"Europan pisu handiagoa daukate suhiltzaile boluntarioek"
Hamarkadak daramatza Jon Ojangurenek herriko ezbeharretan laguntzen, taldearekin batera. Boluntarioen prestakuntzari garrantzi handiagoa emateko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
30 urte bete ditu aurten Bermeoko Herri Babesak, eta beste horrenbeste egin ditu Jon Ojangurenek (Mungia, 1951) bertako koordinatzaile gisa. Ia egunero jasotzen ditu deiak eta ezezagunen mezuak: “Aupa, Jon, portuko zera hau apurtuta dago eta arriskutsua izan daiteke”. Denetarik egin du taldeak hamarkada hauetan, eta suteekin, uholdeekin eta COVID-19aren izurritearekin lagundu dute herrian, besteak beste.
1992an sortu zenuten Bermeoko Herri Babesa. Nondik etorri zen ideia?
Juan Karlos Goienetxea orduko alkateak esan zidan sortzeko, Bermeok hainbat beharrizan zeuzkala ikusita. Talde bat agertu ginen, eta teknikari batzuk sartu zituzten gurekin: udaltzainen burua, udal aparejadorea eta udal idazkaria. Horiek udalaren mandatik etorri ziren, eta alderdi bakoitzetik zinegotzi bat. Gainerakoak boluntarioak ginen, eta ni egin ninduten koordinatzaile.
Lehenagotik ikusten zenuten beharrizana?
Orain badago suhiltzaileen etxea Gernikan, eta hobeto daude prestatuta, baina lehen ez. Gainera, Bermeok arazo eta arrisku asko dauzka. Alde Zaharra dauka, portuan deposituak daude, gasa, izozkailuak, amoniakoa erabiltzen duen izotz fabrika bat, eta leku estu batzuetan ezin duzu kamioirik sartu… Ez bakarrik hori: asago dago; Gernikatik ordu erdira. Horregatik daroagu hainbeste denbora eskatzen suhiltzaileen erreten ofizial bat, baina Bizkaiko Foru Aldundiak beti esan digu ezetz. Zer egin behar dugu? Nire ustez, suhiltzaile boluntarioak ipini, Europan dituzten moduan. Nik ezer bere ez daukat suhiltzaileen aurka; guztiz kontrakoa, fenomenoak dira, eta profesionalak. Baina suhiltzaileen buruak, ez. Euskadin gertatzen dena da postu batzuetan ondo prestatutako jendea sartu beharrean, lagunak eta senideak sartzen direla.
Badauzkazue baliabideak suteei aurre egiteko?
Gure ustez, ezinbestekoa da Alde Zaharrean jarduteko kamioi eskaileradun bat edukitzea. Aldundia halakoak kentzen ari da hainbat suhiltzaile etxetatik, eta guri esaten digute ezin digutela eman.
Babes zibilera baliabide gehiago bideratu behar dira?
Bai. Europan, suhiltzaile boluntarioek pisu handiagoa daukate. Ederto batean konpontzen dira suhiltzaile profesionalak eta boluntarioak, eta boluntarioak laguntzeko daude.
Zuek zenbat zarete?
Gu hogei inguru gara, eta aktibo gaudenak, hamar edo. Ez bada su handi bat, nahikoa da kopuru horrekin. Eta zeozer handia bada, besteei deitzen diegu.
Eduki duzue eztabaidarik bakoitzaren eskumenei buruz?
Ez, ez. Guk badakigu nor garen. Profesionalak suhiltzaileak dira. Nik esaten dudana da suhiltzaile profesionalak ez duela beldurrik eduki behar suhiltzaile boluntarioek lana kenduko diegulakoan. Boluntarioa ez dago profesionalen postua kentzeko. Guztiz kontrakoa. Are gehiago: guk suhiltzaileen erreten bat eskatu dugu Bermeorentzat, herriak dauzkan arriskuengatik eta Gernika ordu erdira dagoelako. Aldundiaren ezetza ikusita, biena izango zen suhiltzaile etxe bat eskatu genuen: Gernikako hiru suhiltzaile Bermeon egotea. Berriz ere ezetz erantzun digute.
