Busturiko EH Bilduk udalaren jarduera baloratzeko galdetegi bat prestatu du
Uste dute herriarekin daukaten konpromisoa berritzeko "ezinbestekoa" dela orain arte egindako lanaren gogoeta egitea, eta programa berri bat osatzea.
Herritarren iritziak jakin gura ditu Busturiko EH Bilduk. Modu horretan, udalaren jarduera baloratzeko prozesu parte hartzailea abiarazi dute, eta horretarako galdetegi bat prestatu eta herritarren eskura jarri dute.
Azaldu dutenez, datorren urteko udaberrian udal eta foru hauteskundeak datoz, eta aipatu parte hartze prozesua martxan jarri gura dute “herri programa denon artean adosteko eta egitasmo hau udalean ordezkatuko dutenak nortzuk izango diren aukeratzeko”. Uste dute herriarekin daukaten konpromisoa berritzeko “ezinbestekoa” dela orain arte egindako lanaren gogoeta egitea, eta programa berri bat osatzea.
Hiru galdera dituen galdetegia jarri dute herritarren eskura. Horiek erantzun ostean, Busturiko EH Bilduren lokaleko buzoira (San Kristobal auzoa, 28) bota daitezke, edota busturia@ehbildu.eus helbide elektronikora ere bidali daitezke.