Pentatloi erakustaldia egin dute Nabarnizen
Udalak antolatuta, Karmele Gisasola Zelai III, Lucia Orbe, Ioritz Gisasola Zelai IV eta Xabier Zaldua kirolariek herri kirol erakustaldi bikaina egin zuten domeka arratsaldean (irailak 4), Nabarnizko plazan.
Hain zuzen, bi bikote misto osatuta pentatloia lehiatu zuten; Gisasolatarrak alde batetik, eta Orbe eta Zaldua, bestetik. Harri-jasotzen, giza proban, aizkoran, txinga-eroaten eta korrika aritu ziren zein baino zein gehiago, eta lehia nahikoa parekatua izan zen.
Udal arduradunek nabarmendu dute “giro polita” egon zela: “Eguraldi oso onagaz, giro polita egon zen; jendea pozik eta gustura egon zen. Gainera, herritik kanpoko jendea ere hurbildu zen erakustaldia ikustera, Aulestitik, adibidez. Gerizpe gehien zegoen lekuan egiteko antolatu ginen, jendea eroso egoteko eta baita kirolariek eurak ere”.
Herri kirolen zaletasuna badago Nabarnizen, eta udal arduradunek gogoratu bezala, hainbat modalitatetan Bizkaiko zein Euskadiko Txapelketak hartu izan dituzte herrian, bai eta txapelketetatik kanpoko saioak antolatu ere: “Urte askotan ibili gara zaldi eta gizon proben txapelketak antolatzen, baina, agian, beste modalitate batzuetan ez da saiorik egin urte askotan. Baina, iaz, esate baterako, pentatloia antolatu genuen, gizonezkoena izan zen, eta harrera ona izan zuen, jende asko batu zen, eta, horregatik, aurtengorako pentsatu genuen gizonezkoak eta emakumezkoak ekartzea”.
*ARGAZKIAK: NABARNIZKO UDALA