Santiago eta Santa Ana jaiak, lehengora bueltan
Pandemia aurreko egitarauak ia bete-betean berreskuratuta datoz Santiago eta Santa Ana jaiak Busturira, Kortezubira, Morgara eta Nabarnizera. Zegaz eta zelan gozatu ez da faltako egunotan.
Kortezubin, Morgan, Busturiko Axpen eta Nabarnizeko Lekerikan gogotsu daude Santiago eta Santa Ana jaietarako.
Busturiko Axpe auzora ere egun handiak datoz, Santiago eta Santa Ana jaiak ospatzen hasiko dira etzi, pala txapelketa eta Xaiborren diskofestagaz. Busturiko jaietako zinegotzi Itziar Zabalak esan du “poz handiagaz” daudela: “Sankristobalak oso ondo joan dira eta ikusten da jendea gogoagaz dagoela. espero dugu Axpeko jaietan ere parte hartzea handia izatea”. Herriko nagusienentzako jaiak “garrantzitsuak” izaten direla aipatu du, “gazteek izan dituzte eta, beste jai batzuetaz disfrutatzeko aukera”.
Auzo guztietan jaiak ospatzen dituzte, eta auzo bakoitzak bere berezitasunak dituela dio Zabalak, Axpen, esaterako, sukalkia “garrantzitsua” da, eta baita ere karrozen desfilea, “nahiz eta erreleboa hartzea kostatzen ari den”. Axpen, herri kirolak ere ezin direla falta dio Zabalak. Hala, emakumeen pentatloi txapelketa eta gizonen pentatloi erakusketa, pilota partiduak eta idi probak sartu dituzte egitarauan; “jende asko erakartzen dituzte”.
Sankristobalak jende gazteagoari zuzendutako jaiak dira, Santiago eta San Ana Jaiak, berriz, “helduagoentzat edo bertokoentzat” gehiago eginda daudela dio zinegotziak.
Santiago Egunean Bizkaiko Opena esku pilota eta pala txapelketa lehiatuko dute, 18:00etan hasita. Emakumezkoen pala txapelketan Lea Ibarra Motrollo klubeko bi bikote ariko dira; Janire Arrizabalagak eta Olatz Beitiak Naroa Martinezen eta Enara Anituaren kontra jokatuko dute. Gizonezkoen esku pilota partidua bi bikote hauen artean erabakiko da: Aimar Okamika-Aingeru Bernaola eta Koldo Enbeita-Gaizka Izurieta.
Kortezubiko Udalak ere Santiago eta Santa Ana jaietarako egitarau zabala prestatu du. Herri kirolak, musika eta ohiko tortilla txapelketa eta pilota partidak izango dira nagusi. “Murrizketak bizi izan ditugu azken urteotan pandemiagatik, eta gogorrak izan dira guztiontzat; horregaitik, aurton ilusioz itxaroten ditugu jaiak. Inoiz baino gogotsuago prestatu dugun egitarauan herri kirolak eta musika ez dira faltako. Aurten, gainera, elizako organo harmonikoa zaharberritu dugu, eta jaietan berriz entzuteko aukera izango dugu”, azaldu du Kortzeubiko alkate Karmele Enbeitak. Bbihar iluntzean hasi eta astelehenera bitartean, atsedenik hartzeko denborarik ez dute edukiko kortezubitarrek.
Morwest jaiak
Aurreko urteetan egin modura, Morga westerm giroan jantziko da aurten ere, herritarrak mozorrotzeaz gain, herria ere apainduko baitute. “Hamar bat urte dira Morwest jaiak egiten ditugula; lehen urtero gai bat aukeratzen zen, urtez urte gaia aldatzen zen. Baina lan handia suposatzen zuen, eta gainera, kasualitatez beti euria egiten du, eta dekoratua kartoiagaz egiten zenez, busti egiten zen. Aurten kartoiagaz egin beharrean, dekoratua oihalekina egitea pentsatu dugu, beste era batera”, dio Mari Tere Artetxe Barrena Morgako alkateak. Dena ondo irtetzeko eta “polito ipintzeko” herrian “ilusioa” igartzen du, eta jaiak antolatzen herriaren partaidetza “handia” dela azpimarratu du: “Horrek esan gura du gogoekin gaudela denok zeozer egiteko eta ondo pasatzeko”.
Santiago bezpera izango da Westerm zein sukalkiaren eguna, baina bihar gauean hasiko dituzte jaiak. Alkatearen berbetan, Puro Relajok “jende asko” erakarriko duela uste dute: “Segurtasun neurriak mantentzen saiatuko gara, baina aire librean izango denez, lasaiago gaude. Ea ostera ere denok elkartzen bagara, eta apurka-apurka normaltasunera joaten bagara. Badakigu COVID-19aren gorakada dagoela berriro ere, baina pixkanaka-pixkanaka lehengo ohiturak eta ospakizunak hartzen joan behar dugula uste dugu”.
Maleta lasterketa, bueltan
Nabarniztarrak, berriz, Lekerikan elkartuko dira astelehenean. “Bi urtetan ez dugu ezer egin, eta animo handia dago jai batzordearen partetik”, esan du Esti Arzaa Iluntzar Jai Batzordeko kide eta udaleko zinegotziak.
Egitarauari dagokionez, maleta lasterketa berreskuratu dute aurten: “Aspaldi ez da egin, txinga eroatearen antzekoa da, baina maletekin”. Plazan egingo dute; parte hartzaileek bi maleta arropaz beteta eroango dituzte, ibilbide erdian geratu, maleta zabaldu eta arropa bat jantziko dute, gero berriro maleta itxi eta plazaren beste aldera joan, horrela maletako arropa guztiak soinean jantzi arte.
Bestalde, eguerdiko Illuntzar Mendi Lasterketa Urdaibai Koparako puntuagarria izango da. Lehenengo emakumeak eta gizonak txapela eta 100 euro irabaziko ditu, bigarrenek 80 euro eta hirugarrenek 40 euro.
Maleta lasterketako irabazleak, berriz, 85 euro jasoko ditu, bigarren sailkatuak 65 euro eta hirugarrenak 50 euro. Paella Txapelketan, ostera, lau sari banatuko dituzte: 120 euro eta txapela irabazlearentzat, 80 euro bigarrenarentzat, 70 euro hirugarrenarentzat eta 60 euro laugarrenarentzat.
Antolatzaileek azaldu dute aurten udalak ipiniko duela jaietarako beharrezko azpiegitura (eszenatokia eta txosna); orain arte jai batzordea arduratzen zen horretaz.