EH Bilduk elkarretaratzea deitu du gaurko, "ura negozio bihurtzeagatik"
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa Santurtzitik Bermeoko portura itsasontziz garraiatzen dabil ur edangarria, "Busturialdean dagoen ur eskasiari aurre egin ahal izateko".
Bermeoko EH Bilduk elkarretaratzea deitu du gaurko. Dioenez, “Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) utzikeriagatik eta ura negozio bihurtzeagatik” herritarrak dira kaltetuak. “Lotsagarria” dela diote uda honetan Busturialdean uragaz gertatzen ari dena. Hala, Bertoko ure, hurreko ure. Negoziorik ez! lelopean, 19:30ean egingo dute elkarretaratzea, Lamerako harrizko bankuan.
Aurtengo beroaldiek lehortea eragin dute, eta ura aurrezteko eta Urdaibai Biosfera Erreserba babesteko, neurri bereziak indarrean jarri behar izan dituzte. Horien artean, hondartzetako dutxetako ura moztea, herriko iturrietako ur hornidura etetea, eta 00:00etatik 06:00etara etxeko uraren presioa murriztea. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa, gainera, Santurtziko portutik Bermeokora ur edangarria itsasontziz garraiatzen dabil, “Busturialdean dagoen ur eskasiari aurre egiteko”. Pedro Barreiro Ur Partzuergoko kudeatzaileak azaldu zuen prentsaurreko batean “ezohiko egoera bati erantzuteko ezohiko neurri bat” dela. Dutch Spirit ontziak Bermeo, Mundaka, Sukarrieta eta Busturia hornitzen ditu urez.
Polemika ugari. Operazioak 1,8 milioi euroko aurrekontua duela zehaztu zuten Partzuergoko arduradunek, baina horri BEZa kendu behar zaiola eta, Partzuergoak 1.497.000 euro ordainduko dituela gaineratu zuten. Partzuergoko arduradunen arabera, “irtenbiderik merkeena eta behin-behineko irtenbidea da”, eta benetako konponbidea beste bat dela nabarmendu zuten: “Arazoaren behin betiko irtenbidea izango da Zadorrako ura Mungiatik Bermeora ekartzeko hodia egitea. Konplexua da, eta denbora luzea eta inbertsio handia behar dira”. Oraingoz, lanaren diseinua esleitzeko prozesuan dago BBUP.
Uraren gaiak polemika ugari sortu ditu. Uraren kalitateagatik ardura agertu da, baita ere sare sozialetan agertu diren bideoengatik ere. Horietan ikusten da Dutch Spirit ontzia itsasora ura isurtzen. Hain zuzen ere, horri buruzko informazioa eskatzeko, Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzari zuzendutako galdera sorta erregistratu zuen abuztuan Eusko Legebiltzarrean.
Casanovak gogorarazi zuen giza kontsumorako uraren garraioa edateko ura garraiatzeko baino erabiltzen ez den zisterna-ibilgailu batean egin behar dela, uraren kalitatea aldatzen ez duen material egokiagaz, eta argi eta garbi seinaleztatuta egon behar duela indarrean dagoen araudiaren arabera. Hala, hainbat parametroren neurketen emaitzak eskatu zituen, baita indarrean dagoen araudia betetzeko itsasontzian hartu diren neurriei buruzkoak ere, garraioa egiten ari den itsasontzia kimikoak eta petrolioa garraiatzeko prestatuta baitago. Bestalde, Casanovak garraioan uraren aprobetxamendu faltari buruzko informazioa ere eskatu zuen.
Partzuergoko arduradunek prentsaurreko batean esan zuten osasun zerbitzuek beharrezkoak diren baimen eta oniritzi guztiak eman dituztela. Ontziaren isurketei buruz, bestalde, “proba bat” zela esan zuten, eta irudiak Santurtziko kaian hartuta zeudela. Bermeoko alkate Aritz Abaroak ere hitza hartu zuen BBUPak emandako prentsaurrekoan, eta herritarrei, “lasaitasun mezua” helarazi zien: “Hartutako neurriei esker eta, bereziki, ura itsasontziz garraiatuta, ez da beharrezkoa izango neurri murriztaile gehiago hartzea, eta uraren kalitatea guztiz bermatuta dago”.
Alternatibak. Bermeoko EH Bilduk salatu du EAJk uraren zerbitzua “negozio” bihurtu duela. Ura edukitzea eskubidea dela diote, eta ezin daitekeela saldu. “Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan uragaz enpresa pribatuek (Iberdrola, Acciona edo Aqualia,…) negozioa egiten dute; diru publikoaren %60 baino gehiago eskuratzen dute”, diote.
Koalizioak gogorarazi du ur defizitaren arazoa «aspalditik» datorrela, eta ura kudeatzeko eredu publiko bat aldarrikatzen dute, «herritarrek interes orokorreko zerbitzu gisa dituzten eskubideak errespetatuko dituena». Busturialdeko Ur Partzuergoagaz, Busturialdeko ura edaten zela gogoratu dute.
Irmoki salatu dute BBUPk ur edangarria Bermeora tangaontziz eramateko hartu duen erabakia, baita ere 2026. urterako Zadorratik hodi baten bidez ura ekartzeko daukaten asmoa. Alternatibak badaudela diote koalizioko kideek, “Oizeko hodia berritzea, beste baso kudeaketa bat (eukaliptoak kendu eta bertoko basoa sustatu), La Vega industria guneko putzua erabiltzea, turismo eredua birplanteatzea, ingurumen hezkuntza indartzea… Hortaz, alternatibak badaude ura, bertokoa, era jasangarrian lortzeko eta ez batzuen poltsikoak betetzeko. Herritarron osasuna eta segurtasuna kontuan hartu behar dira, eta gure harrobia zaindu behar dugu”.