Karlos Ardanzak eta Mendik irabazi dute Bizkaiganeko Ardi Txakur Txapelketa
Bizkaigane Egunik ez dago Ardi Txakur Txapelketa barik. Errigoitiarrentzat zein inguruko beste askorentzat santakurtzeetako hitzordu berezia da, eta aurten ere, horrela izan da.
Maiatzaren 3an Kurutze Santua topatu izana gogoratzen da, eta haren gorapena irailaren 14an. Artzaintzarekin estu lotutako ospakizuna da; maiatzean ardiak mendira igotzen direlako, eta irailean baserrira bueltatzen direlako.
Eguaztenean (irailak 14) izan zen Santa Kurtze eguna, eta atzo (irailak 18) Bizkaiganen ospatu zuten bertako egun handia. Meza eta bertsolarien ostean, eguerdian lehiatu zuten Ardi Txakur Txapelketa. Amaia Ondartza (Zuma txakurragaz), Azkorbe (Lutxi txakurragaz), Karlos Ardanza (Mendi txakurragaz) eta Txiplas (LLiur txakurragaz) aritu ziren zein baino zein gehiago, eta Ardanza eta Mendi geratu ziren txapeldun.
*Argazkiak: Igor Zearra