Proposatu dituzue beste aukera batzuk, orduan.
Bai, behintzat eman diezagutela materiala, kamioi eskaileradun bat, baina hori ere ez. Esaten digute arriskutsua dela. Lehengoan, iktus bat izan zuen herritar batek laugarren solairu batean, eta eskailera bat erabili izan behar genuen balkoi batetik bestera igo ahal izateko, banan-banan. Imajinatu horietako bat ugertuta egon balitz zer gerta zitekeen.
Baliabide kontua da bakarrik?
Ez, guk denbora asko daroagu boluntarioentzako prestakuntza eskatzen, baina ez digute ematen. Gainera, lehen, arnasa hartzeko ekipamendu eroangarriak ematen zizkiguten, eta, orain, suhiltzaileen buruetako bati bururatu zaio ezetz, ez zaizkigula eman behar. Sute bat dagoenean, zelan sartuko gara etxe batean norbait erreskatatzera ez baldin badaukagu arnasa hartzeko ekipamendu eroangarri bat? Hemengo sute handietan, guk geuk eroan behar izan ditugu, guk erositakoak.
Zelakoak izaten dira zuen esku hartzeak?
Sute bat badago, udaltzainek deitu egiten digute, eta ziztu bizian irteten gara, hamar minutu-edo behar ditugu. Nik telefonotik deitzen diet pare bati, eta besteei Whatsapp bidez idazten diet. Nik edo nirekin doanak kamioia hartu behar du, eta lekura joan. Eta bertan edozer aurkitu dezakezu. Eraikinera heltzean erabakitzen dugu su itzalgailuarekin edo mangerarekin sartu behar dugun. Bien bitartean, Gernikako suhiltzaileei abisatzen diegu kamera termikoekin etor daitezen, eta ikus dezaten su fokuren bat dagoen oraindik. Guk ezin dugunean suarekin, haiek datoz, eta ez da ezer gertatzen.
Denak zarete boluntarioak, ala soldatapean dago baten bat?
Soldatapean inor ere ez. Hemen inork ere ez du zentimo bat ere jasotzen. Horregatik egin ditzakegu kritikak.
Badaukazue beste eskaerarik?
Guk nahi dugu gure jendea prestatzea, eta ondo prestatzea. Lehen, suhiltzaileen ikastaroak 55 ordukoak ziren, eta gero praktikak egin behar ziren, arnasa hartzeko ekipamendu eroangarriekin, benetako suarekin eta abar. Hori da eskatzen diodana aldundiari. Orain, Eusko Jaurlaritzaren ikastaroak berrehun ordu baino gehiagokoak dira. Horiek ez dira boluntarioentzat, baina suhiltzaileak orain arte ematen egon direnak, ostera, bai. Nik horiek nahi ditut boluntarioentzat, prestakuntza nahikoa izan dezaten edozein lekutan eta presiorekin esku hartzen jakiteko. Gero suhiltzaile profesionalek etorri behar dutela? Etor daitezela, ezinbestekoak dira. Baina Bermeon, Otxandion, Urduñan eta Lanestosan, adibidez, behar dira suhiltzaile boluntarioak, suhiltzaileek ordu erdi edo gehiago behar dutelako hara heltzeko. Orain boluntarioentzako lau edo hamasei orduko ikastaroak eskaintzen dituzte, baina zera baino eskasagoak dira.
Orduan, lehen bai, egiten ziren ikastaro osatuagoak?
Bai, gutako bik suhiltzaile boluntarioen agiria daukate. Baina orain erabaki dute figura hori kentzea. Eusko Jaurlaritzak ezabatu egin du, eta babes zibilarekin ordezkatu. Oso ondo iruditzen zait suhiltzaile boluntarioak eta babes zibila bateratzea, baina ez dezatela kendu lehena.
Suak amatatzeaz gain, beste hainbat gauza egiten dituzue.
