Bermeoko Udalak mundubiraren 500 urteak ospatzeko azoka berezia antolatu du
Bihar hasi eta domekara bitartean, espedizioan parte hartu zutenen balentria ezagutzera eman gura dute, bertan egon ziren zazpi bermeotarrak nabarmenduz.
Bermeoko Udalak Elkanoren mundubiraren bosgarren mendeurreneko azoka antolatu du; bihar hasi eta domekara bitartean askotarikoak antolatu dituzte. Helburua da erakusketa, tailer eta dibulgazio hitzaldien bidez, Elkanoren espedizioan parte hartu zutenen balentria ezagutzera ematea, bertan parte hartu zuten zazpi bermeotarren lana nabarmenduz.
Juan de Akurio kultur guneak bihar, 12:00etan, zabalduko ditu ateak, eta ordu berean zabalduko dituzte ere ikusgai egongo diren lau erakusketak. Horietako bat munduari lehen birari buruzko ikus-entzunezko bat izango da, 30 minuturo eskainiko dute. Espezieen uharteetara iristea erabakita, munduari egindako lehen bira ekarri zuen “bidaia epikoa” gauzatu zuten pertsonen balentria jendeari hurbiltzea helburu duen Lehenak izan ginen. Magallanes, Elkano eta Munduari bira erakusketa ere bisitatzeko aukera egongo. Beste alde batetik, Atyla itsasontzira bisitak ere egin daitezke, gaur iritsiko da Bilbotik. XVIII. mendeko itsasontzietan oinarrituta dagoen itsasontzia da. Azkenik, Itsasoa eta bere irudiak izeneko erakusketak, bisitariak “hotz utziko ez dituzten irudi ikusgarriak” eskainiko dituela azaldu dute.
Zuzeneko musikaz ere gozatu ahalko dute bertaratutakoek, munduko musika desberdinak entzun ahalko dira inguruko taldeen eskutik. Gainera, hainbat produktu erosteko aukera eskainiko duen azoka ere jarriko dute Lameran bertan.
Tailerrak ere ez dira faltako; hala, txokolate eta buztin tailerrak egongo dira hiru egunetan. Eta, txikienek itsasoko ipuinak entzuteko aukera edukiko dute.
Asteburuan, gainera, udalarentzat izango den Akurioren figura landuko dute harrian, eta itsasoko grafitiak egingo dituzte, “modu desberdin batean”.
“Gure historiari buruz gehiago jakitea funtsezkoa da, eta azoka honek horretan lagunduko duela uste dut”, esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.
EGITARAUA:
BIHAR
12:00. Juan de Akurio kultur gunearen irekiera.
12:30. Itsasoko ipuinak umeentzat.
13:00. Atyla itsasontziari ongietorria.
17:00-20:00. Atylara bisitak.
17:00-20:00. Itsasoko ipuinak umeentzat.
19:00. Musika zuzenean: Pery Flay.
ETZI
11:00. Juan de Akurio kultur gunearen irekiera.
11:30-14:30. Atylara bisitak.
12:30. Itsasoko ipuinak.
13:00. Musika: Cigarette Break.
16:00-20:00. Atylara bisitak.
17:00. Itsasoko ipuinak umeentzat.
19:00. Musika: The Pelmax.
20:00. Itsasoko ipuinak umeentzat.
DOMEKA
11:00. Juan de Akurio kultur gunearen irekiera.
11:30-14:30. Atylara bisitak.
12:30. Itsasoko ipuinak.
13:00. Musika: Edu Basterra.
16:00-20:00. Atylara bisitak.
17:00. Itsasoko ipuinak umeentzat.
18:00. Musika: Carlos Velasco eta Hugo Silveira.
19:00. Itsasoko ipuinak umeentzat.