Irakurleen Txokoan eta Antzerki Tailerrean izena eman daiteke
Irakurleen Txokoan izena emateko azken eguna urriaren 14a izango da, eta Antzerki Tailerrean parte hartu gura duenak irailaren 30era arte izango du aukera.
Beste urte batez, Bermeoko Udalaren Euskara Sailak Irakurleen Txokoa eta Antzerki Tailerra antolatu ditu. Bi horietarako izen emate epeak zabaldu dituzte. Irakurleen Txokoan izena emateko azken eguna urriaren 14a izango da eta Antzerki Tailerrean parte hartu gura duenak irailaren 30era arte izango du aukera.
Jakitera eman dutenez, aurten ere, Arrate Egaña idazlea izango da Irakurleen Txokoko dinamizatzailea. Hain zuzen ere, hilean behin, literaturan interesa duten pertsonak biltzen dira Irakurleen Txokoan; hilabete bakoitzeko hirugarren eguenetan batzen dira parte hartzaileak udal liburutegian, 18:30etik 20:00etara. Doan parte hartu daiteke eta liburutegira bertaratuta eman behar da izena edota 688 84 73 47 telefono zenbakira Whatsapp bat bidalita. Izena ematen dutenek, hurrengo hilabeterako liburua jasoko dute.
Aurten, zortzi liburu irakurriko dituzte eta euskal ekoizpenez gain, literatura unibertsala ere jorratuko dute, denak, baina, euskaraz idatzitakoak edo euskarara ekarritakoak. Urtean zehar, gainera, idazle batekin solasaldia ere egingo dute, “idazleen lana lehen eskutik ezagutzeko”.
Ekimen honen helburuak gogora ekarri dituzte: irakurzaletasuna sustatzea, euskaraz idazten duten idazleak eta euskarara itzulita dauden nazioarteko autoreen lana ezagutzera ematea, talde egonkorra lortzea, guztiok gustura egotea, eta partaideen eta dinamizatzaileen arteko konfiantza giroa sortzea.
16 urtetik gorakoentzat. Antzerki Tailerrak iaz egindako lanari jarraipena emango diola azaldu dute; eguaztenetan eskainiko da, 19:00etatik 21:00etara, Gizarte eta Kultura Etxean.
16 urtetik gorako antzerkizaleek parte hartu dezakete, eta Berhaz bulegoan edo 688 84 73 47 telefono zenbakira Whatsapp bat bidalita izena eman daiteke.
Besteak beste, honakoak landuko dituzte: gorputz eta ahots adierazpena, pertsonaiak, erritmoa, inprobisazioa eta testuak. Hori guztia ariketen bidez egingo dutela diote, eta landutako kontzeptuak eszenan praktikan jartzea ere badute asmo.