Migranteen gizarteratzea eta enplegagarritasuna bultzatzen duen proiektu solidario batean parte hartzen ari da Muruetako Udala
Udalak hitzarmena sinatu du Lurre Hurregaz eta Bertotik Elkarte Kooperatiba Txikiagaz.
Landa garapenaren bidez migranteen gizarteratze eta enplegagarritasuna bultzatzen duen proiektu solidario batean parte hartzen ari da Muruetako Udala. Hala, udalak Lurre Hurre eta Bertotik Elkarte Kooperatiba Txikia elkarteekin lankidetza hitzarmena sinatu du.
Udalak azaldu duenez, proiektu hori martxan jartzeko udalak hurrengo konpromisoa hartu du: urtebetez, Arondoko parajean udal gune edo instalazio bat lagatzea, eskualdeko ekoizle txikien beharrei erantzuteko lantegi bat sortzeko. Gogorarazi dutenez, Murueta landa eremuko herria da; hala, gizarte bazterkeria arriskua eta kalteberatasun maila handia daukaten migratzaileak nekazaritza ekologikoan eta hurbilekoan prestatzeko eta landare produktuak eraldatzeko mota horretako ekimen solidarioan parte hartzea erabaki du, “Busturialdeko garapen jasangarriaren esparruan jarduerak egiten diren eremuetan biodibertsitatea kontserbatzeari balioa emanez”.
Udal modura, “elkartasunaren eta konpromisoaren eredu” izan behar dutela uste du Muruetako alkate Julen Karrionek: “Legeriak ezartzen duenetik harago goaz, eta, ahal dugun neurrian, gizarteratzeagaz, tokiko enplegu politikekin eta gazte politiken plangintzagaz, antolaketagaz eta kudeaketagaz lotutako ekimenak bultzatzen ditugu. Boluntariotza sustatu gura dugu Muruetako udalerriaren eta bertoko biztanleen mesederako”.
Lanbidea eta gehiago. Jakitera eman dutenez, Lurre Hurre elkarteak migratzaileak gizarteratzearen alde lan egingo du, “landa garapenaren bidez, gizartean eta lanean parte hartu dezaten”. Gainera, proiektuan parte hartzen duten pertsonek nekazal lanbidea ikasteaz gain, euskal gizartean ezinbestekoak diren gaiei buruzko formakuntza jasoko dutela zehaztu dute, hala nola, herritarren eskubide betebeharrak, gizarte antolaketa eta elkarrekintza sozialak edo indarrean dagoen legedia. “Pertsona hauek gure gizarte sarearen partaide integral izatea ere bultzatuko da”, dio alkateak. Bestalde, Bertotik Elkarte Koopetariba Txikia erakusleiho aktiboa izango dela azaldu dute, produktuak (eskualdeko fruta eta barazkiak) zabaltzeko, sustatzeko, barritzeko, saltzeko eta banatzeko.
Alkateak dio landa garapena dela proiektu solidarioaren hari nagusia herritarren eta migratzaileen arteko lotura sortzeko, pertsona horien integrazioa sustatzeko eta etorkizuneko enplegurako prestakuntza emanez: “Lehen sektorea eta tokiko nekazaritza sustatzen dira, eta lan eremu honetan Muruetak asko dauka eskaintzako”.