Bertoko zaporeak protagonista, Mundakan
Euskal Jaiaren asteburuan askotariko ekitaldiak egin, eta jende asko batu da Mundakan. Marmitako txapelketa, gastronomia tailerrak umeentzat, dastaketak eta maridajeak eta bertoko produktuen salmenta egin dituzte.
Euskal Jaia ospatu duten asteburuan, Mundakan. Zapatuan marmitako txapelketa eta domekan Urdaibaiko Esentziak azoka. Asteburu borobila eduki dute mundakarrek.
Hala ere, barikuan murgildu ziren jai giroan. Mundakako abesbatzak eta herriko zenbait musikariren eskutik, abanerak egon ziren portuan.
46 kazola eta zortzi sari. Marmitako txapelketara 46 kazola aurkeztu zituzten zapatuan, eta Juan Manuel Etxebarriak jantzi zuen txapela. Eguraldia lagun, “giro ezin hobea” eduki zuten egun osoan. Epaimahaiaren puntu gehien lortu zituzten lehenengo zortzi sailkatuek jaso zituzten sariak: kamisetak, Mundaka Turismoren sortak, goxokiak eta diru-saria.
Arratsaldean, berriz, euskal dantzak, polkak eta bestelakoak dantzatzeko aukera eduki zuten Patxi eta konpainiaren saio gidatuan.
Atzo, berriz, txistularien eta erraldoien kalejiraren ostean zabaldu zuten azoka, 11:30ean; hogei erakusmahai baino gehiago ipini zituzten Talan. Eskaintza zabala egon zen udalak eta Urremendi Landa Garapen Elkartean elkarlanean antolatutako Urdaibaiko Esentziak azokan, eta salgai zeuden produktuekin dastaketak eta maridajeak eskaini zituzten, bertoko txakolin, gilda, gazta, antxoa, hegaluzea patea eta marmeladarekin. Urdaibaiko zein inguruko ekoizle gonbidatuen produktuekin osatu zuten eskaintza.
Irati Gondra Mundakako alkateak zehaztu duenez, ekoizleak “oso pozik” egon ziren “ia dena” saldu zutelako: “Giro ezin hobea egon zen, eta jendea oso pozik egon da. Udako agenda kultural eta gastronomikoak honegaz amaitu dira. Irailean ere jarraituko dugu gauzekin. Harrera oso positiboa eta arrakastatsua izan da; gauza asko egon dira uda guztian, eta jendeak harrera onagaz hartu ditu”.
Eskualdeko lehen sektorea “babesteko”, herriko aisialdi arduratsua “dinamizatzeko”, eta turismo iraunkor “desestazionalizatua” erakartzeko bitarteko bat da azoka, eta abenduan egin zuten lehenengoz. Uda izanda, aurrekoan baino jendearen joan-etorri gehiago igarri zuten. Gainera, desberdintasunak ere egon dira; izan ere, aurrekoa plazan egin zuten, leku mugatuagoan eta ez zuten dastaketarik ez tailerrik antolatu. “Horiek lagundu egiten dute. Dastaketan zein produktu ziren eta nondik zetozen azaldu zuten. Gabonetakoa azoka txikiagoa izan zen, eta produktuak ere desberdinak ziren, sasoian sasoikoa egoten delako. Hala ere, negukoan ere ekoizleek asko saldu zuten”, dio Gondrak.
Urdaibaiko Esentziak ekimenaren barruan, gastronomia umeei ere hurbildu zieten, gainera. Zapatu arratsaldean talo tailerra eman zuten, udaletxeko plazan, eta atzo, berriz, ogi eta izozki tailerrak egin zituzten frontoian. Harrera ona eduki zuten. “Dena bete zen, guztiz arrakastatsuak izan dira bai tailerrak bai dastaketak. Baliabideengatik eta zerbitzu ona emateko beti ere muga ipini behar da, baina, datorren urtera begira, denbora gehiago eta ume gehiago egoteko tailerrak handitu ahal badugu egingo dugu”, adierazi du Mundakako alkateak.