Bertoko azoka txikien "korridorea" bultzatu guran
Elantxobeko, Eako, Ibarrangeluko eta Ispasterko zenbait ekoizle eta kontsumitzailek sarea osatu dute. EIEI Elikadura Korridorea osatzen dutenen helburuetako bat da modu tradizionalean eta jasangarrian ekoiztutako lehenengo sektoreko produktuak zein auzolana, herritarren eta herriko taldeen elkarlana eta parte-hartze aktiboa "balioan jartzea".
Bertokoa kontsumitzearen garrantziaz nahiz lehen sektoreak inguruan dituen mehatxuez jakitun, elkartu dira Elantxobeko, Eako, Ibarrangeluko eta Ispasterko zenbait ekoizle eta kontsumitzaile. Sarea osatu dute, EIEI Elikadura Korridorea. Herritarren topalekua eta parte-hartze “kolektibo-aktiboa” bultzatzea dute helburu, “EIEI Elikadura Korridorea izango den herrietan komunitate-nortasuna sendotzeko bidean”, baita modu tradizionalean eta jasangarrian ekoiztutako lehenengo sektoreko produktuak zein auzolana, herritarren eta herriko taldeen elkarlana eta parte-hartze aktiboa “balioan jartzea” ere.
Berton ekoiztutakoa berton kontsumitzea “posible dela” aldarrikatzen dute, eta euren herrietako bizilagunei informazioa eman gura diete eta bertokoa kontsumitzera bultzatu gura dituzte. “Zoritxarrez, gaur egun nekazari jardun tradizionala asko urritu da, saldu eta erosteko bideak eta kontsumo usadioak asko aldatu eta masifikatu dira, eta horren ondorioz, betiko azokak ere desagertzeko arriskuan dagoz. EIE Elikadura Korridorearen bitartez, Elantxobeko, Ibarrangeluko, Eako eta Ispasterko zein inguruko nekazariei, arrantzaleei eta artisauei bertoko kontsumitzaileekaz zubia egiteko modua agindu gura diegum euren produktuak ezagutarazteko eta saltzeko. Lehenengo pausoa egin dugu; gure helburua da udarako hemen egiten dugunaren berri ematen duen katalogoa kaleratzea”.
Elantxoben aurkeztu zuten atzo iluntzean [uztailak 18], eta orain, herriz herri zabalduko dute, nork bere herrian banatuko du. Eskuorrian ekoizleen eta denda txikien zerrendak sartu dituzte, baita lau udalerrietan egiten dituzten azoka txikien datak ere. Hain zuzen ere, esan dutenez, denda txikien “filosofia horregaz bat egin” gura izan dute: “Gure premiak ardazteko gutxieneko gaitasun hori behintzat badaute, eta hor daude. Guk geuek ez baditugu zaintzen, desagertuko dira, baina gu ere desagertuko gara”.
Proposamenak. Lau udalerrietan urtean zehar “azokak txandakatzeko eta eskutik eskurako banaketa zehatzak” antolatzeko asmoa daukate. Era berean, kontsumitzaile taldeak bultzatuko dituztela azaldu dute, ekoizleekin “hartu-eman zuzenaren bitartez”, behar dituzten elikagaiak eskuratzeko.
“Herri txikiek badaukate beste modu bat aukerak sortuarazteko. Bertokotik, hurbiletik kontsumitu dezagun, ganoraz ekoizten dutenena kontsumitzen dezagun. Gure herri txikietan, gure komunitate txikietan guk landu behar ditugu ideia hauek edo bestela koordinazio handirik barik gabiltza beharrean”, azpimarratu dute. Herritarren eta ekoizleen arteko etengabeko harremana indartzeko “akuilu” izan gura du bertoko azoken korridore honek.
“Herri txikiek badaukate beste modu bat aukerak sortuarazteko”
Errigora eurentzat eredu dela diote: “Posible bada Nafarroako berdurekin hemen dagoenagaz ere antzeko zeozer egin genezakeela pentsatu genuen”. Hain zuzen ere, filosofia hari helduta, Ean okelagaz hasi ziren, Bedaronako baserri bateko okela saltzeko Bedarokela proiektua sortu zuten, eta hiru hilabeterik behin egiten dute banaketa. Gaur egun, Bedarokelan, 95 pertsona daude: “Hori guretzat indarra da. Bestalde, gure azoka ere beti saiatu izan gara bertokotzen–hain zuzen ere, Eakoa Bertoko Azoka izenagaz egiten dute–”. Bedarokela banatzen dute Bertoko Azokan eta bertako baserritarren eta ekoizleen produktuak ere salgai egoten dira: “Beti sartzen dugu bertoko zer edo zer, bertoko diogunean, 9 km inguruan esan gura dugu”.