Lokatzetatik loratuta, etorriko denari begira
Araitz Katarain, Izaro Bilbao eta Janire Arrizabalaga bertsolari gernikarrak osatzen duten Lokatz Loreak taldeak antolatutako Friki saioen azkenengo doinuak hartu ditu Astrak. Proiektuari jarraipena emateko asmoa daukate.
Harry Potter Saioa, Bertso Fashion Week, Denbora makina bertsoz, Meme Saioa eta Bertsos-kopoa. Oraingoz amaitu dute Friki Saioen bidea. Araitz Katarain, Izaro Bilbao eta Janire Arrizabalaga bertsolari gernikarra batu dira Lokatz Loreak sormen taldean, eta “ezin eskertuago” daude euren lehenengo proiektu horrek izandako harreragaz: “Loretxo bat zor lokatzetatik gugan konfiantza jarri duzuen guztioi”. Hurrengo loratzerarte agurtu dira, “asko falta baitira”.
Zapatuan Gernika-Lumoko Astran egin zuten zirkuituaren azkenengo bertso saioa. Onintza Enbeita, Irune Basagoiti, Nagore Beitia eta Aner Euzkitze izan zituzten lagun Bertsos-kopoan. «Giroa magikoa izan zen, lau izar kantari eta hiru mistika gidari». Esan dutenez, zirkuitua zein uda amaitzeko «modu ezin hobea» izan zen, eta Astra hurreratutakoei eskerrak eman dizkiete.
Hurbiltasuna
Arrizabalagaren berbetan, ez zuten espero horrenbeste jende hurbiltzerik, Gernikan Gazte Egune zelako eta Bermeoko eta Galdakaoko jaiak zirelako: “Baina azkenean lortu genuen itxura ematea eta betetzea. Hori bertsolariek kantatzerako orduan ere igarri zela uste dut”.
Berotasun “handiko” saioa izan zela dio, bai ikusleen partetik “dena txalokatzen” zutelako eta “oso ondo hartu zutelako eskaintzen zen dena, bai antzerkia bai bertsoak”. Eta bertsolarien partetik hurbiltasun horrek eragina eduki zuela ikusi zuten: “Bertsolariak oso ondo ibili ziren bai horoskopoaren gaiari helduta bai beste gai batzuei”. Orokorrean, saio “oso berezia” izan zela azpimarratu du gernikarrak: “Ibilbide baten ostean azkenengo saioa zen, oso ilusionatuta egon ginen”.
Euren lana ez da hemen aimatu; jarraipena ematea da euren asmoa: “Gure lekua sortzearen, eta bertso munduan dagoen jendearentzat beste espazio seguru batzuk sortzearen helburua lortu dugu hein handi batean. Proiektu hau prozesu oso luzea izan da bai Araitz, Izaro eta ni lagun bihurtzeko, eta bertsolaritzan gure lekua topatzeko. Kantatu duten 21 bertsolarientzat plaza oso segurua izan da, nahi moduan kantatzeko, inongo taburik barik; beste plazetan ezin duzu nahi duzun guztia esan. Hemen ez dute kate hori sentitu, ezta publikoak ere”.
Leku segurua izan denaren “adibide argi” bat ipini du: «Lehenengo saioan HarryPoterrenean, ikusle bat mozorrotuta etorri zen. Hori bertsolaritzan plaza batean ere ez da ikusi, eta, uste dut seinale ona dela erakusteko norbera den modukoa onartu dugula. Gure helburu hori bete dugu, eta hurrengo ekimenak ere alde horretatik joango dira”.