Izaro eta bere xehetasunak
Arrantzaleen Museoko erakusketak Bermeoko Izaro uharteko frantziskotarren komentuaren 600 urteak ezagutzera ematea du helburu nagusi, askotariko piezak erakutsiz.
Izaro uharteko frantziskotarren komentuaren sorreraren 600. urteurrena da Arrantzaleen Museoan ikusgai dagoen Izaro: Natura eta Historia erakusketaren ardatz nagusia. Bertan ikusgai jarri dituzte uharteko komentuak iraun zuen 300 urteetan gorde ziren pieza artistiko garrantzitsuenak. Anton Erkoreka eta Xabier Armendariz dira erakusketako komisarioak.
Erakusketa bisitatzen duten horiek askotariko piezak ikusteko aukera daukate, hala nola, tailu eta irudi erlijiosoak, pieza arkeologikoak edo margolanak… Horien bitartez, Izaro uhartearen alderdi desberdinak azaltzen dira, bere hastapenetik gaur egunera arte. Goiko solairuan kokatu duten erakusketa datorren urteko martxora arte bisitatu ahalko da, Arrantzaleen Museoaren ordutegian.
Bertan ikusgai dauden paneletako batzuetan uhartearen historia naturala ezagutzera bideratuta daude, bertako flora eta fauna, bai eta uhartea inguratzen duten itsaspeko hondoak ezagutzera ere, mendeetan hondoratu diren hainbat ontzi baitaude bertan.
Uhartearen lehen deskribapenen ostean, erakusketa bisitatzen duten pertsonek honako hauek ezagutuko dituzte: 1422an komentua sortu zeneko xehetasunak, Gernikan eta Bermeon Bizkaiko foruen zina egin ondoren Gaztelako errege eta erreginek egindako bisitak, komentuari lotu zitzaizkion zenbait pertsonaia garrantzitsu, 1596an kortsarioen eraso baten osteko suntsipena eta 1719an uhartea utzi eta Foruko komentura joan zirenera arte jasan zituzten zailtasun handiak.
Jakitera eman dutenez, erakusketan ikusgai dauden piezak Elantxobeko Parrokiatik, Bilboko Euskal Museotik, Eleiz Museotik eta Bilboko Miserikordia Etxetik hartu dituzte; era berean, Bizkaiko Foru Aldundiaren Arkeologi Museoan egon ohi diren piezak ere badaude.
Bermeoko Izaro uhartea ezaguna da baita ere literaturan eta zineman. Gogorarazi dutenez, Izaroren «silueta mitikoak» hainbat autore inspiratu ditu, eta uhartearen inguruan literatura obrak, bilduma historikoak eta ikono kulturalak ehundu dira. Arrantzaleen Museoko erakusketan horientzako lekutxo bat ere badago.
Madalenetako teila
Madalen Egunagaz lotura dauka Izaro uharteak. Horregatik, Madalen Eguneko jaiaren nondik norakoen berri ere ematen du erakusketak.
Aurten, gainera, Madalen Egunean (uztailak 22), Izaro uhartearen ipar-ekialderantz dauden mugak berresteko uretara bota zuen teila ere «berezi» eta «sinbolismoz betea» zela adierazi zuen Aritz Abaroa Bermeoko alkateak. Frantziskotarren komentuko teila bat bota zuten, Izaroko komentuko teilarik gordetzen ez delako. Hala ere, data eta gertakari «esanguratsua» dela aipatu zuen alkateak: «600 urte ez dira urtero betetzen, eta Izaro eta bertako komentua esanguraz eta sinbolismoz betetako ondarea dira bermeotarrentzat».
Antolatzaileek azaldu dutenez, erakusketak iraun bitartean, horri buruzko jarduera desberdinak antolatuko dituzte: besteak beste, hitzaldi zikloa, Izaro uhartera bisita gidatuak Hegaluze itsasontzian eta erakusketari buruz prestatuko duten katalogoaren aurkezpena.