Arte eszenikoekin datoz Urdaibaiko Organoak
Uztailaren 16tik abuztuaren 15era 11 emanaldi eskainiko dituzte Busturialdeko zazpi udalerritan, eta iaz pandemiagatik eten ostean, bueltan dira bisita gidatuak. Aurtengo kontzertu zikloan Jose Mari Uribe eta Josu Soldavilla omenduko dituzte.
Berrikuntza nabarmenagaz aurkeztu dituzte 2022ko Urdaibaiko Organoak, gaur [uztailak 15]: aurtengo edizioan organo doinuekin batera, arte eszenikoak izango dira protagonista. Zine mutuak, dantza barrokoak, balletak, poesiak eta paisaia-erakusketak lagunduta egingo dituzte zenbait emanaldi.
Bihar Mundakan hasi eta abuztuaren 15ean udalerri horretan emango diote amaiera kontzertu zikloari. Doako 11 kontzertugaz osatu dute egitaraua. Bermeokoa 20:30ean hasiko da, gainontzeko denak 20:00etan. Musikariak Busturialdeko zazpi udalerritan ariko dira; Gainera, iaz pandemiarengatik bisita gidatuak eten zituzten, eta horiek berreskuratuko dituzte aurten–parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da Urdaibaiko Organoak webgunean–.
Bi omenaldi egingo dituzte; Jose Mari Uribe omenduko dute domekan, Lumon, eta Josu Soldavilla konpositore, zuzendari eta organo-jotzailea abuztuaren 13an, Muruetan. “Lumoko organoa pasadan urtean berritu zen, eta horren atzean elkarte eder bat egon zen, eta bertako kideetako bat izan zen Uribe”.
Benantzi Bilbao Urdaibaiko Organoak kontzertu zikloaren koordinatzaileak eta organo-jotzaileak kontzertuen xehetasunak azaldu ditu, eta zehaztu du aurten “inoiz baino bisita gidatu gehiago” antolatu dituztela: “Jendeak eskatu egiten ditu”.
Alize Mendizabal musikari donostiarrak eta Lapse Mundakako dantza taldeak zabalduko dute aurtengo zikloa bihar, Mundakan. Besteren artean, Jesus Guridiren Eusko Irudiak obraren moldaketa egiteko eskatu diote Mendizabali, eta Lapse Mundaka Katillotxu Emakume Elkarteko Dantza eta Gorputz Adierazpen taldeko kideekin ariko da Andra Mariaren eleizan.
Domekan Lumon ariko den Matias Sagreras argentinarrak zikloan parte hartzeagatik “zorte onekoak” direla esan du Bilbaok: “Gureak herri txikiak dira, eta ez dauzkagu handien indarra eta baliabide ekonomikoak, baina beste bide batzuetatik musikari ederrak ekartzea lortzen dugu. Benetan pozik gaude”.
Era berean, Matthias Haarmann organo-jotzaile ospetsua ere Urdaibaiko Organoetan egongo da; Joseph Frank “Buster” Keaton zuzendari estatubatuarraren The General pelikula mutuarekin musika inprobisatuko du Gernika-Lumoko Andra Mari elizan (uztailak 31). “Zine mutua organoagaz egiten zen. Ingalaterran zinea hasi zenean, teatro guztietan pianoagaz edo organoagaz lagunduta egiten zituzten emanaldiak. Gaur egun ere organoak daude hango teatroetan”.
Datorren astean Ibarrangeluko San Andres elizan, berriz, ipuin-musikatuaz gozatzeko aukera egongo da: Sergei Prokofiev konpositorearen Pedro eta Otsoa. Gurutze Beitia aktorea izango da narratzailea, Josep Berenguer diseinatzailea eta Javier Artigasek eta Benantzi Bilbaok organoa lau eskutara eta hankatara joko dute. Bermeon ere ariko da Bilbao, Malagako Orkestra Sinfonikoaren kide diren Jose Antonio Gonzaga eta Pedro Cusac oboe-jotzaileekin batera. San Frantzisko elizako organoa erromantikoa bada ere, musika barrokoa eskainiko dutela aurreratu du Bilbaok.
