Herria denona delako, zaindu
Herriko garbitasunagaz lotutako 'Zeurie be bada' sentsibilizazio kanpaina aurkeztu du Bermeoko Udalak. Garbitasunean "herritar denen konpromisoa" lortu behar dutela gogoratu du Aritz Abaroa alkateak.
Zeurie be bada sentsibilizazio kanpaina aurkeztu dute Aritz Abaroa Bermeoko alkateak eta Idoia Platas zinegotziak gaur goizean [uztailak 13], Goiko plazan. Garbitasunarekiko sentsibilizazioa eta inplikazioa bilatzen dutela nabarmendu du Abaroak, hau da, “herritar guztiak inplikatu behar direlako herri garbi eta txukun bat lortzeko”. Herritarrengan kontzientzia piztu gura dute: “Bermeotar modura gure eginbeharra delako gure herria zaintzea, denon ondarea zaintzea”.
Kanpaina aurkezteko eskuorriak banatuko dituzte etxerik etxe, eta pipak saltzen dituzten establezimenduetan azalak botatzeko poltsak banatuko dituzte, horiek saltzean dendariek kontsumitzaileei emateko: “Argi dago horrek ez duela arazoa konponduko, baina kontzientzia piztea bilatzen dugu”. Kanpaina gaur ipini dute martxan, eta datozen hilabeteetan, “publiko eta eragile desberdinei zuzenduriko” hainbat ekintza egingo dituzte. Gazteentzako kontzientziazio ekintzak, ostalari eta merkatariekin lan egingo dute, eta txakurren jabeekin ere lanketa egingo dutela azaldu du Abaroak. “Izan ere, erantzukizuna eta betebeharra eta jarrera egokiak izateko ardura denona da, gazteenetatik hasi eta nagusienetara arte. Herrian bizi garenak eta herria bisitatzera datozenak, denok daukagu ardura hori”.
Garbitasuna eta herri txukun bat lortzea helburu estrategiko bat izan da udal gobernuarentzat, eta izaten segituko duela azpimarratu du Bermeoko alkateak: “Horretan konprometitu ginen, eta horretan lanean ibili gara urte guztiotan; ahalegin bereziak egin ditugu”. Esan duenez, gainera, herritarrek garbitasunarekiko kezka agertu diete egindako inkestetan: “Denok argi ikusi dugu garbitasuna lehentasunezko kontu estrategiko bat izan behar dela, eta horretan lan egiten segituko dugu neke barik, eta beti ere, helbururik onenak lortzeko konpromisoagaz”.
Azken urteotan herri garbia izateko bidean emandako pausoak gogoratu dituzte gaurko agerraldian: edukiontziak berritzea eta horiek garbitzeko sistema ipintzea, makina berriak eta lanerako prozedura berriak ezartzea, hidrogarbigailu batekin garbiketa bereziak egitea… Hartutako neurriek emaitzak ematen dituela zehaztu du Abaroak, eta era berean, esan du gutxika-gutxika hobetzen joan behar duten zerbitzu bat izan behar dela. “Baina argi dago garbitasunean denon konpromisoa lortu behar dugula. Erakundeetatik, udaletik, baliabide eta zerbitzu onenak ipini behar ditugu martxan, eta horretan behar egingo dugu etenbarik”.
Aurten ere garbiketa makinak berrituko dituztela azaldu du, makinak “eraginkorragoak” izan daitezen, eta “emaitza hobeak” eman ditzaten: “Baina hori ez da nahikoa; Bermeo denona da, eta denok ulertu behar dugu Bermeo gure etxea dela, eta, beraz, zelan onartu eta egingo ditugu gure etxean egingo ez genituzkeen gauzak: zigarro-puntak behera bota, etxeko horman pintadak egitea, zaborrak ontzietatik kanpo bota, txakurren kakak eta txisak batu barik uztea…”. Ahalik eta hondakin gutxien sortzeko zein modu egokian birziklatzeko, herritarrek “jarrera proaktiboa” izatea eskatu du alkateak.