Martxan dira Izarrako jaiak
Xixilitxikigaz batera eztanda egin dute aurtengo Izarrako jaiek. Egun osoko egitarauak prestatuta dauzkate gaurko eta biharko.
Zeruari begira eman zuten atzoko eguna Bermeoko erraldoi txikien taldekoek, baina 20:00ak iritsita, euririk ez eta Izarrako jaietako pregoia irakurri ostean, txupina jaurti zuten; Xixilitxikigaz batera eztanda egin zuten aurtengo Izarrako jaiek.
Hainbat izan ziren Izarrako frontoira bertaratu ziren ume eta gurasoak, eta Xixilitxikigaz eta KIETB taldeko kideekin batera dantzan aritu ziren. Kalejira txiki bat ere egin zuten Kix-Kix ile apaindegiraino, eta han Xixilitxikigaz atera zituzten argazkiak.
KIETBko kideak urduri zeuden jaiei hasiera eman aurretik, baina “oso pozik” zeudela zioten. Izarrako jaiak antolatzen egiten duten lanaren ostean, umeen “poz aurpegiak” eta “euren gozamena” ikustea “benetan pozgarria” da konpartsako kideentzat, hortaz “merezi” duela argi daukate; “etortzen diren guztiei eskerrak eman gura dizkiegu”. Konpartsak ordaintzen dituen jaiak direla diote, oraingoan, 600 euroko kostua izan dutela gaineratuta. Datorren urtera begira, diru laguntzak eskatzea pentsatzen ari dira. “Kalejirak egiten ditugunean jendeak borondateagaz laguntzen du, eta beste herri batzuetara erraldoi txikiekin mugitzen garenean ordaindu egiten digute; horregaz batzen dugu diru apur bat”.
Konpartsako kideak oso gazte hasi ziren, eta adina aurrera doan heinean, erraldoiak ere handiagoak egiten ari dira. “Ilusio handiagaz” dabiltza erraldoi handiagoak egiten.
2016an hasi ziren Izarrako jaiak antolatzen, eta “asko aldatu” direla azaldu dute; “oraindik ere etxeko jaiak badira ere, profesionaltasun apur bat hartu dute. Hobetzen joatea da asmoa”. KIETB bere lekua hartzen ari delako pozik daude.
Goiz eta arratsalderako egitarauak antolatuta dauzkate gaurko eta biharko.