Gazteei zuzendutako lehiaketa honetan euskararekin lotutako istorioak sortu behar dira. Sormen lanak urriaren 5a baino lehenago aurkeztu behar dira.
Udalerri euskaldunetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako ARNASETIK bideosormen lehiaketa martxan da. Euskararekin lotutako istorioak kontatzeko gonbidapena luzatu diete Arnasa Garak–UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa–.
Adinaren arabera hiru kategoria bereiztu dituzte, eta gazteek lanak bakarka, lagunartean edo ikaskideekin aurkeztu ditzakete. Sormen lanak urriaren 5a baino lehenago aurkeztu behar dira.
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoek LHtik DBHra pasatzeak suposatzen dizkien “emozio, hizkuntza ohitura eta egoera berriak” jaso beharko dituzte, formatu librean (marrazkia, bertsoa, poema, bideoa, abestia…). “Izan ere, arnasgune gehientsuenak udalerri txikiak dira eta bertako ikasleek inguruetako ikastetxe handiagoetara jo behar izaten dute DBH mailako ikasketak egitera”, azaldu dute antolatzaileek.
DBH 1. eta 2. mailako ikasleek, berriz, youtuber estiloan bideo-tutorial bat egin beharko dute, Julen Portilloren bideo bat eredu izanik. DBH 3 eta 4. mailakoek Hiru Damatxok ekoiztutako bideoan agertzen diren galderei erantzuten dion bideoa sortu beharko dute, elkarrizketa irudikatuko duen formatu batean. Aipatu bi bideoak Arnasa Gararen webgunean daude ikusgai.
Sariei dagokienez, kategoria bakoitzean 500 euroko sari baliokidea egongo da, eta, horrekin batera, publikoaren saria ere banatuko dute; guztira 2.000 euro banatuko dituzte. 500 euroko sari baliokide bakoitza Irrisarri Land-en, Durangoko Azokako denda birtualean edo EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean trukatu ahalko dela jakinarazi dute, eta urriaren 28an Villabonan banatuko dituzte sariak.