Abuztuko azken jaiak
San Bartolome jaietako ekintzez bete da asteburua Errenterian eta Errigoitin. V. Laida-Errenteria piragua zeharkaldian eta Kukainan batu ziren herritarrak Errenterian, eta, lehenengoz, herri bazkaria egin zuten Errigoitin.
Abuztua jai giroan agurtzeko aitzakia ederra eduki dute Errenterian eta Errigoitin. San Bartolome jaietako ekitaldietan batu dira herritarrak batean zein bestean; eguraldia lagun, ekintzaz betetako asteburua izan da.
“Inoizkorik eta jende gehien” batu da Errenteriako jaietan aurten Koldo Urkiza Jai Batzordeko kidearen berbetan. ”Jaiak oso ondo joan dira. Jende asko egon da, inoizkorik eta gehien. Gainera, aste bitartean izan dira festak, eta bertako zein kanpoko jende asko etorri da. Giro oso polita egon da eta oso pozik gaude”, dio antolatzaileak.
Gernikako osasun zentroko profesionalak arduratu ziren Errenteriako jaietako txupina botatzeaz, izan ere, eurek egiten duten lanari balioa eman gura izan diote jai batzordekoek zein herritarrek. Ana Lekona, Lourdes Urriolabeitia, Miriam Zabala, Leire Goikoetxea, Izaskun Alberdi erizainak, Esther Olarreta administraria eta Rakel Cenarruzabeitia unitate-burua izan ziren txupina jaurtitzeaz arduratu zirenak.
Behin hori eginda, askotariko kirol jarduerak izan dira protagonistak asteburuan. Txirrindulari lasterketa eta Elantxobe, Mundaka eta Isuntza arrau elkarteek Errenteriako V. Estropada lehiatu zituzten bariku arratsaldean.
Zapatuan, berriz, Aikido Arte Martzialen erakusketa, V. Laida-Errenteria piragua zeharkaldia eta kukaina egin zituzten. “Jendetza batu zen ekintza horietan ere. Ekintza guztietan parte hartzaile zein ikusle asko egon dira”, azaldu du Urkizak. Hain zuzen ere, 55 pertsonak parte hartu zuten piragua zeharkaldian, eta 31 izan ziren kukainan oreka mantentzen ahalegindu zirenak. “Oso polita izan zen”.
Jatekoa eta edatekoa ere ez da falta izan. Tortilla txapelketa egin zuten zapatuan, eta 11 koadrilak parte hartu zuten bertan; 24 tortilla aurkeztu zituzten, eta Pirulo izenekoa izan zen goxoena, Pantaleon eta Aliseren aurretik.
Jai batzordekoak “pozik” daude, jaiak antolatzen laguntzeko deia egin diete auzokideei: “Zenbat eta gehiago izan, gero eta ekintza gehiago prestatzeko gai izango gara”.
Errigoitin ere barikutik domekara bitartean egitarau zabalagaz gozatu dute Urira bertaratutakoek: umeentzako antzerki-zirkoa eta puzgarriak, karaokea, idi-probak, disko festa, bertsolariak, tortilla zein tute txapelketa…
Beste auzoetan herri bazkariak egiten dituztenez, aurten, lehenengoz, San Bartolome jaietan ere egitea erabaki dute, eta santuaren egunean bertan egin zuten, herriko gastronomia taldearen eskutik. “Lehenengoz egin da, eta auzokoak pozik geratu ziren. Oso ondo irten zen”, azaldu dute jai batzordeko kideek.
Esan dutenez, erromeriaren edo musika talderen bat topatzeko zailtasunak eduki dituzte aurten, eta horren ordez, dj-a eduki zuten: “Askotariko musika ipini zuen, eta herriko jende askok amaitu genuen dantzan”. Bestalde, “aspaldiko partez” idi probak ere lehiatu zituzten, eta “giro polita” sortu zen; jende nahikoa batu zen horiek ikusten, herrikoak zein kanpoko jendea elkartu zen, “gehienbat jende nagusia”.
Bertso saioak ere harrera ona eduki zuen; Arkaitz Estiballes eta Nerea Elustondo bertsolariek ordu eta erdiko saioa eskaini zuten: “Jendea gustura egon zen eurei entzuten. Eszenatokian hasi, eta gero txosna eta taberna ingurura hurbildu ziren, inguruan pasatzen ari diren gauzei buruz bertsotan”. Jai Batzordekoek esan dutenez, domekako tortilla eta tute txapelketetan aurreko urteetan baino “jende gutxiago” batu zen.
Balorazio ona egin dute antolatzaileek: “Bariku eta zapatu gauean jendeak ez zuen presarik eduki etxera joateko. Orokorrean gustura geratu gara; herri txikia da, jendetzarik ez da egon, baina herriko jendea egon ginen, Uria auzokoak eta inguruko auzoetakoak eta edarto pasatu genuen. Beti saiatzen gara adin tarte guztientzako eskaintza prestatzen eta herritarren parte hartzea ere bilatzen dugu, denen iritzia edo ekarpenak kontutan hartzen ditugu. Uste dugu egitarau polita osatu dugula”.