Esperientzia jasangarrietarako gida kaleratu dute
Balio jasangarriei loturiko baliabideak eta jarduerak eskaintzeko asmoz, 'Urdaibaiko bisorea' sortu dute. Bisitariei zein tokiko biztanleei zuzendutako web app formatuko esperientzia-gida bat da.
Esperientzia jasangarrietarako gida martxan ipini du Urdaibai Biosfera Erreserbak uda honetan: Urdaibai bisorea.
Web app formatuko bisorearen helburua da Urdaibaiko jardueren eta lurraldeko natura- eta kultura-ondarearen berri ematea, bai eta esperientziak planifikatzea ere, “erabiltzaile bakoitzari egokituta”.
Funtzionamenduari dagokionez, bisoreak Urdaibaiko mapa batean erakusten du norbere kokapena. Mapa horretan, ostatuak, jatetxeak eta garraiobideak zehaztuta egoteagaz batera, inguruan eskuragarri dauden jarduerak (bisita gidatuak, museoak, mendi-ibilaldiak, uretako jarduerak, kultura- eta gastronomia-jarduerak, eta abar) eta historiagatik nahiz natura- eta kultura-balioagatik interesgarriak diren lekuak ere ageri dira: hondartzak, basoak, ura eta fauna, tradizioak, ekoizleak, jaiak, ospakizunak… “Xehetasun erabilgarriak dira guztiak ere, inguruotako aberastasunaren ikuspegi globala izateko”, adierazi dute sustatzaileek.
Beraz, bisitariek zein tokiko biztanleek gehien interesatzen zaizkien esperientziak hautatu ahal izango dituzte, eta, hartara, “ibilbide pertsonalizatua” sortuko dute. Horretarako, galdetegi bat bete beharko dute, eta, erantzunen arabera, bisoreak “euren beharretara eta interesetara egokitutako planak” proposatuko dizkie.
Arduradunek azaldu dutenez, Turismo Jasangarriaren Europako Gutunagaz bat egin ostean, bisorea sortzeko “orpoz orpo” lankidetzan aritu dira Urremendi Landa Garapenerako Elkartea –Busturialdeko turismo-lankidetzarako erakundea– eta Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzua –Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendekoa–. Nabarmendu dute proiektu hau “urrats bat gehiago dela Urdaibai helmuga jasangarri modura posizionatzeko bidean”.
Diotenez, biztanleria “funtsezko elementua” da inguruneari bere horretan eusteko, “horiek gorpuzten dituztelako lekuaren nortasuna eta turismo-jardueraren zati bat”. Ondorioz, bisorea tokiko enpresentzako eta turismo-eragileentzako gune izango dela diote: “Euren eskaintza ikusteko moduko tokian ipintzeaz gainera, jasangarritasun-balioak eta ingurunearekiko errespetua transmititu ahal izango dituzte. Ildo estrategiko berari jarraituz, bisoreak balio jasangarriei lotutako esperientziak nabarmentzen eta lehenesten ditu”.
Bisorearen sortzaileek argi daukate helmuga turistikoetan, “puntako joera” bilakatu direla lurraldeko informazioa eskura ipintzen duten eta esperientziak pertsonalizatzeko aukera ematen duten tresna digitalak. Euren iritziz, “modu bisual eta erosoan” eskaintzen dute informazioa, eta, aldi berean, “laguntza polita” ematen dute herritarrek Urdaibaiko bazterrak “errotik” ezagutzeko.