Karmen egun eguzkitsua daukate gaur Busturialdean
Elantxoben, Bermeon eta Gautegiz Arteagan ospatzen ari dira gaur arrantzaleak babesten dituen santuaren omenezko eguna.
Karmengo Ama Birjina arrantzaleen babesletzat hartzen da tradizio katolikoan, eta esaterako, elantxobetarrentzat gaurkoa egun berezia dela esan du Elantxobeko alkate Patxi Egurrolak: “Arrantzari lotutako herria gara, arrantzatik bizi izan gara. Orain beheraka badoa ere, presente daukagu. Jubilatutako arrantzale asko daude herrian, eta beste itsaso batzuetan arrantzan ari diren herritarrak ere baditugu”.
Itsasoan hasi dute gaur eguna, estropadekin, hain zuzen ere; Elantxobe eta Mundaka ibili dira arraunean. Eguerdian, eguzkitik babestatuta, Tinglaupin egin dute meza nagusia. Meza amaituta, Karmengo Amaren omenezko prozesioan hurreratu dira Kurtzeko moilara. Hara iritsita, herritarrek eskuetan zituzten hortentsiak uretara bota dituzte. Batik bat itsasoan hildakoak izan dituzte gogoan.
Jarraian, sardina erreak dastatzeko tartea hartu dute, eta eguzki azpitan izerditan blai aritu dira Urtza Herri Kirol taldekoak, herri kirolen erakustaldia eskainiz.
Zapatua da eta eguraldi ona daukate gaurkoan; horri elantxobetarren ondo pasatzeko gogoa gehituta, giro ezin hobea dago kostaldeko herri txikian. Goiza joan da, baina oraindik ere ordu asko dauzkate aurretik Karmen Egunaz disfrutatzeko. 15:30. Arroz-Lapakaz txapelketa daukate orain, 15:30ean hasita. 18:00 etan, ume eta gazteek karsekin ondo pasatzeko aukera edukiko dute, ermitzan. Ondoren, 20:00etan, Los Gavilanes mariatxiak ibiliko dira herrian, tabernarik taberna mexikanadak abesten.
Karmen Egunagaz datorren barikuan (uztailak 22) herrian goi goitik ospatuko duten Madalen Eguna berotzen hasi dira Elantxoben.
Gautegiz Arteagako Zendokiz auzoan ere jai eguna dute gaur. 12:00tako mezaren ostean, dantzak eta erromeria izan dituzte jai eguna girotzeko.
Bermeotarrak ere Karmen Eguna ospatzen ari dira gaur, Mañu auzoan dabiltza Karmen Jaiak ospatzen. Atzo arratsaldean murgildu ziren jaietan, eta gaurko eta biharko ere egitarau zabala daukate prestatuta. Arratsaldean herri kirolen txanda izango da Bermeoko auzoan, aizkolariak eta harrijasotzaileak egongo dira lehian. Eguna zaldi probekin amaituko dute, 21:30ean.
Biharko Mañuko egitaraua:
11:30. Herriko hildakoen aldeko meza.
12:30. IV. Patata Tortilla Txapelketarako izen ematea.
14:00. Patata tortillen aurkezpena.
16:00ak inguruan. Patata Tortilla Txapelketaren sari banaketa egingo da. Ezinbesteko baldintza da tortilla plazan bertan egitea.
20:00. Erromeria egongo da trikitilariekin. Nahi duenarentzat bakailoa banatuko dute antolatzaileek.
20:30. Zaldi probak.
Ondoren. Zaldi proben sari banaketa, nekazalturismoan egonaldi baten zozketa eta jaien amaiera.