Elkano Itsas Herriak Ean egingo du geldialdia
Euskal Herriko itsas historiari buruzko erakusketa ibiltaria hartuko du Eak datorren astean, baina ez da itsasontzirik egongo.
Elkano Itsas Herria kultur zeharkaldiak itsas historia eta kultura zabalduko ditu Eako udalaren laguntzarekin datorren astean (uztailean Elkarrekin Elkano ikuskizuna eta Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik astronomia tailerra egin zituzten).
Elkano Itsas Herria Euskal Herriak itsasoarekin izan zuen harremana berreskuratzeko asmoz euskal kostaldea zeharkatzen ari den ibilaldi kulturala da, eta uda honetan, Gipuzkoa, Bizkaia eta Lapurdiko 25 herri bisitatzen ari da.
Eako egonaldiari dagokionez, erakusketa eta egitasmoaren informazio gunea Beletxen (moilan) egongo dira martitzenean eta eguaztenean (abuztuak 30 eta 31). Erakusketaren irekiera ekitaldia martitzenean egingo dute, 13:00etan, Iratxe Arriola Eako alkatearen eta proiektuaren sustatzaileen parte hartzearekin.
Egun horretan informazio puntua 20:00ak arte egongo da eta eguaztenean, ostera, 11:00etatik 20:00etara. Eguaztenean Antxoa lantzen tailerra emango dute, 12:00etan hasita.
Eakoa patatxarik gabeko (ontzia) geldialdia da, izan ere, ontziaren tamainarengatik ez da herriko portuan sartzen.
Erakusketak itsas kulturak euskal gizartearen garapenean izan duen garrantzia azpimarratzen du, eta udalerri bakoitzak egiten duen ekarpen historikoari esker, handitzen doa (horixe da bereizgarrietako bat). “Horrela, herri bakoitzaren kontakizun indibidualak Euskal Herriaren kontakizun kolektiboa indartzen du; era horretan, gogorarazten du itsas-mundua eta kultura euskal kostaldeak bere osotasunean partekatutako ondarea dela, eta honen kontakizuna ere partekatutako historia izan behar duela”, azaldu dute Elkano Itsas Herria kultur zeharkaldiaren arduradunek. Eari dagokionez, “herriaren lehen aipamena” jasoko du erakusketak: 1334. urtean, Martin de Urtubiaga marinel eatarraren parte-hartzea Kristobal Kolonen bidaian eta historikoki arrantzak izan duen garrantzia.
Bestalde, Elkano eta Euskal Herria. Nola egin zen posible lehen mundu bira liburua egongo da salgai informazio gunean. Euskal Itsas Museoak editatutako liburua da, Elkano Fundazioaren, Albaolaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta bertan azaltzen da zergatik izan zen euskaldun bat munduari lehenengo biraren kapitaina; “Alegia, ez zela ustekabekorik izan, baizik eta Euskal Herriko ontziteriak XVI. mendeko mendebaldeko merkataritza-ibilbideetan zuen hegemoniaren ondorio logikoa izan zela argitzen du liburuak”. Horrez gain, Euskal Herriko zeruaren planisferioa lortzeko aukera ere edukiko dute bertaratzen direnek. Lehen mundubiraren 500. urteurrenaren testuinguruan Aranzadi Zientzia Elkarteak, Elkano Fundazioa eta Kutxa Fundazioarekin lankidetzan, Euskal Herriko zeruaren lehen planisferioa osatu du, 43º-ko ipar latitudean kokatua eta oso-osorik euskaraz idatzia.
Irailean Mundakan. Irailaren 12tik 14ra, berriz, Elkano Itsas Herriak Mundakako geldialdia berreskuratzeko aukera izango du, ekainean bakarrik patatxaren bisita eman ahal izan zelako eguraldi txarraren ondorioz. Oraingoan, mundakarrek erakusketaz, informazio puntuaz eta jarduerez gozatzeko aukera izango dute.
Bi mundu kanta. Bestalde, ekainean Lekeition egindako geldialdian grabatutako Bi mundu kantaren bideoklipa estreinatu zuten uztailaren 29an Xabi Solanok eta Elkano Fundazioak.
Uda honetan euskal kostaldea zeharkatzen ari den Juanita Larando patatxa da bideokliparen protagonista, baita Kimua Dantza Kolektiboko, Oinkari Dantza Taldeko, Aukeran Dantza Konpainiako, Bizkargi Dantza Taldeko eta Kresala Dantza Taldeko dantzariak eta Euskal Herriko 2022 sueltoko txapeldunak. Gainera, Euskal Herriko hainbat musikarik parte hartu dute: Aritz Beristain (bateria), Aitor Zabaleta (baxua), Txus Aranburu (teklak), Zigor Lampre ( sampler), Iñigo Egia (perkusioa), Arkaitz Miner (sokak), Ander Sanjose (panderoa), Moonshine Wagoneko Lander eta Goiatz ( koroak).
Orain dela 500 urte Lekeition eraiki zen Trinidad ontzia (jatorrian Santa Catalina de Siena deitua), lehen mundubira emango zuen espedizioko ontzi-buruzagia. Victoriarekin batera, bidaiaren jatorrizko helburua lortu zuen bakarra izan zen, hau da, espezien jatorriko Moluka uharteetara heltzea lortu zuen.
“Elkanok munduari emandako lehenengo biran inspiratutako kantua da; euskaratik eta euskal herritarren ikuspegitik, aniztasunean, kultura trukaketan eta bidaia hura posible egin zuten pertsona guztien elkarketan jarri du arreta”, zehaztu dute.