Espainiako gerra sufritu zutenak gogoan izan dituzte Mundakan
Txistu doinuekin hasi eta amaitu dute gaurko omenaldi xumea, eta lore eskaintza ere egin dute Alejandro Mallona Mundakako alkate ohiaren omenez eraikitako oroitarriaren aurrean.
Espainiako gerran fusilatutakoak eta hori sufritu zuten guztiak gogoan izan dituzte gaur Mundakan, Mallona Alkatearen parkean.
Hain zuzen ere, Alejandro Mallona Iza Mundakako alkate ohiaren omenez eraikitako oroitarriaren aurrean bildu dira Mundakako Udaleko ordezkariak eta Espainiako gerra sufritu zutenen senideak. Txistu doinuekin hasi eta amaitu dute gaurko omenaldi xumea, eta, ohi legez, lore eskaintza ere egin dute.
Mundakako alkate Irati Gondrak hitza hartu du ekitaldian, eta gogorarazi duenez duela 85 urte fusilatu zuten Mundakako alkate ohi Alejandro Mallona: “Gaurko egunez atxilotu eta fusilatu zuten, herria, kultura eta baloreak defendatzearren. Bidegabekeria izan zen”. Alkateak esan du ezin daitekeela ahaztu gertakarien zergatia, eta, oraindik ere, “gertakari horietako batzuk barkamenik barik” jarraitzen dutela gaineratu du.
“Urte batzuetara jakin genuen gauza bera edo antzekoa gertatu zitzaiola Marcelino San Antoni; arrazoi barik eta justifikazio barik, desberdin pentsatzearren”, esan du Gondrak. Hala, horregatik guztiagatik batu dira gaur Mundakan, era batera edo bestera, Espainiako gerra eta errepresioa sufritu zuten guztiak eta horien senideak omentzeko.
“Historian 85 urte ez dira asko, eta, oraindik ere, gauza asko argitzeke dauzkagu. Beraz, jarraitu dezagun lanean gure etorkizuna ereiten baina nondik gatozen ahaztu barik. Gure aurrekoek egindako lana eta sufritu zuten guztia ezin daiteke ahaztu. Gure herria eurengatik da gaur egun den modukoa, beraz, eskerrak eman behar dizkiegu egin zuten guztiagatik. Jarraitu dezagun aurrera begira atzekoa ahaztu barik”, adierazi Mundakako alkateak lore eskaintza egin orduko.