Zubiaren bertoko paisaiak Mundakan ikusgai
Mundakako Juan Tribisarrospe Kultur Etxeko lehenengo solairuan ikusgai jarri ditu Enrike Zubia artista bermeotarrak bere azken lanak; uztailaren 31era arte bisitatu daiteke erakusketa.
Mundaka eta Urdaibaiko paisaia ugari ikusteko aukera dago egunotan Mundakako Juan Tribisarrospe Kultur Etxeko lehenengo solairuan; Enrike Zubia artista bermeotarra bere lanak erakusten ari da bertan.
Tamaina ugariko lanak eroan ditu Mundakara, nahiz eta handiak gutxiago diren. Uztailaren 15ean zabaldu zituen erakusketako ateak, eta orain arte, mundakarrak baino bermeotar gehiago bertaratu direla dio Zubiak.
Pintura akrilikoa erabiltzen du bermeotarrak bere lanak egiteko, eta paisaiak dira erakusketaren protagonista nagusiak. “Figura gutxi ekarri ditut. Lehen asko gustatzen ziren figurak eta tamaina handikoak, gainera. Gaur egun, aldiz, ez horrenbeste. Esan didatenagatik gogor egiten da etxean, esaterako, arrantzale bat sareak tiraka edo emakumeak kutxak tiraka ikustea. Jendeak lasaitasuna bilatzen du, eta paisaiek horretarako aukera handiagoa ematen dute. Honetan ere joera aldaketak daude”, dio Zubiak. Tamaina aldetik ere, gaur egun, tamaina txikiagoko lanak dira gehien nabarmentzen direnak, “etxebizitzak ere txikiagoak direlako”.
Berritasunak buruan. Gabon sasoian berriro ere Bermeon erakutsiko ditu lanak, eta Gernika-Lumon erakustea gustatuko litzaioke, bertako taberna batean izan ezik, ez baitu han erakusketarik jarri. “Gernikarako beste modu batera planteatu beharko nuke erakusketa, pentsatu beharko nuke zer eroan”.
Gauza berriak dauzka buruan, baina, dioenez, inoiz ez da momentua heltzen: “Andrazkoen figurak egin gura ditut, biluzik baina ez xehetasunetan sartuta, baizik eta abstrakturantz jota. Uretan dantzan egongo balira modura egin gurako nituzke, tamaina handian, gainera”. Hori du hurrengo erronka, eta Gabonetan Bermeon egingo duen erakusketarako prest edukitzea da Zubiaren asmoa. “Buruan daukazuna ez baduzu ateratzen, beste gauza bat egiten egon arren, beste hori daukazu buruan, eta hori ere ez da ona”. Aipatu du, badabilela horren inguruan gauza solteak egiten. Egunkariak gustuko ditu zirriborroak egiteko, sarri marrazten du horien gainean.
Erakusketa uztailaren 31ra arte bisitatu daiteke, honako ordutegian: astelehenetik zapatura, 18:30etik 21:00etara eta domeka eta jai egunetan, 12:00etatik 14:30era.