Aurten ere guraso eta etorkinentzako euskara ikastaroak antolatu dituzte
Bata zein bestea, 120 orduko ikastaroak dira eta izena eman gura dutenek Berhaz bulegora jo beharko dute, irailaren 30a baino lehen.
Bermeoko Udalaren Euskara Sailak, AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiek urtero elkarlanean antolatzen dituzten guraso eta etorkinei zuzendutako euskara ikastaroetan izena emateko epea zabaldu dute. Batean zein bestean parte hartu gura duenak irailaren 30era arteko epea edukiko du izena emateko. Berhaz bulegora jo beharko da horretarako, astelehen, eguazten eta barikuetan 08:00etatik 15:00etara, eta martitzen eta eguenetan 08:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.
Gurasoei zuzendutako ikastaroak AEK euskaltegian emango dituzte. Euskararik ez dakitenek zein jakin arren alfabetatu gura dutenek parte hartu ahal dute; 120 orduko ikastaroa da. Jakitera eman dutenez, familia bidezko transmisioa bermatzea eta euskara ikasteko erraztasunak ematea da gurasoei bideratutako ikastaroen helburua.
Etorkinei zuzendutako ikastaroa, berriz, Gotzon Garitaonaindia euskaltegian eskaintzen da, eta bere helburu nagusia da etorkinei euskara ikasteko aukera ematea, “integrazio errazago bat izan dezaten”. Ikastaro hau ere 120 ordukoa da. Ikastaro honetan komunikatzeko oinarrizko gaitasuna lantzen dela diote, HABEk garatutako Aisa metodologiaren bitartez.
Azaldu dute bi ikastaro hauek “emaitza oso onak” izan dituztela aurreko urteetan; “hori da ikasleek adierazten digutena”.
Beste alde batetik, 2022-2023 ikasturterako matrikulazio kanpaina martxan daukatela gogora ekarri dute.Hiru zentrotan ikasi daiteke euskara Bermeon: Hizkuntza Eskola, AEK eta Gotzon Garitaonaindia. “Hiruren eskaintza oso zabala da eta ordutegiari dagokionez ere, aukera zabala dago”, azaldu dute arduradunek. Matrikula egiteko beharrezkoak direnak eta eskuratu daitezkeen diru laguntzei buruzko informazioa jasoko dute euskaltegietara joaten direnek. Izan ere, gogora ekarri dute HABEk eta Bermeoko udalak diru laguntzak eskaintzen dituztela, ikasleek ordaintzen duten matrikula gastuetan “ahalik eta erraztasun handiena izan dezaten”.