Denetarik egiten dugu: erortzen diren arbolekin laguntzen dugu, eraikinetatik jausi daitezkeen zatiekin, lur jausiekin, uholdeekin, gas ihesekin, desagertutako pertsonen bilaketarekin, eltxoekin, itsasoko denboraleekin… Hasi ginenetik ari gara txostenak egiten, halaxe eskatu zigulako alkateak. Fatxadak begiratu izan ditugu, errepideen egoera, lursailena, lur jausi posibleak… Txostena egin, eta, handik hamabost egunera, udal teknikariak erantzuna eman behar zigun, baina orain dela lau hiletik hona jada ez dugu txostenik bidaltzen.
Zergatik?
Ni teknikaria naiz, eta, orduan, lasai asko esaten nion udal arkitektoari: “Begira, obra honek upa lako arriskua dauka, eta udala ez da ari ezer egiten”. Erabaki asko politikagatik hartzen dituzte udalean, ez alde teknikoagatik, eta nitaz nekatu ziren, eta esan zidaten txosten gehiago ez egiteko. Orain esaten didate txostenetan ipintzeko sute bat egon dela eta parte hartu dugula, baina ez saiatzeko arrazoiak eta kausak zeintzuk diren zehazten. Baina nik txostenak egiten jarraitzen dut, eta SOS Deietara bidaltzen ditut.
Zeri buruz?
Denetarik. Egin izan dugu Bermeoko ur hargune guztien inbentarioa, eta idatzi ditugu txostenak gas usaina hartu dugunean nonbait, edo isuriak egon direnean portuan. 1994an, ikusi genuen Bermeoko portutik mila tona Goma-2 garraiatzen ari zirela; edozein ustekaberekin, herri osoak egin zezakeen eztanda. Hogei kamioi Gernikako erdigunetik pasatu ziren lehergailuz beteta. Eta hori El Mundo-k argitaratu behar izan zuen, jo nuen beste egunkari guztiek ez zutelako argitaratu nahi, eta ez zuten nahi Eusko Jaurlaritzaren menpe zeudelako. Gaur egun, egunkariak Jaurlaritzaren menpe daude zeharo, jasotzen dituzten diru laguntzengatik, eta 1994an El Mundo-ra jo behar izan nuen, [hemen] ia irakurtzen ez den egunkari batera.
Jaiak dira Bermeon. Lanean ibili zarete?
Bai. Lehengoan, adibidez, sukalkia egin zen, eta kartoi batzuek su hartu zuten. Guk prebentziorako kamioi bat edukitzen dugu ondoan, eta atoan amatatu genuen, baina hiru minutu gehiago utziz gero, kontainerrek ere hartuko zuten sua, eta ondoko autoek.
Eredu hau beste herri batzuetara esportatu daiteke?
Jakina. Suhiltzaileak ez baldin badira herri batera hogei minutu baino lehen heltzen, eredu hau ipini beharko lukete. Eta udal teknikariak eta hirigintzakoak derrigortu beharko lirateke uholdeak, lur jausiak eta fatxadetako zatien erorketak konpontzeko neurriak hartzera. Utzikeria handia dago, eta batzuk legeaz baliatzen dira beren lana defendatzeko. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak hobeto prestatu beharko luke babes zibileko jendea. Ez ikastarotxo bat eman eta traje handi bat, eta bidegurutze batean eduki kotxeei pasatzeko baimena ematen. Gaur egun egiten duten prestakuntza oso arina da, eta, agian, ez bazoaz ikastarora, ez da ezer gertatzen. Hor udalek egin behar dute indar.
Zelan ikusten duzu etorkizuna?
Uste dut aldundia nire erretiroaren zain dagoela, eta ez duela nahi ikastarorik egin jende berriarentzat. Hau desagertzea nahi dute.
Zein da horren atzeko arrazoia?
Beldur irrazionala da, sindikatu batzuena eta zuzendaritzarena. Ez dut inoiz ulertuko kamioi eskaileradun bat ez uztea, jakinda batzuk erretiratu dituztela eta Bermeoko Alde Zaharrean beharrezkoa dela. Batzuek uste dute lanpostua kenduko dietela, baina suhiltzaile profesionalek ondo dakite gu haien lana osatzeko bakarrik gaudela.