Arratzuko armonioagaz egingo dutena izango da abuztuko lehenengo kontzertua, Jesus Perezek joko du, eta Esther Ballesteros sopranoa izango du alboan. “Altxorra da; Bizkaiko armonio zaharrenetarikoa da, 1845eko da. Gutxitan ikusi dut halako armonio handi-handi bat”. Bestalde, Muruetan poesiak eta musikak bat egingo dute. Bilbaoren doinuekin lagunduta, Patxo Telleria aktoreak euskal olerkiak irakurriko ditu, besteak beste, Gorgonio Renteria elantxobetarrarenak, Joxe Manuel Etxeita mundakarrarenak, eta Kepa Enbeita muxikarrarenak. Horrez gain, argazki artistikoak proiektatuko dituzte.
Aitziber Ansotegi Urremendi Landa Garapen Elkarteko kudeatzaileak jaialdiak eskualdeari ematen dion bizitasuna nabarmendu du: “Kultur egitarauari beste aukera bat ematen dio, aukera oso desberdina, eta jarraitzaile mordoa ditugu, hitzorduaren zain egoten direnak”.
Lorea Bilbao kultura diputatuaren berbetan, “arte guztiak batzea”, organoen eta armonioen inguruan gainontzekoei ere tokia egitea “gauza polita” da: “Proiektuak zenbat eta sendoago egiten ditugun eta zenbat eta sinergia gehiago sortzen ditugun, gero errazagoa izaten da publiko zabalagoarengana heltzea. Zenbat eta gehiago elkartzen diren, errazagoa da ezagutzen ez duzun hori ere ezagutzera hurbiltzea”.
Bestalde, Bilbaok Kortezubiko Udala zoriondu du bertako organoa zaharberritu dutelako; aurtengo zikloan ez dute bertan kontzerturik emango, baina bisita gidatua egingo dute hilaren 26an: “Aurten ere lortu dugu beste instrumentu bat errestauratzea, luxua da. Muruetan, Arratzun eta Muxikan ere badira zaharberritzeko premia daukatenak. Bizkaian bospasei organo barroko ditugu eta horietako bat da Muxikako San Bizente Martiriaren elizakoa”.
Musikarien zein horiek eskainiko dituzten kontzertuen, bisita gidatuen eta bestelako informazioa Urdaibaiko Organoak webgunean dago ikusgai.
KONTZERTUEN EGUTEGIA
- Uztailak 16 (Mundaka). Alize Mendizabal (organoa) eta Lapse Mundaka (dantza)
- Uztailak 17 (Lumo). Matias Sagreras
- Uztailak 23 (Ibarrangelu). Cor de Nuit Trio eta Gurutze Beitia aktorea
- Uztailak 25 (Gernika-Lumo). Ana Aguado (organoa) eta Eva Narejos (dantza)
- Uztailak 26 (Axpe-Busturia). Marco Orsini-BresciaÇ
- Uztailak 30 (Bermeo). Jose Antonio Gonzag eta Pedro Cusac (oboe) eta Benantzi Bilbao (organoa)
- Uztailak 31 (Gernika-Lumo). Matthias Haarmann
- Abuztuak 6 (Arratzu). Jesus Perez eta Esther Ballesteros (sopranoa)
- Abuztuak 7 (Axpe-Busturia). Paolo Bougeat
- Abuztuak 13 (Murueta). Patxo Telleria eta Benantzi Bilbao (musika eta poesia)
- Abuztuak 15 (Mundaka). Michael Utz
BISITEN EGUTEGIA:
- Axpe-Busturia: uztailak 20, 11:00etan. (haurrak bakarrik)
- Bizkaiko Eleiz Museoa (Bilbo): osteguna 21, 11:00etan.
- Kortezubi: uztailak 26, 11:00etan.
- Axpe-Busturia: abuztuak 2, 11:00etan.
- Mundaka: abuztuak 3, 19:00etan.
- Ibarrangelu: abuztuak 4,11:00etan.