Biodibertsitatea zaintzeko eta errespetatzeko deia
Andoni Bastarrikaren 'Lur Bizia' erakusketa hogei bat eskulturaren hautaketa da, eta irailaren 11ra arte doan bisitatu daiteke Ekoetxea Urdaibain.
Andoni Bastarrika (1970) Azpeitiko artista autodidakta da, duela hamarkada bat baino gehiago hareazko eskulturak sortzen hasi zena, eta haren obraren parte bat ikusgai dago irailaren 11ra arte Ekoetxea Urdaibain. 2020an Jatorria bildumagaz ailegatu zen zentrora, eta, oraingoan, Lur Bizia erakusketagaz egin du geldialdia.
Hogei bat obren hautaketa da Ekoetxea Urdaibain bildu dutena, eta mezu edo aldarrikapen argia egin gura izan du Bastarrikak: “biodibertsitatearen parte garela eta, beraz, zaindu eta errespetatu egin behar dugula gogorarazteko” bilduma da. Hain zuzen ere, azkenenego bi urteetan egindako hareazko bi eskultura errealista–krokodiloa eta dortoka– eta hogei buztin-lan daude ikusgai. Txakurrak, katua, tximinoak, tigrea, iguana… Animalia denak ere detailez beteta daude.
Bilduma honekin, egileak gogoratu nahi du “lurrak arima daukala, bizia daukala, bertan bizi garen aniztasun guztiak bezala”. Haren ustez, “gizakiak aniztasun horren parte gara, eta denok dakarkigu hori zaindu eta errespetatzeko eginkizuna eta betebeharra. Egiten ez badugu, amaiera tristea izango dugu”.
Hareak arte-sorkuntzan sartu zuela kontatu du, baina orain beste material batzuk ere lantzen ditu, beti ere, naturako elementu eta biztanleekin “elkarreraginean”; Land Art gustatzen zaio. Dioenez, bere lanen bitartez, “ingurune naturalak daukan garrantzia nahiz bere kontserbazioaren garrantzia transmititzea” interesatzen zaio. “Bere kabuz hitz egiten duten” lanen bidez bideratzen du mezu hau: “Gustatzen zait jendea bizitzea, gozatzea eta nik sentitzen dudan magiak erakartzea”.
Bastarrikak hainbat udatan jarraian hareazko eskulturak egin ditu San Antonio hondartzan, eta aurtengo uztailaren erdialdera errinozero erraldoia sortu zuen bertan, baita familientzako tailerra eskaini ere.