina euskarak ere badauka pisu handia.
Bai, %80 gaztelania da, Argentinan delako, noski. Euskarak, baina, garrantzi handia dauka. Alde batetik, istorioko amuma (Itziar Aizpuru) esnatu egiten da protagonista euskaraz kantuan entzuten duenean, hamar urtez lo egon ostean. Bestetik, euren artean, sekretupean aritzeko euskara erabiltzen dute. Bizkaiko euskara erabiltzen dute, eta saiatu naiz erdi bermeotarra izatea, bermeotar unibertsalean, denok ulertzeko modukoa.
Jendeari esan gura diot ez uzteko aukera pasatzen, istorio oso polita dela eta familian zinemara joateko modukoa filma dela, edozeinek ulertzeko modukoa baita.
Bikoiztuta ere badago.
Bai, ETB1ean emateko bikoiztu egin dugu. Ez da bikoizketa erraza izan. Kontuan izan behar da jatorrizko filmean euskaraz egiten dutela argentinan ez ulertzeko, baina denek euskaraz egiten baldin badute, zentzua ere aldatu behar da, eta gauza asko, hortaz, jatorrizko filmetik aldatu behar izan dira.
Urriaren 7tik aurrera ikusi ahalko da zinema aretoetan.
Oraindik ez dakigu zenbat lekutan egongo den, baina aurkezpena itzela izan zen, eta uste dut mugituko dela. Ea jendea animatzen den zinema aretoetara joatera. Uste dut, gainera, gurea zinema aretoetan ikusteko film egokia dela, batak besteari kutsatu ahal baitio barregura. Argentinan eta Latinoamerikako beste herrialde batzuetan zer nolako harrera duen ikusi gura dut. Hara ere iristea gura dut, istorio unibertsala baita. Munduko leku desberdinetan zelan ikusten duten jakiteko irrikitan nago, ea zortea daukagun. Jendeari esan gura diot ez uzteko aukera pasatzen, istorio oso polita dela eta familian zinemara joateko modukoa filma dela, edozeinek ulertzeko modukoa baita. Barre eta negar egingo dutela ziurtatzen dut.
Bermeora iristen denean, gustatuko litzaizuke zerbait berezia egitea?
Seguru nago jendea gustura egongo dela filma ikusten, eta harro sentituko direla, gero bestea ez dago nire esku. Norbaitek zerbait egin gurako balu, prest egongo nintzateke.
Bigarren filma duzu hau. Buruan besterik bai?
Ideak beti dauzkagu, ea mugitzen hasten garen. Ez da erraza filmak egitea, prozesu luzeak baitira. Bitartean, telebista edo telesailak egiten jarraituko dut, ondo pasatzen baitut.
Telebista edo zinema gurago?
Gauza desberdinak dira prozesuaren iraupena kontuan hartuta. Filmak, agian, mimo handiagoagaz egiten dira, denbora gehiago daukazulako, eta pantaila handian ikusteak ere beste balio bat ematen dio. Niri, baina, biak gustatzen zaizkit. Zorion Perfektua 2009 aurkeztu nuen, eta 13 urte beranduago El Vasco. Ez naiz gelditu tarte horretan, baina hurrengoa tarte laburragoan egin gurako nuke.