Bermeoko udalak herritarren lehentasunak ezagutzeko prozesu parte hartzailea abiarazi du
Udalak prestatu duen inprimakia betetzeko azken eguna irailaren 27a (martitzena) izango da.
Bermeoko Udalak herritarren lehentasunak eta iritziak ezagutu gura ditu, eta azken urteetan egin modura, prozesu parte hartzailea abiarazi du. Azaldu dutenez, herritarren lehentasunak zeintzuk diren jakin gura dute, 2023ko aurrekontuan islatzeko.
Bi bide daude aipatu prozesuan parte hartzeko. Udal eraikinetan (Gizarte eta Kultura Etxean eta udal liburutegian) aurkitu daitezkeen inprimakiak beteta parte hartu daiteke, bertan jarrita dauden kutxetan inprimakiak sartuta. Bestela, herriko gune eta egun desberdinetan jarriko dituzten karpetan egin ahalko dira ekarpenak. Herritarrek dinamizatzaileen laguntza izango dute lehentasunak adierazteko eta herriarentzako onuragarriak izan daitezkeen proposamenak egiteko. Honako egun eta lekuetan egongo da karpa herritarren eskura:
- Irailaren 24an (zapatua), 12:00etatik 15:00etara, Lameran.
- Irailaren 26an (astelehena), 16:30etik 19:30era, Erretenen.
- Irailaren 27an (martitzena), 10:30etik 13:30era, Goiko Plazan.
Herritarrek parte hartzeko udalak prestatu duen inprimakiak bi ariketa “erraz” dituela aipatu dute. Alde batetik, herritarrek 1etik 7ra ordenatu beharko dituzte ondorengo lan lerroak: Berraktibazio ekonomikoa, irisgarritasuna eta mugikortasuna, segurtasuna, garbitasuna, aisialdia/kultura/ kirola, arlo soziala eta beste batzuk (herritarrek proposatzeko). Lehentasunen arabera sailkatu beharko dira (1 zenbakia jarriko zaio lehentasun handienari eta 6 txikienari).
Beste alde batetik, herritarrek proposamenak egiteko aukera ere edukiko dute. Hala, herritarrek Bermeorentzako onuragarriak diren neurri edo ekintzak proposatu ahalko dituzte.
Inprimakia entregatzeko azken eguna irailaren 27a (martitzena) izango da. Herritarrek ez dute izen-abizenik jarri beharko inprimakian, baina adina, sexua eta bizi den ingurua zehaztu beharko dituzte. Udalak “ahalik eta parte hartze handiena” espero du, helburua baita 2023ko aurrekontua horiek kontuan hartuta exekutatzea.